Agustin fededun pentsalaria eta kristautasuna

Agustin fedegizona. Hiponako Agustin fededuna izan zen, espiritualtasun sakoneko gizona. Bere pentsamenduaren muinean kristautasuna dago eta kristautasunera konbertitu zenetik bere iharduera etengabea erlijio hau zabaltzea eta arerio anitzen aurka defendatzea izan zen.

Agustin, filosofo. Halere, gaur Agustin filosofotzat badaukagu ez da bere ideia erlijiosoengatik, bere pentsamendu arrazional eta espekulatiboagaitik baizik. Hau da, bere lorpen filosofikoengandik. Agustinen asmoa bere sineste erlijiosoak modu arrazional batean azaltzea zen. Horretarako hizkuntza kristaua hartu eta liluratua zuen hizkera platonikora itzultzen saiatu zen. Beraz, Agustinen filosofia kristautasuna du kezka existentzialen iturri, baina batik-bat kontzeptu greko eta platonikoak erabiltzen ditu haiei itxura emateko.

Inperioaren bukaera. Agustinen garaia oso berezia izan zen. Santua 354–430 urteetan bizi izan zen Erromatar Inperioaren parte zen Afrikako iparraldean. Baina Erromatar Inperioa 495an bukatu egin zen, sekulako aldaketa kulturala eraginaz.[1] Izan ere askok Inperioaren bukaera aintzinako erlijioa alde batera utzi eta kristautasuna erlijio ofizial bihurtzeari egotzi zioten.

Halere aspektu historikoak ulertzeko errezagoak suertatzen zaizkigu, benetako arazoak kristautasunarekin ditugularik. Zertan datza erlijio hau? Ba al dauka zerikusirik gaur eguneko elizarekin?

Agustinen fedea eta testuinguru ideologikoa ulertzeko honako galderei erantzuna eman behar diegu:

  1. Zer da kristautasuna?
  2. Zerengandik defendatu behar zuen kristautasuna eta zergatik?
  3. Zein zerikusi dauka honek filosofiarekin?

Zer da kristautasuna?

Monoteismoa. Kristauek jainko bakar batean sinesten dute[2]. Beraien ustetan jainko horrek dagoen guztia sortu zuen hutsetik eta moral bat ezarri. Izadiarekin batera gizakia ere sortu zuen. Gizaki honen harrotasunak jainkoaren aurkako ekintza bat ekarri zuen: bekatua. Bekatu horrek gizaki guztiak ikutzen gaitu.

Biblia, liburu sakratu. Kristautasuna liburuaren erlijioetariko bat da, judaismoarekin eta islamarekin batera. Hirurak erro berdina dute, judaismoa, eta monoteistak dira. Hau da, jainko bakarrean sinesten dute[3]. Liburuaren erlijioak dira bakoitzak bere jainkoak emandako textu sakratu sorta bat dutelako. Kristauek Biblia izeneko liburu sorta bat daukate textu sakratutzat. Bibliak bi zati nagusi ditu, itun deituak:

  1. Itun zaharra. Juduen liburu sakratuak Tanakh du izena eta 24 liburuz osatua dago. Bertan jainkoaren eta israeldarren arteko ituna adierazten da. Horretaz gain munduaren sorrerari buruzko narrazioak daude, liburu profetikoak, historiari buruzkoak, eta araudi moral konplexu bat ere ageri dira. Mendeetan zehar israeldarren artean zeuden ahozko tradizioak idatzita sortu zen batik-bat Tanakh. Nazareteko Jesusen jaiotza baino askoz aurrerago bukatu egin zuten idazten. Beraz, liburu hauen kontakizunak ez dute Jesus aipatzen. Kristauen Bibliak Tanakh hartzen du oinarri eta beste modu batean sailkatzen ditu. Liburu labur batzuk ere gehitzen dizkio. Kristau tradizio ezberdinak kanon ezberdinak ere badituzte. Aipagarriak dira Itun zaharrean agertzen diren hamar aginduak.
  2. Itun Berria. Kristauen liburu-sorta bereizgarria da, 27 liburuz osotua. Jesusen jarraitzaile komunitateek idatzi zuten haren heriotzaren ondoren. Bertan lau ebangelio kanonikoak daude, Jesusen bizitzaren interpretazio teologikoak egiten dituztenak, eta Pablo-ren gutunak. Apostoluen eginak, Apokalipsia eta beste gutun batzuk osatzen dute. Liburu hauetan kontatzen da Jesusen bizitza bere jarraitzaileen ikuspuntutik. Erlijio kristauari dagokionez pasarterik garrantzitsuenak pasioari buruzkoak dira. Hau da, Jesusen azkeneko egunen narrazioa non Jerusalenen predikatu zuen; atxilotu, epaitu eta kondenatu zuten; erahil zuten; eta berpiztu egin zen, zerura igo zelarik.

