Pentsaera kritikoa lantzeko lanabesak

Kritikoki pentsatzea ez da sortzetiko gaitasun bat, bibolina jotzen birtuoso izatea ez den bezela. Gure entzefaloak akats mordoa egiten ditu, gehien bat erresistentzia gutxieneko bidea hartzen saiatzen delako; laburbidea, alegia. Gainera, gehienok garena baino pentsalari hobeak garela uste dugu.

Badago konponbidea, zorionez, hobeto pentsatzen ikas baidezakegu. Lan horretan zu laguntzeko idatzi dut gidatxo hau, hain zuzen.

Eszeptizismoa da bidea

David Hume filosofo eskoziarrak, gure ziurtasuna berau eusteko daukagun ebidentziaren parekoa izan behar dela esaten zuen. Hau da: ideia bati buruz ziur egoteko ebidentzia on anitz behar dugula; edo, alderantziz, zerbaiti buruzko ebidentzia gutxi badaukagu, ez genuke ziurtzat hartu behar. Hori da eszeptikoen jarrera.

Izan ere, eszeptizismoa jarrera intelektual bat da, gure (ustezko) ezagutza guztia beti, sistematikoki, kolokan jartzea eskatzen diguna. Eszeptikoek ez dute onartzen dogmarik, superstiziorik, tradiziorik, sinesterik ezta bestelako tutoretza intelektualik. Izan ere, baieztapen baten egia ez datza beronen iturrian, bere baitan dituen merituetan, baizik.

Eszeptizismoa ez doa bakarrik Egia^© ukatzeaz. Badauka alde positibo eta konstruktiboa, errealitatea eta ezagutzari buruzko erizpide hauek aintzakotzat hartzen dituena:

  1. Naturalismo metodologikoa. Fenomenoek azalpen eta kausa naturalak dituzte. Ezin dugu naturaz gaindiko kausarik aipatu.
  2. Emaitzak behin-behinekoak dira, zehatzagoak eta hobeagoak diren azalpenak topa baiditzazkegu.
  3. Pentsatzea prozesu bat da. Gehiegi ahalegintzen bagara ondorio jakin batera hetzen, gertakisunak eta datuak bihurrituko ditugu gure (aurretik hartutako) ondorioekin bat etor daitezen, eta ez alderantziz. Gure arrazoimenaren funtzionatzeko modua ezagutu behar dugu, dituen akatsak ekidituko baditugu.

Gaur egun oso zaila da zuzen pentsatzea. Gehiegizko informazioa dagoen mundu batean bizi gara eta gure emozioak eta istorioak bultzatzen gaituzte. Horregatik da lan neketsua gertakariak sentimenduengandik bereiztea; egia eta desira-pentsamendua bereiztea. Horrez gain onartu behar dugu ez dagoela erabateko ziurtasunik. Ondorioz, ziurgabetasun maila ezberdinekin bizitzera ohitu behar gara, eta ezer gehiagorik ez.

Ikustagun nola horni gaitezken pentsamendu kritikoa erabiltzeko lanabes batzuetaz.

Gure pentsatzeko moduari buruzko oinarrizko nozioak

Gure entzefaloak sineste makinak dira. Sinesteko prestatuta daude. Bereziki nahi duguna sinesteko. Sinesten duguna sinestera nola heldu garen jakite hutsari esker, gure sinesteko modu lehenetsia aldatzeko gai izan gaitezke.

Sinesteetara emozioen bidez heltzen gara. Ondoren, arrazionalizatu egiten ditugu sinesteok. Gure entzefaloa musker-garun bat da, literalki, ugaztun baten garunaren baitan, primate baten garunaren baitan eta hau, giza-garun baten baitan dagoena: neokortex-a. Gure neokortex-ak aurretikako garunaren parteak alda ditzazke, arnasketa kontrolatzen duen bizkarrezur-erraboileraino.

Gure kognizioetako asko entzefaloaren parterik primitiboetan gertatzen dira, inkontzienteki. Bertan datzate emozioak, bilakaera prozesuan bizirauteko egokiak suertatu diren estrategiak baino ez direnak. Emozioek kalkulu ebolutiboak eta portaera zuzen konkretuak ematen dizkigute. Errezagoa eta azkarragoa da janari batek kirastea eta honek gu atzera botatzea, janari ustelak zenbateko mina egingo digun kalkulatzen hastea baino.

