Filosofiaren sorreraren nondik-norakoak

Filosofiaren sorreraren nondik-norakoak

Filosofia Ka VI. mendean sortu zen kolonia grekoetan. Zergatik Ka VI. mendean eta ez lehenago edo beranduago? Zergatik kolonia grekoetan eta ez Egipton, Babilonian edo Txinan?[1]

Hori azaltzeko filosofia posible egin zuten faktoreak aztertuko ditugu. Beste modu batean esanda: ondoren aztertuko ditugun faktoreak gertatu izan ez balira filosofia nekez lor zezakeen sortzeko behar zuen testuingurua.

Faktore erlijiosoak

Aintzinako Grezian ere mitoak erabiltzen zituzten. Beste herri askok bezela, grekoek erlijioak araututako gizarte batean bizi ziren.[2] Egia esan grekoek ez zuten apaiz kastarik. Ez Egipton edo Babilonian zegoenaren parekoa, behintzat. Baina orakuloak, sakrifizioak, prozesioak etabarrekoak sekulako eragina zuten grekoen bizitzan. Irudika ezazu Atenas: ziurrenik Akropolisa etorri zaizu burura. Akropolisa tenpluz osaturiko gunea da, hiriko erdi-erdian, tontor baten gainean dagoena. Beraz, sinbolikoki zein literalki hiriaren erdigunea da. Eta erdigunean ez zuten edozein modutako eraikinik jarriko, benetan garrantzi handikoa baizik.

Ezagutzen ditugun jainko-jainkosek osatutako mitologia grekoen erlijio ofiziala edo Estatu-erlijioa zen. Baina pixkanaka-pixkanaka erlijio ofiziala indarra galdu zuen, gauzak beste modu batean azaltzeko aukera eta beharra sortuz. Tarte horretan sortu zen filosofia.

Faktore politikoak

Badakizu Aintzinako grekoek ez zutela aberri handi bat edo inperio bat sortu: elkarren artean independienteak ziren hiri edo polisetan bizi ziren. Horietako batzuk antolaketa politiko demokratikoa izan zuten[3]; nabarmenki Atenas, gaur egungo Greziako hiriburua. Baina Esparta bezalako diktadurak, aristokraziak, monarkiak eta oligarkiak ere egon ziren.

Demokraziaren funtsa honakoa da: gobernariak eta gobernatutakoak pertsona berberak dira. Beste modu batean esanda: ez dago gobernari bakarra edo estamendu gobernari menderatzaile bat eta menderatutako estamendua.[4] Herritarrek (beraien buruen) gobernuan parte hartzen dute legeak proposatu, eztabaidatu eta bozkatzearen bitartez.

Demokrazia praktikatzeko beharrezkoa da argudiatzea. Izan ere erregeak, generalak, apaizak edo nobleak gobernatzen dutenean ez dago eztabaidarik: beraiek agindutakoa lege da. Baina demokrazian norberak bere ideiak, proiektuak eta legeak aurrera atera nahi baditu besteak konbentzitu beharko ditu. Argi dago argumenturik hoberenak ez duela beti irabazten, baina arazoa egokiro diagnostikatu eta konpontzeko ekintza egokiak proposatzea irabazteko probabilitatea areagotzen du. Eta horretarako arrazoia erabiltzea jainkoei erregutu egitea baino eraginkorragoa da.[5]

Kontuan izan behar dugu filosofia kolonietan sortu zela. Ondoren ikusiko dugunez kolonietan metropolietan baino askatasun gehiago zuten, askatasun politikoa barne.

Faktore ekonomikoak

Ka VIII. mendera aldera polis grekoak jendez gainezka zeuden eta arazo sozialak areagotu egin ziren. Honenbestez eta interes komertzialak zirela eta grekoek koloniak sortu zituzten. Koloniok polis batek antolatutako eta bidalitako kolonoek sortzen zituzten eta polis hari lotuta aritzen ziren, itsas-komunikazioaren bitartez.

Kolonia hauek beste hiri grekoak bezela funtzionatzen bazuen ere metropoliarengandiko urruntasunak askatasuna errezten zuen. Kolonia hauen iharduera ekonomikoa merkataritzari lotuta zegoenez merkatarien garrantzia handitzen ikusi zuen, aristokraziarena murrizten zihoan neurri berberean.

Gaur mendebaldeko Turkia denaren kostaldean zeuden kolonietan sortu zen filosofia. Jonian, alegia.

Kontutan izan ezazu nabigazioak eta merkataritzak astronomia, matematika eta idazkera behar eta sustatzen dituela. Hala pentsamendu abstraktua garatu egiten da (ikus beherago).