Jesus, profeta. Erlijioen araberaprofetak jainkoarekin harreman zuzena duten pertsona bereziak dira. Batzutan jainkoaren mezua taldeari zabaltzen diote. Mezu horretan etorkizunari buruzko aurreikuspenak egiten dituztenean profeziak egiten dituzte. Hori da hitzaren jatorria. Judaismoan Moisés daukagu; Islamean, Muhammad. Kanpotik ikusita, ordea, Jesus profeta bat da, jainkoaren mezu bat dakarrena. Kristauen arabera Jesus ez da profeta hutsa: jainkoaren seme da. Literalki. Eta, aldi berean, jainkoaren parte bat. Jainkoa bakarra da, baina hiru pertsona ditu. Honi hirutasunaren misterioa deritzo.

Kristauen arabera Jesus hirutasunaren pertsona bat izanik gizon bihurtuta lurrean haragiztatu zen. Ka 6–4. urtean jaio eta Ko 30. urtera aldera hil zuten. Jesusek ez zuen idazkirik utzi, eta beti ere iturri kristauen arabera, bizitza pribatua izan zuen 30. urtetarte; gero Jainkoaren erreinua predikatzen hasi zen Israelen. Jendeari jainkoaren etorreraz hitz egiten zion eta judu hertsia izan zen Jesus.

Ondoren, bere jarraitzaileak jainkoaren seme zela adierazi zuten eta bira apokaliptikoagoa eman zioten bere mezuari. Judutarrek espero zuten mesiatzat hartu zuten eta berak irakatsitako bizimodua jarraitzen hasi ziren kristau komunitateetan. Mesia horrek juduak erromatarren zapalkuntzatik libratuko zituen eta juduen errege bihurtu.

Jesus Mesiatzat hartu zutelako erahil zuten eta hil ondorengo hirugarren egunean berpiztu egin zen. Hainbat jarraitzailei agertu zitzaien eta zeruetara igo. Bere sufrimenduak eta heriotzak gizateriaren bekatuak arazteko balio izan zuen.

Zerengandik defendatu behar zuen eta zergatik?

Eliza kristaua. Jesusen jarraitzaileak komunitate kristauetan bizi izan ziren hasieran. Denbora pasa ahala nolabaiteko arrakasta izan zuten eta antolaketa konplexuagoa eratu behar izan zuten. Azkenean apaizak eta apezpikuak ere sortu ziren. Eliza kristaua erakunde normatibo bihurtu egin zen, ortodoxiaren jagole. Hasieran Jesusen bizitzaren interpretazio ezberdinak sortu ziren, norberaren edo komunitatearen lekukotza, transmisio edo interesen araberakoak. Kontzilioak apezpiku eta adituen bilerak ziren. Horietan idazkien kanona eta sinestearen ortodoxia ezarri egiten ziren.

Heresiak. Idazkien kanona eta sinestearen ortodoxia ezarri bezain laster hereseak sortu ziren, beharrez. Garai hartararte Jesusi buruzko narrazio ezberdinak elkarbizi ziren, edo, desadostasunak egon ezkero, bakoitzak bere berezitasunak bizi zituen. Elizak sinesteen bertsio bakarra ezartzerakoan harekin bat ez zetozenak herese bihurtzen ziren, dotrina ofizialaren kontrakoak.

Agustin, apologeta. Heresia asko, heresi bihurtu baino lehen sineste errotuak ziren hainbat kristau komunitateetan eta ez ziren bukatu ofizialtasunetik kanpo geratzeagatik. Agustin bezalako idazleak eta polemistak gerora kristautasun ortodoxoa izango zenaren jagole bihurtu ziren, apologetak. Jakina heresi bihurtuko ziren sinesteen aldeko beste defendatzaile batzuk zeudela. Baina beste horiei historiaren alde okerrean egotea tokatu zitzaien, nonbait. Elizatik kanporatuak edota jazarriak izatera heldu ziren.