Gure sistema kongnitiboak bere taxueraren araberako behar batzuk ditu:

  1. Kontrola. Gure inguruan gertatzen dena kontrolatzen dugula pentsatzea gustatzen zaigu. Hori gertatzen da sineskeriarekin: gertatzen dena nolabait kontrolatzen dugunaren ilusioa, arriskuaren aurrean babesa. Kontrolik ez daukagunean ereduak ikusten hasten gara. Horrek ez du esa nahi txantiloi horiek benetar hor daudenik.
  2. Sinpletasun-nahia ere badugu. Errealitatea sinplifikatzen dugu eta estereotipoak sortzen ezin baitugu gainezka egiten digun errealitatearen konplexutasun osoa ulertu. Arazoa, errealitatearen bertsio sinplifikatua errealitatetzat hartzen dugunean sortzen da: gehiegi sinplifikatzen dugunean, alegia. Mapa lurraldearekin nahasten dugunean. Medikuek beti saiatuko dira gaixoaren gaitzak gaixotasun batekin lotzen; baina gerta daiteke hainbat gaixotasun kroniko batera gertatzea. Hobe genuke errealitatea uste (nahi) duguna baino konplexuagoa dela pentsatzea. Beti.
  3. Zentzua. Gauzak arrazoi edo kausa bategatik gertatzen direla pentsatzea gustatzen zaigu. Baina gehienetan gauzak gertatu egiten dira, soilik eta besterik gabe. Efektu hadiek ez dute zertan kausa handirik eduki beharrik.
  4. Autoestimua eta egoa. Oso gizartekoiak gara. Horregatik gure komunitateko gainontzeko pertsonek errespetatu egiten gaituztela sentitu beharra daukagu. Baldintza honek ondoko bi fenomenoak sortzen ditu, besteak beste:
    • Atribuziozko isuria (sesgo de atribución). Besteen portaera azaltzerakoan, pertsona horien izakera hartzen dugu kausatzat. Gure jokabidea errugabetzeko, ordea, kapo-kausak aipatu ohi ditugu. Oso onak gara gure jokabidea arrazionalizatzen. [Oharra: arrazoitzea premisetatik ondorioetara pasatzea da; arrazionalizatzea, bestalde, aurreiritziak justifikatzean datza. Hau da: ondorioetatik premisetara joatea.]
    • Besteekiko konsistentzia adierazi nahi dugu. Halaber, besteen aurrean nekez onartzen ditugu gure akatsak. Saltzaileek oso ondo ezagutzen dute fenomeno hau, eta beraien interesa babesteko erabiltzen dute. Behin produktu bat ona dela erabakitzen dugunean, oso zail egiten zaigu berau berriro ez erostea.

Esentziaren zentzua ere badaukagu. Serie-hiltzaile batek erabilitako jertsea jantziko zenuke? Jende askok ez. Zergatik? Nolabait kutsatuta dagoela uste dugulako.

Agentzia duten eta ez duten gauzen artean bereizten dugu. Baita gogoa duten edo ez duten gauzen artean. Ikuspuntu ebolutibotik begiratuta, oso ezberdina da zuhaixka bat haizeak mugitzea edo mugimendu hori harrapatzaile batek sortzea. Bizirik dauden gauzak emozionalki prozesatzen ditugu. Horregatik emozioa ikusten dugu marrazki bizidunetan eta horregatik emozionatzen gaituzte: agentzia izango balute bezela ikusten ditugu.

Halaber, pertsonei gauzak arrazoiak emanez azaltzen badizkiegu, bere jokabidea aldatuko dutela uste dugu. Norbait izutzea pixkabat eraginkorragoa da. Baina jokabidea aldarazteko modurik eraginkorrena emozioak sustatzea da, gizarte-presioaren bitartez. Pertsona bat alkohol gutxiago edan dezan nahi baduzu eta horretarako arrazoiak azaltzen badiozu, ez duzu gehiegi lortuko. Emozioak sustatu behar dituzu, "besteek ez dute edaten eta gidatzen" esanez. Honi social norming deritzo.

Umeak garatu gabe dituzte beraien gaitasun sozialak. Horregatik ez dira horren onak beraien motibazioak izkutatzen.

Azkenik, pertsona adimentsuak erabaki hobeagoak egingo dituztela uste dugu. Ez da beti horrela. Beraien erabakien arrazionalizazioa da pertsona adimentsuek hobeto egiten dutena. Helburua, ordea, erabaki onak hartzea da, ez emozioek bultzatuta hartutako erabaki txarrak arrazionalizatzea.

Beharrezko hiztegitxoa

Dagoeneko aritu izan gara gure zentzumenen eta oroimenaren gabeziei buruz kurtso honetan. Orain, gure pentsamenduaren funtzionamendua aztertzen ariga gara, zuzen arrazoitzeko helburuarekin.

Horretarako, lehenik eta behin, eskolan landutako kontzeptuetaz gain, oinarrizko hiztegia gureganatu behar dugu, gauza konplexuagoetaz fundamentuz hitz egin ahal izateko.