Faktore kulturalak

Dagoeneko aztertu ditugu irekitze erlijioso, politiko eta ekonomikoak. Koloniek eta merkatal-harremanek beste bultzada bat eman zioten irekiera honi kolono grekoak bestelako kulturekin harremanean jarri zituelako.

Entzun entzungo zenuen, eta badaiteke bizi izana, bidaitzeak gure ikusmirak zabaltzen zituela. Bestelako ohiturak eta ideiak ikusten ditugu eta horrek berezkoak ditugunak begirada ezberdin batez aztertzea ekar dezake. Askotan gureak indartuko dira, baina beti ere beste kulturen aurrean gurearekiko galdera ikurra piztu egiten da.

Pentsamendu abstraktuaren garapena

Filosofia pentsamendu abstraktuaren ondorioa da. Zer da pentsamendu abstraktua, baina?

Sagarrak

Ikustagun ea pentsamendu konkretua zer den azaltzea errezagoa den. Demagun hau irakutzen ari zarela sukaldetik hiru sagar hartzen dituzula eta mahai gainean jarri. Sagar horiek zenba ditzakezu, bere kolorea deskribatu, beraietaz hitz egin eta amankomunean zer daukaten azal dezakegu. Eta bukatutakoan, jan. Sagar konkretuak dira horiek, Historia osoan zehar egon diren billioka sagarren artean hiru. Eta hiru horiek bakarrik.

Baina bihar sagarrak erosi behar ditudala esaten badut edo Frantzian sagar gozoak hazten dituztela esaten badut ez naiz ari eskura dagoen sagarren bati buruz: ez dira sagar konkretuak. Baina ulertu ulertu egiten dut, sagarraren kontzeptua ezagutzen dudalako. Frantziako sagarrak aipatu ondoren madari baten argazkia erakusten badigute badakigu horiek ez direla Frantziako sagarrak, beste gauza bat baizik. Sagarrei buruz honela hitzegiterakoan abstrakzioa egin dut: ez naiz aurrean ditudan sagarrei buruz, sagar abstraktu batzuei buruz baizik, existitu daitezkenak, edo ez, inoiz daztatuko ditudanak, edo ez. Eta ez du axola inoiz ikusten ditudan edo. Beraietaz esaten dudana ulergarria eta baliogarria da. Are gehiago.

Sagar eta madariei buruz ari banaiz, frutetaz ari naiz, ez da? Izan ere madariak, sagarrak eta platanoak badaukate nolabaiteko partekatutako ezaugarririk. Horregatik guztiei fruta kontzeptua dagokie. Eta kontzeptu horren pean ez dira mailuak edo telibistak sartzen. Beraz fruta kontzeptua madaria edo sagarra baino are abstraktuagoa da, baina oraindik ere ez du edozer gauza izendatzen, gauza mota jakin bat baizik. Hau da, are urrunago dago madari edo sagar konkretu batetik. Eta gero eta maila abstraktuago batean frutak landareak direla esan dezakegu, eta landareak izaki bizidunak direla, etab.

Eta guzti hau sagar konkretu batetik abiatuta. Imagina ezazu zeinen abstraktua den orduan maitasuna bezalako kontzeptu bat. Edo gizateria. Gizateria aipatutakoak ez dakigu eta ezin dezakegu jakin zehazki nor sartzen den kategoria horretan, ezinezkoa baitzaigu izan diren, diren, eta izango diren gizaki guztiak ezagutzea. Eta horrela bada ere erraz esan dezakegu gizateriaren ezaugarria dela bi begi edukitzea. Eragiketa mental hori abstrakzioari ezker egin dezakegu, ez baikaude gizaki konkretu guztiak ezagutu eta zenbat begi daudenaren zai. Are gehiago: begibakarren bat jaioko balitz ere oraindik egokia eta ulergarria litzateke bi begien inguruko gure baieztapena.

Aritmetika

Beste adibide bat. Demagun aurreko hiru sagarrak mahai gainean ditugula berriz ere. Zenbatzerakoak hatzamarra luzatu eta “Bat, bi eta hiru” esango dugu, ezta? Edo, idatziz, 1+1+1=3. Kasu honetan 1=sagar bat. Baina 1 hori nahitanahiez sagarrak zenbatzeko balio al digu? Kasu konkretu honetan sagar jakin bat zenbatzeko erabili dugu. Baina zenbaki horrekin etxe bat, pertsona bat edo zuhaitz bat zenba dezakegu. Beraz 1+1+1=3 izan zitekeen “zuhaitz bat, gehi zuhaitz bat, gehi zuhaitz bat, hiru zuhaitz.”

Horrelako espresioak (1+1+1=3) edozein gauza zenbatzeko balio digu espresio abstraktu bat delako. Orain imagina ezazu zeinen abstraktua izan daitekeen x+y+z=3!

