Aristoteles (1/2): Hilemorfismoa: Platonen ideien teoriaren kritika

Platonen formen teoriaren kritika aristoteliarra

Formen izate subsistentearen arazoa. Aristoteles Platonekin ados dago honako honetan: klase berbereko objektuek Unibertsala izeneko zerbait dute amankomunean. Izan ere hitz berbera erabiltzen dugu bi gizabanakori buruz hitzegiteko. Unibertsala erreala da, beraz, baina ez dauka gauzakien existentziatik aparteko izatea. Aristotelesen hitzetan, ez da subsistentea. Formen teoria errealitate subsistentea ematen dio Unibertsalari edo Formari. Horrela mundua bikoiztu egiten du: mundu adigarria sortzen du. Arazoa hasi baino ez da egin. Orain bi mundu azaldu behar ditu Platonek.

Mugimendua eta aldaketa azaltzeko ezintasuna. Platonen formen teoriak ez du mugimendua eta aldaketa azaltzen. Ideak igiezinak eta aldaezinak badira eta gauzakiak ideien imitazioak badira, gauzakiak ere aldaezinak eta mugiezinak izan beharko lirateke. Baina mundu ikusgarriko gauzakiak aldatu, sortu eta desagertu egiten dira. Nondik dator aldaketa hori?

Munduen arteko bereizketa. Aristotelesek ezinezkotzat ematen du Formen teoria. Izan ere teoria honek sekulako bereizketa ezartzen du mundu ikusgarri eta mundu adigarriaren artean. Aristotelesen metafisikaren arabera substantzia eta bere forma/esentziaren artean. Formak gauzakien izatearen zergatia dira. Nola da posible gauzaki baten izatearen kausa gauzaki horren baitan ez egotea? Are gehiago, no la izan daiteke gizabanako bat gizabanako bihurtzen duen hori gizabanako horretatik existentzia independientea izatea? Imitazioa eta partizipazioa izan ziren Platonen arazo honi emandako erantzunak. Aristotelesen ustetan ez dira azalpenak, metaforak baizik.

Hirugarren gizonaren argumentua. Gizakiaren eta gizakiaren formaren arteko harremana azaltzeko bestelako zerbait behar dugu. Bi gizakiren arteko antza azaltzeko Formara jotzen dugun moduan, gizakiaren eta Gizakiaren Formaren arteko harremana azaltzeko beharrezkoa izango litzateke hirugarren zerbait bat. Gauzak horrela infiniturarte jo beharko genuke ereduen bila, eta hau zentzugabekoa da.

Formak ez dira gauzen kausa eraginkorrak. Platonek Formak gauzakien kausak direla dio. Baina Platonek berakTimeon bertan esaten du Formak Demiurgoa inspiratzeko balio dutela materiari forma ematerakoan. Beraz Formak gauzen eredu dira, baina ez kausa eraginkor.

Aristotelesen metafisikaren oinarriak.

Platonen teoriak dituen arazoak konpontzearren Aristotelesek bere teoria propioa azaltzen du.

Lau kausak. Errealitatearen kausa azaltzeko izatearen lau kausak ezarriko ditu. Aldaketa kontutan hartu gabe, hau da, errealitatea modu estatikoan kontutan hartzen badugu, bi kausa baino ez daude: materiala eta formala. Horrela gizon baten kausa materiala hezurrak eta haragia dira, eta kausa formala arima. Baina bilakaera kontutan hartu ezkero gure buruari galdetu beharko diogu nola jaio den, nork sortu duen edo zergatik hasten den. Hori azaltzeko kausa eraginkorra eta kausa finala ditugu. Gizaki baten kausa eraginkorra aita izango da. Xedezko kausa, berriz, gizaki horren bilakaeraren helburua edo zertarako egin den.

Substantzia eta hilemorfismoa. Formarik ez dagoenez, Formen teoriaren ordez sustantziaren teoria proposatzen du. Substantzia subjektu jakina da, materiaz eta formaz osatua.

Egintza eta potentzia. Aldaketaren azalpenaren ezintasunaren aurrean aktoa eta potentziaren doktrina botatzen du. Kategoria guztietan ematen dira. Izatearen jatorrizko esanahiak dira, bereaien arteko harremanean baino ezin dira esan, eta ez beste gauza batekiko. Itsu baten eta begiak itxita dituen bi pertsonen artean sekulako ezberdintasuna dago. Lehengoa ez da ikuslea. Bigarrena bai, potentzian. Ikuslea egintzan izango da begiak zabaltzen dituenean. Gari landatuberria garia potentzian baino ez da. Hasten denean egintzan ere izango da gari. Eta egintza eta potentzia kategoria guztietan gertatzen da: substantzian, kualitatean, etab. izan daiteke zerbait egintzan edo potentzian.