Heresia nagusiak. Gizarte anitz batean bizi garenez, egun zaila egiten zaigu heresiak heresia moduan ikustea. Gaure egun badago nolabait gizarteak onartu eta indartzen duen zuzentasun politikoa, baina hori ez da gauza bera. Gorago esan bezala, erlijioak gizarte proiekzio nabarmena dute. Gutzienez azpi-taldeen mailakoa. Eta heresiek argi adierazten dute nortzuk diren taldearen parte, gureak, eta notzuk ez diren taldearen parte, besteak. Gaure eguneko ikuspuntua erabili ezkero nekez ulertuko ditugu Ko V. mendeko liskar eta iskanbilak, gure begietan huskeriengatik sortutakoak.[4] Ondoren Agustinek borrokatu zituen heresia nagusien zerrenda bat daukazu, bakoitzak gerora ortodoxia izango zenarekin dituen ezberdintasunak aipatuta.

  • Arrianismoa. Arrio-ren arabera semea jainkoak sortutako lehen izakia izan zen, denboraren sorkuntzaren aurretik. Ezaugarri jainkotiarrak zituen arren ez zen jainkoa bera. Izan ere, semearen haragiztatzea zen Jesus ezin izan zuen bere burua gurutzetik salbatu. Hau defendatzerakoan hirutasunaren dotrina ukatzen zuten. Konstantinoplako Lehenengo Kontzilioan aldarrikatu zuten arrianismoa heresia, 381an.
  • Donatismoa. Donatoren jarraitzaileek honakoa sinisten zuten: “Doktrina honen arabera, agintari zibilen eta Elizaren artean ez da batere harremanik izan behar, eta horregatik, «Circumcelliors» izeneko nekazari gudarien laguntzaz, gizarte-iraultza bultzatzen zuen. Martiri hiltzea zen doktrina honen jarraitzaileen azken helburua. Eraso handiak izan zituen arren (Arlesko Kontzilioak donatismoa kondenatu zuen 314an, eta san Agustin Hiponakoak apostatatzat jo zituen eta donatistak zigortzea eskatu zuen), Erdi Aroaren hasiera arte iraun zuen donatismoak, Ipar Afrikan kristautasuna desagertu zen arte alegia.”[5]
  • Manikeismoa arima jainkoarena eta gorputza deabruarena dela aldarrikatzen zuen erlijio dualista izan zen. Mani edo Manes izeneko jakitun persiarrak sortu zuen 215–275. urteen bitartean. Ongiaren eta Gaizkiaren arteko betiereko borrokan sinisten zuten manikeoek. Ongia eta gaizkia hastapen oinarrizko, berdin eta elkarren kontrakotzat onartzen ditu manikeismoak.”[6]
  • Pelagianismoa Pelagio heretikoak V. mendean sortutako doktrina eta sekta kristaua da. Pelagianismoak ukatu egiten zuen jatorrizko bekatua; doktrina honen arabera gizonak badu bekatua alde batera utzi eta salbazioa iristeko ahalmena, eta ez du graziaren beharrik hori lortzeko. Bestalde, gizonak grazia irabazi egin behar duela zioen, ez datorkiola berez. San Agustin doktrina honen kontra agertu zen. Zenbait kontziliotan pelagianismoaren kontrako iritziak azaldu ziren eta azkenik, 431. urtean Efesoko kontzilioak debekatu zuenez gero desagertu egin zen.”[7]

Agustini buruz ikasterakoan ikusiko duzu heresia hauek Tagasteko pentsalariaren muinaren aurka egiten zutela. Dotrina hauei aurka egiterakoan Agustinek bere argudioak hobetu behar izan zituen eta bere pensamenduari sakontasuna eman.

Zein zerikusi dauka honek filosofiarekin?

Agustin ez zen hereseen aurkako idazlea bakarrik izan; ikusiko dugun bezala teologia kristaua garatzeko sekulako ahalegina egin zuen.

Ispiritu sutsuko gizona izan zen eta adimen handikoa. Horri ezker kristau erlijioak zituen arazo doktrinaletan sartu eta zorroztasunez aztertu eta landu zituen. Bere gogoetarako abiapuntua fedea eta erlijioa baziren ere, bere lana arrazionala eta espekulatiboa izan zen hein handi batean. Hau da: filosofikoa. Egia da filosofo grekoen hutstasun arrazionalera ez zela iritsi, eta gaur eguneko filosofiaren izakerarekin bat ez datorrera baina guztiok garen bezala Agustin bere garaiko gizona izan zen. Eta bere garaian gizarte-giroa ez zen filosofia hutsa eta zientzia positiboaren aldekoa, nabarmenki erlijiosoa baizik.