Argumentatzea edo argudiatzea da: posizio edo ondorio jakin bat eusteko erabilgarria del baieztapen bat eraikitzea. Xedea ez da diskusio bat irabaztea, bizitzan bezala, non zerbaiten alde jartzen garen eta kosta hala kosta defendatzen dugun. Pentsamendu kritikoaren hurbilketa gure argumentuak garatzeko balio behar digute. Pentsalari kritikoak bere argumentuak aldatzeko borondatea edukiko beharko luke, hobeagoak aurkezten dizkiotenean. Erizpidea honakoa izan beharko litzateke: ebidentzia eta logikaren sostengu gehien duten ondorioei eustea.

Argudiaketa da: ondorio bat eusteko erabiltzen ditugun baieztapen sorta. Azalpen bat edo adibide bat ez dira argudiaketak.

Arrazionalizatzea vs. arrazoitzea. Arrazionalizatzea ondorietatik abiatzen da eta premisetara heltzen da berau defendatzeko. Arrazoitzea, bestalde, premisetatik abiatu eta logikoki heltzen da ondorioetara. Argi dago bigarren hau dela modu egoki bakarra. Hara ere, ikus beherako "asumitzea".

Premisa ondorio batera heltzeko abiapuntu moduan erabiltzen dugun baieztapenetako bakoitza dugu. Gutxienez bi dira. Premisa argia eta konkretua izan beharra dauka. Izkutuko premisak oso arriskutsuak dira, izan. Askotan ezbaidatzen dugu adostasunera heldu gabe ez dugulako premisa jakin bat partekatzen eta ez garelako horretaz jabetzen.

Asumitzea premisa moduan erabil dezakegu, jabetu egiten bagara. Egia edo faltsua diren ez dakigun baieztapenak dira. Beti ere, partzialak. Bi egoera hauek argumentua ahultzen dute; argumentu bat inoiz ez da bere premisak baino hobeagoa izango.

Izan ere, elkarren kontrako bi ondorioetara hel gaitezke. Gertatu ezkero, eztabaidan gauden biok aztertu beharko ditugu gure premisak. Idealki, elkarrekin egingo genuke.

Kontuan izan ezazu argumentuak ez direla egiazkoak edo faltsuak, ondorioak baino. Tamalez, ez daukagu beti Egia ezagutzerik, hubiltze saiakerak baizik.

Solidotasuna argudioaren ezaugarri bat da. Premisak egiazkoak eta ondorioa logikoki zuzena denean gertatzen da.

Balio-judizioa. Eztabaida anitzetan estetika-judizioak edo balio-judizioak ateratzen dira, baita norberaren gustuen araberakoak. Horiek ezin dira arrazionalki ebatzi. Identifikatu egin behar ditugu eta, besterik ezin badugu egin, gutxienez desadoz gaudela onartu.

Isuri kognitiboak, heuristikoak eta falaziak

Ez gara perfektuki arrazoitzen duten makinak. Gizakion burmuina modu jakin batzuetan dago kableatuta, gure espeziearen bilakaeraren ondorioz, bestelako animaliekiko ezberdina dena. Naturak ez dizkugu logikoki zuzenak diren arrazoitzeko algoritmo edo programak hautatu, gure arbasoen ingurunean bizirauteko nahikoa onak zirenak baino. Horregatik, espezifikoak (espeziearenak) diren joera edo sesgo jakin batzuk ditugu. Ondoren, pentsatzeko modu horiek azalduko dizkizuet eta ezagutu behar dituzuenak zerrendatuko. Bakoitzaren nolakotasuna eta adibideak klasean azalduko dizkizuet; adi egon zaitez eta apunteak hartu itzazu!

Isuri kognitiboak arrazionaltasun hutsetik sistematikoki desbideratzen gaituzten pentsatzeko joerak dira. Psikologiak eta jokabide-ekonomiak ikertzen dituzte.

Teknika heuristikoak edo heuristikoak, arazoak ebatzi, gauzak ikasi edo deskubritzeko erabiltzen ditugun hubilketak dira, emaitzarik hoberenak edo perfektuak bermatzen ez dituztenak baina eskuen artean daukagun helburua lortzeko nahikoak direnak. Batzutan ezinezkoa da perfektua den irtenbide bat topatzea, eta heuristikoen bitartez irtenbide nahiko on batera hubildu gaitezke, bizkor. Buruketa matematiko batzuk ebazteko ekuazioak planteatu eta idatz ditzakegu. Baina eguneroko bizitzan, hau da, mateko azterketatik aparte, askotan "la cuenta de la vieja" egiten dugu, eta arrazoiketa osoa egin gabe, nahikoa ona den erantzun azkar bat emateko balio digu, buruz egin dezakeguna.

