Platon (6/6): Bertuteak eta hiri ideala


Zer ikasiko duzu atal honetan?

  1. Gizakia ez da bere kasa moldatzeko gai. Horregatik du Estatuaren beharra.
  2. Gizarte perfektua hiru estamendutan dago banatua, eta estamentuok arimaren zati eta bertuteekin estuki daude lotuta.
  3. Bakoitzak bete behar duen papera bete ezkero justizia lortuko dugu.
  4. Gizarte maila bakoitzak heziketa berezi baten beharrean dago bere zereginetarako prestatuko dituena eta bere bertute bereizgarriak sustatzeko balio duena.
  5. Gobernu mota zuzen eta ustelak daudela. Gobernu forma gorena filosofo-errege-aren agintean datza.

Estatuaren sorrera eta zergatia

Platonen arabera Estatua arimaren hedapen baten modukoa baino ez da, giza phyche-aren ”bertsio” handi baten parekoa. Justizia da Platonen Estatu idealaren gai eta arazo nagusia.

Estatua gutako bakoitzak autarkikoak ez garelako sortzen da. Gizabanakoak bizirauteko beste askoren laguntza behar du, bere kasa ezin baitu. Alde batetik behar materialak, hala nola etxebizitza eta jantzia, asetzen dituztenen laguntza behar da. Bestetik polis-aren babesa zihurtatuko duten gizakien laguntza beharda. 3. Azkenik gobernuan iaioak diren batzuen ahalegina behar da. Gauzak horrela polis-ak hiru estamenturen beharra dauka: 1. nekazari, artisau eta merkatariena; 2. zaintzaileena; eta 3. gobernariena.

Gizarte-estamentuak eta hiri perfektua

Ekoizleak. Nekazari, artisau eta merkatarien estamentuak irritseko arimak gobernatuta daude, arimaren zatirik behekoena. Gizarte maila hau ona da neurritasuna praktikatzen duenean. Neurritasuna plazerren ordena, disziplina eta kontrolean datza. Gainontzeko gizarte-mailen esanak modu jatorrean betetzea ere neurritasunaren ezaugarria da. Ontasun materialak eta aberastasunak gizarte-maila honek bakarrik eduki eta kudeatu ditzake, aberastasun hauek ez direla ez gehiegizkoak ez gutxi izan behar.

Zaintzaileak. Suminezko arima nagusi daukaten gizakiek osotu behar dute maila. Arraza fineko zakurrekin gertatzen den moduan ontzanak behar dute izan, baina era berean olgaitzak (fieros). Zaintzaileen bertutea sendotasuna izan beharko du. Polis-a etsai kanpotarrengandik babestu behar dute, baina baita hiriaren barnean sor daitezken arriskuengandik. Ekoizleen mailak gehiegizko aberastasuna edo pobrezia ez sortzeaz arduratuko dira. Lehengoak alferkeria, luxua eta gauza berriekiko neurrigabeko nahia sortuko luke. Bigarrenak, aldiz, kontrako bizioak sortuko lituzke. Estatua bera ere handiegia edo txikiegia ez bihurtzea zaindu beharko lukete. Kargu publikoak hiritarren izaeraren arabera banatzeaz ere arduratuko dira, azkenik.

Gobernariak dira hiria gehien maite dutenak, beraien zereginak arduraz betetzen dituztelarik. Baina beste edozeren gainetik Ongia ezagututa eta begietzita jokatuko dute. Izatez, gobernarietan arrazoi arima gailentzen da, bere bertute bereizgarria jakituria delarik.

Hiri justua lehengo estamentua neurritasunez, bigarrena ausardiaz eta hirugarrena jakituriaz jokatzen badute sortuko da. Justizia hiru bertute hauen artean sortzen den armonia edo orekan datza: gizabanako bakoitzak eta estamentu bakoitzak izatez egin behar dituen funtzioak betetzen baditu sortuko da justizia perfektua.

Hezkuntza

Ekoizleek ez dute hezkuntza berezirik behar, ogibideak erraz ikasten baitira jardutearen poderioz.

Zaintzaileek, aldiz, musika eta gorputz-heziketa landu beharko dute, bereizagarria duten arimaren partearen bertuteak indartzeko (sendotasuna eta adorea, hain zuzen). Estamentu honek ontasunen elkarrekikotasuna praktikatu behar du: senar-emazteen elkarrekikotasuna, eta ondorioz, seme-alabena; eta ezingo dute jabetza materialik eduki. Ekoizleen ardura da zintzaileen behar materialak asetzea. Gizonak eta emakume zaintzaileak pareko hezkuntza jaso behar dute eta antzerako karguak izango dituzte. Seme-alabak gurasoengandik bereiziko dituzte txiki-txikitatik, hauek ezagutuko ez dituztelarik, eta behar den moduan hezituko dituzte. Honen guztiaren helburua norberekoikeria ezabatzea da: guztiok aita, ama, seme, alaba, eta neba-arreba bezala maitatuko lirateke, eta “gu”-az eta “gurea”-z hitz egingo lukete zaintzaileok. Ontasun pribatua elkarteko ontasun bihurtu beharko da.