Gauzak horrela Agustinek ekarpen garrantzitsuak egin zizkion Filosofiaren Historiari. Denboraren inguruko gogoetak; gizakiaren arimaren eta jokabidearen analisi sakon eta aberatsa; bekatuari buruzko gogoetak; jainkoaren existentziari buruzko planteamenduak, etab.

Ondorengo filosofo oso nabarmenengan sekulako eragina izan zuen Agustin bere pentsamentuaren merituengatik. Erdi Aroan Canterbury-ko Anselmo –argumentu ontologikoa aurreikusiz–, Boezio, Juan Scoto Eriugena eta Buenaventura-rengan. Aro Modernoan sartuta Descartesen cogitoarengan sekulako eragina izan zuen, beste argumentu askoren artean. Malebranchek ere Agustinen filosofiatik nahikotxo hartu zuen. Azkenik, XX. mendeko pentsalari bitxi eta garrantzitsuenetariko batek, Ludwig Wittgensteinek, bere Ikerketa filosofikoak Agustinen Aitorpenak lanaren aipu luze batekin hasten ditu.

Hau guztiaz gain Agustini buruzko lan pila idatzi dira, oraindik ere Hiponako apezpikuaren itzala oso luzea denaren seinale.

Garrantzitsua da guretzat Agustinen erlijiotsunari bere garrantzia ematea baina berak egin zuen filosofiari ere merezi duen balioa ematea.

Guzti honen ondoren espero dut kristautasuna zer den hobeto ulertzea. Goazen, bada, ikustera Agustinen filosofia platonista eta kristautasunaren arteko konbinazio bitxia.


  1. Askorentzat gainbehera kultural eta politiko galanta izan zen, Aro Iluna edo Erdiaroari hasiera emango ziona. Etapa beltz hau Berpizkundearekin bukatu zen, europarrek kultura klasikoa berrezkuratu zutenean, hain zuzen.  ↩

  2. Aurrean erlijio politeistak dituzte, jainko anitzetan sinesten dutenak. Panteismoa eta animismoa, berriz, gauza guztien izakera jainkotiarra edo gauza guztien animatasunean sinesten dute.
    Kristautasuna erlijio bat da. Hasiera batean hau begibistako gauza bat dirudi, baina gauregungo gizarte laizizatuan ez da horren ebidentea edo ez da behar bezala ulertzen.  ↩

  3. Zer da erlijio bat? Oso zaila da erlijio bat zer den definitzea; horren erlijio ezberdinak bait daude. Baina kristautasuna erlijio mota oso konkretu bat izateak lana errezten digu.
    Sineste-sorta moduan hartuta, kristautauek naturazgaindiko izaki absolutu eta ahalguztidun batean sinesten dute. Izaki horren parte bat haragiztatu egin zen eta munduan sartu gizateria bekataria salbatzera. Horretarako bere bizia sakrifikatu egin zuen eta berriro itzuliko zela agindu, nonbait.
    Bestalde, erlijioak ez dira sineste-sitema intelektualak bakarrik. Kasu askotan ezta funtsean ere. Erlijioak izate soziala dauka eta gizabanakoaren zein gizarte-taldearen mailetan identitate-elementu, talde-kohesio-faktore, zentzu-iturri eta erreferentzi moral moduan funtzionatzen du. Horregatik eliza izeneko antolaketa sozialean oinarritzen da kristauaren bizia. Bakoitzaren bizitza espirituala, baina, nire argudiaketa jarraituz, baita soziala ere.  ↩

  4. Ez dakit analogiarik hoberena den, baina pentsa ezazu futbol taldeen jarraitzaileetan.  ↩

  5. Iturria: Donatismo. (2013, martxoa 19). Wikipedia, Entziklopedia askea. Retrieved 09:32, abendua 1, 2014 from http://eu.wikipedia.org/w/index.php?title=Donatismo&oldid=3732606.  ↩

  6. Letra lodia nirea da. Iturria: Manikeismo. (2013, iraila 6). Wikipedia, Entziklopedia askea. Retrieved 09:35, abendua 1, 2014 from http://eu.wikipedia.org/w/index.php?title=Manikeismo&oldid=3885815.  ↩

  7. Letra lodia nirea da. Iturria: Pelagianismo. (2014, azaroa 26). Wikipedia, Entziklopedia askea. Retrieved 09:37, abendua 1, 2014 from http://eu.wikipedia.org/w/index.php?title=Pelagianismo&oldid=4731951.  ↩