Heuristikoak lasterbide mentaltzat har ditzazkegu, erabaki baten pisu kognitiboa murrizteko, kasu. Horren adibide dira:

  • "Rule of thumb"
  • "Educated guess"
  • Epaitze intuitiboa
  • Estereotipazioa
  • Profilak erabiltzea
  • Zentzu ona (sentido común).

Falaziak arrazoiketan egindako akatsak dira. Kaleko erabileran, hitz honek faltsuaren edo gezurraren balioa dauka, baina Filosofian hiru gauza hauek argi ezberdintzen ditugu. Nahita egindako falaziei sofisma deritze.

Falazia formalak argumentuen forman edo estukturan egiten dute kale. Premisak egiazkoak balira ere, ondorio faltsuak izan ditzakete, logika eskasa erabili dugulako. Guztiak dira non sequitur-ren kasu konkretuak.

Falazia informalak edo ez formalak, estruktura logikoa ez den arazoak dituzte. Normalean arrazoitzearen edukia aztertzea eskatzen dute.

Ondoren, ikasi behar dituzun heuristiko, isuri kognitibo eta falazien zerrendak dituzu. Behin-betiko zerrenda, hala ere, blog-ean izango duzu. Kasu honetan, ikasteak fenomeno hauen inguruko eragiketa hauek egiten jakitea dakar: zertan datzaten azaltzea, argudiaketa batean identifikatzea, adibideak jartzea, zuzentzea.

Heuristikoak

  • Aingura-efektua.
  • Eskuragarritasunaren heuristikoa.
  • Familiaritate heuristikoa.
  • Konpromezuaren handitzea.
  • Dibertsifikazio inozoaren heuristikoa.
  • Esanguragarritasunaren heuristikoa.
  • Ahaleginaren heuristikoa.
  • Berreste alderako isuria.
  • Kidetasun isuria.
  • Bagoiaren efektua, Ben Franklin efektua, Berkson-en paradoxa, hautaketaren aldeko isuria, taldekatzearen ilusioa, baieztapen isuria, "continued influence effect", kortesiaren isuria.

Falazia formalak

  • Probabilitatea deitzea.
  • Argumentum ad logicam.
  • Oinarrizko frekuentziaren isuria.
  • Konjuntzioaren falazia.
  • Gizon maskaradunaren falazia.
  • Atzekaria baieztatzearen falazia.
  • Aurrekaria ukatzearen falazia.
  • Silogismo disjuntiboaren falazia.

Falazia ez-formalak

  • Pasadizoaren falazia.
  • Argumentum ad lapidem.
  • Argumentum ad ignorantiam.
  • Zentzu-ona eskatzea.
  • Argumentum ad infinitum edo argumentum ad nauseam.
  • Argumentum ex silentio.
  • Argumentum ad temperantiam.
  • Kontinuoaren falazia.
  • Korrelazioa eta kausazioa nahastu edo post hoc ergo propter hoc.
  • Falazia ekologikoa.
  • Falazia etimologikoa.
  • Konposatuaren falazia.
  • Zatiketaren falazia.
  • Egokitze faltsua.
  • Autoritatearen falazia.
  • Dilema faltsua.
  • Plurium interrogationum.
  • Kausa gehiegi simplifikatzea.
  • Jokalariaren falazia.
  • Historiagilearen falazia.
  • Gatazkaren inflazioa.
  • Ignoratio elenchi.
  • Falazia moralista eta falazia naturalista.
  • Nirbanaren falazia.
  • Eskopetaren argumentazioa.
  • Aldarrikapen berezia.
  • Orokortze faltsua
    • Orokortze batek daukan salbuespenari kasurik ez egitea.
    • Ebidentzia partzialaren falazia edo cherry picking. Bizirik atera denaren falazia.
    • Azaleko orokortzea edo hasty generalization.
  • Red herring motako falaziak:
    • Ad hominem.
    • ab auctoritate.
    • ad consecuentiam.
    • Emozioetara jotzea. Bereziki: beldurrera, kupidari, irrigaritasunari, gorrotoari eta wishful thinking.
  • Motiboa deitu.
  • Argumentum novitatis/antiquitatis.
  • Argumentum ex silentio.
  • Argumentum ad Lazarum/crumenam.
  • Argumentum ad baculum.
  • Argumentum ad populum.
  • Asoziazioaren falazia
  • Lasto-panpinaren falazia.
  • Bi hutsek zuzen egiten dute.
  • Tu quoque.

Gure arraozimenaren funtzionamenduaren eta akatsen inguruko bideoak

Filosofiako gaitegia. Edukiak eta material gehigarria