Platon (5/6): Dualismo antropologikoa: gorputza eta arima. Arimaren teoria


Zer ikasiko duzu atal honetan?

  1. Platonen gizakiaren-inguruko teoria dualista dela: arimaz eta gorputzez osatuta gaude.
  2. Gizakion arimak (psyché) hiru zati dituela, bakoitzak ezaugarri eta bertute bereizgarriak dituelarik.
  3. Arima hilezkorra dela eta gorputz anitzetan biziko dela.

Gizakiaren inguruko dualismoa

Gizakiok bi partez osatuak gaude: arima eta gorputza. Horri ikuspuntu dualista deritzogu, hau da, gizakiaren eraketan bi printzipio onartzen dituen teoria: arima eta gorputza. Biak, bestalde, ez gaituzte era berean, erdizka, osotzen. Arima da gure alde jainkotiarra eta benetan gizaki egiten gaituena. Arima gorputza baino lehenago sotua izan da eta hilezkorra dugu. Ez da aldagarria eta ez dago zentzumenen munduen estimuluen menpe. Gorputza jaioa eta hilkorra da: aldagarria, beraz. Izan ere arimak ematen dio bizia gorputzari. Arima da bizi-printzipioa.

Formen eta gauzakien arteko harremana ez da dualista zentzu sakonean, formak gauzakien kausa baitira. Arima eta gorputzaren arteko harremana, ordea, orfismoz jantzia dago eta arima eta gorpua aurkakotzat ditu. Gorpua ez da arimaren ontzia, zeini bizitza eta ahalmenak sor dizkion, arimaren gartzela baizik. Bertan arima garbitu beharra dauka.

Arimaren hiru zatiak

  1. Arrazoi arima (intelectiva, logistike) pentsamendua eta nahimenak osatzen dute honako arimaren zatia. Beste arimaren zatiak kontrolatu behar ditu. Zentzumenetaz urrutien dagoen arima mota da hau, munduko gauzetara hain lotua ez dagoena. Buruan koka genezake, eta hilezkorra da, izatez. Dagokion ontasuna zuhurtzia da.
  2. Oldarkorra edo suminezkoa (irascible, thynmoeides). Bihotzean ‘daramagu’ eta oldarkortasuna bideratzea du helburu. Arrazoiaren alde jarri ohi da baina arimaren behereko partearekin bat ere egin dezake heziketa okerraren poderioz. Gorputzari lotuta dagoenez, hilkorra da. Dagozkion ontasuna sendotasuna, adorea eta ohorea diraa.
  3. Irritsezkoa (concupiscible, epithymetike). Hau da bizitzaren funtzio sinpleenak bete dituena. Sabelean kokatu ohi da. Gorputzari lotuta dagoenez, hilkorra da. Dagokion ontasuna neurritasuna da.

Zati edo alderdi guzti hauek beraien zeregin bereizgarria betetzen badute justizia sortuko da: bere naturaren araberako justizia, alegia.

Etika platonikoa: zorionak adimenarekin bat egiten du

Etikaren abiapuntua hauxe da: arima hilezkorra behar du izan. Bestela, zein ezberdintasun legoke zuzena eta maltzurraren artean biok hildakoan bizitza hor bukatuko balute? Zein arrazoik mugituko gintuzke onak izatera? Sokraterekin batera, Platonek ere ontasunaren ezagutza berak jokabide zuzenera garamatzala diosku. Hil ondoreko bizitzak ezarriko du onarentzat saria eta maltzurrarentzat zigorra. Azken finean ere filosofo erregeak besterik ez du zuzentasuna ezagutuko.

Gizakiaren helburua zoriontasuna lortzea da, baina ez edozein modutako plazerean oinarrituta. Guri zoriontasuna zer den galdetzen digutenean normalean plazerak jartzen ditugu baldintza moduan. Gorputzaren atsegina lortzeak animalien bizibidea jarraituta lortzen da, eta ez gizakiena (arrazoiak gidatua behar duena). Hala ere ez gara gogamen hutsa eta gozamenak ere bere lekua dute Platonen zoriontasunaren doktrinan. Hori bai, bere proportzioan.

Baina zein neurritan nahastu atseginaren eta adimenaren joerak? Arauak ezarriz, formarik gabekoari forma emanez.