Gobernariak daukaten ikasketa-programa filosofoen heziketarekin bat dator (benetako filosofoa = benetako politikoa). 50 urte dituen arte ez dago guztiz prestaturik Errege izateko. Bere heziketa-programa osoaren helburua Ongia hautematea da eta horren arabera hiria gobernatzea.

Erregimen politikoak

[1] Politeiaren VIII. liburuan Platonen erregimen politikoei buruz egiten duen azterketa haren kezka handienetako baten adierazgarri da: errealitatean hiri justu eta zoriontsua eraikitzea, alegia. Izan ere, Platonek berak idazi zuenez, haren lan osoa ez zen izan “hitzezko hiria” baizik (473e). Baina hitzek zer bide urratu behar den seinalatzen dute, ez besterik, eta seinale horiek ez dira aski urratu behar den seinalatzen dute, ez besterik, eta seinale horiek ez dira aski errealitatearen oinarririk gabe, “gorputzik gabe, arimak ez dauka higitzerik”.

Aristokrazia. Erregimenik perfektuena da, adimena delako nagusi estatu hartan, errege baten edo goi-mailako gizaonen bidez, eta haien heziketa eta altruismoa tarteko. Adimen eskuzabal horrek gizarte-klaseen arteko oreka sortzen du. Gobernu mota hori ez datza odol-jatorrian, agintarien gaitasunean baizik. Goi-mailako erregimen hori ezartzen den unetik, gainerako erregimen guztiak gain behera etorriko dira.

Timokrazia. Pasioak dira nagusi gobernu mota horretan, eta ez arrazoimena. Ohoreen eta ondasunen irrika izaten da. Militarrak izan ohi dira nagusi, eta haien ordezkariek behe-mailako herritarrak zapaltzen dituzte. Baina, aristokrazia bezalaxe, timokrazia ere usteldu egiten da; izan ere: “[…] inoiz sortu den gauza oro usteldu egindo da, ziur. Erregimen honek ez du betiko iraungo; azkenean, desegitera joko du”.(Errepublika, VIII, 546a)

Oligarkia. “Pobreek agintea hartzeko batere aukerarik izan gabe, aberatzsek agintzen duteneko erregimen politikoa da”.(Errepublika, VIII, 550d) “Eta nolatan igarotzen da timokraziatik oligarkiara?” […] “metaturiko ondasunek agintariak suntsitzen dituztelako; izan ere, dirua irabazteko eta gastatzeko moduak asmatzen hasten dira agintariak, eta azkenean, legeak ere urratzen dituzte. […] Hala, aberastasunak eta aberatsak miresten dituzten hirietan, egiazko bertutea eta gizon zintzoak arbuiatzen dira”(Errepublika, VIII, 555e–551a). Oligarken asegaiztasuna dela medio, bi hiri mota sortzen dira: “bata, pobreena; eta bestea, etengabe azpijokoan aritzen diren aberatsena” (551d).

Halako sistema politikoak “gizon zekenak” sortzen ditu, gauza orotan irabazi eta irabazi besterik nahi ez duena. Eta “ondasun-metatzaile” (554a) horiek ondasun politiko bakarra ahazten dute: heziketa eta elkartasuna, alegia. Ondasunak nahi izate asegaitz horrek usteldu egiten ditu herritarrak, eta azkenerako, erregimen osoa ere bai. Hala, antolamendu politikoko beste modu bat sortzen da.

Demokrazia. “Nire ustez, pobreek garaitzean sortzen da” erregimen hori, boterea herritar guztiengana zabaltzen daitute, hauteskundeen bidez. Hala, hiria askatasunez beteko da, eta bestelako bizimoduak hautatu ahal izango dira: “Sistemarik ederrena ere izango da. Kapa nabar baten antzo, sistema horrek ere, horrenbeste aukera daudenez, ederrena irudi lezake” (Errepublika, VIII, 557c).

Hala ere, oligarkek herritarrei egiazko heziketarik izatea ukatu zietenez, askatasunezko gozamen eta apeten aginpide horrek demokrazia bera suntsitzen du apurka, eta askoz ere erregimen bortitzagoa ekar lezake: “Askatasun-nahi gehiegizkoak eta gainerako guztia albo uzteak erregimen politiko hori aldarazten dute, eta hura tiraniaren esku ipintzen”. (562c)

Tirania. “Gehiegizko askatasunak gehiegizko esklabotza baino ez dakarkie gizabanakoei nahiz polisari” (Errepublika, VIII, 564a). Horregatik, herritarrek azkenean onartu egiten dute tiranoa, halako ordena bat ezartzen duelako, nahiz eta faltsua izan.


  1. Zubia-Santillanaren liburutik, 2009. 51–53. orrialdeak.  ↩