Abstrakzioa filosofiari aplikatuta

Adibide hauen ondoren ulertuko zenuen pentsamendu abstraktua ezinbestekoa dela gizakiarentzat. Begiaurrean daukaguna hatzamarrarekin seinalatzeko gai baino ez bagina, nola hitz egingo genuke urrun dauden senideetaz, askatasunaz, sentimenduetaz edo, kasurako, filosofiaz?

Matematikak diskurtsorik abstraktuenetarikoa dira: teorema eta frogapen gehienek ez dute munduarekin zer ikusi izan beharrik. Matematikak buruarekin egin daitezken gauza bat dira mundurik ez balego ere, edo putzu ilun batean betirako izkutatuta biziko bagina. Matematikari bati arbela eta klariona eman eta mundu osoak deskriba ditzake: unibertso paraleloak, beste dimentsio batzuk… nahi duena.

Filosofiak ere ezinbestekoa du pentsamendu abstraktua, ez baitu hitz egiten niri gaur autobusaren geltokian gertatu zaidan anekdota batetaz, honako gauzetaz baino:

  • Zer da zuzen edo ongi jokatzea?
  • Zerk egiten du koadro bat edo abesti bat polita?
  • Nola gobernatu beharko genuke Estatua ahalik eta justuen izan daiten?
  • Nola egon gaitezke ziur zientziak benetako baieztapenak egiten dituela?
  • Zertan datza giza-duintasuna?
  • Merezi al dute animaliek Giza Eskubideen parte izatea?

Ikus dezakezunez auzi guzti hauek oso abstraktuak dira.

Aintzinaroko Grezian pentsamendu abstraktua bultzatu zuten faktoreak

Itzul gaitezen parentesi luzen hau egin baino lehen eztabaidatzen ari ginen gaira: zer gertatu zen Aintzinaroko Grezian filosofia sortzea posible egin zuen pentsamendu abstratktua gara zedin? Hona hemen zerrendatxo bat:

  • Idazkera alfabetikoa. Txinatarrak eta egiptoarrak piktogramak erabiltzen zituzten idazteko. Hau da, aipatzen duenaren irudiak dira hitzak. Baina feniziarrak gaur egun erabiltzen ditugun letrak asmatu zituzten esan dezakegun edozein gauza oso modu sinplean idaztea posible egiten duena, ahozkeraren islada baita, eta ez “objektuaren itxurarena”. Idazkera honen bitartez edozein ideia testu batean kodifika daiteke, eta horrela transmititu.
  • Dirua. Dirua sekulako abstrakzio maila dira. Trukearen bitartez norberak dituen objektuak behar dituen objektuengatik truka ditzake. Baina oiloak hazten baditut eta oinetakoak behar baditut baina zapatagileak ez baldin badu oiloren beharrik, nola lortuko dut zapata parea? Jakin beharko dut zapatagileak zer behar duen eta, nola edo hala trukeak egin beste hori lortu harte. Diruaren bitartez, ordea, guztiok partekatzen dugun gauzen balioaren erreferentzia sistema daukagu. Horrela, zapatariak prezioa jarriko dizkie oinetakoei eta nik oiloei. Oiloak merkatuan salduko ditut diru truk eta diru hori zuzenean oinetakoak erosteko erabiliko dut. Edo gorde eta pilatu egingo dut dirua. Edo lagun bati bidali. Edo… ulertzen duzu, ezta?
  • Egutegiak. Oso erabilgarriak merkataritzarako.
  • Astronomia. Merkatariak eta kolonoak bidea topatzeko beharrezkoa.
  • Matematikak. Merkataritzarako ezinbestekoa, dirua eta ondasunak kudeatzeko.
  • Kosmosaren ideia. Lehenengo filosofoek kosmosari buruz aritu ziren. Kosmosa dagoen guztia biltzen du bere baitan. Ezin abstrakzio maila altuagorik egon. Eta dagoen guzti hori berez ordenatuta dago. Hortaz ez dugu kanpoko jainkorik behar bere funtzionamendua azaltzeko.

  1. Aintzinaroko Txinan edo Indian filosofiarik bazegoela defendatu daiteke. Baina horren eztabaida sakonetan sartu beharrean Mendebaldeko tradizio filosofikoari atxekituko gatzaizkio.  ↩

  2. Gure espezieak guztiari zentzua eman behar dio. Oso gaizki jasaten dugu zentzugabekeria eta ezezaguna. Horregatik edozein fenomenoren aurrean —tximistak zein lagun batek guri gezur esatea edo pertsona batek buruaz beste egitea— nola eta zergatik gertatu den jakin nahi dugu. Horrela lortuko dugu gertakaria ulertzea.
    Gainera gertatzen diren fenomeno guztiak mundu zabalago baten parte direla uste dugu. Dena Unibertsoan gertatzen da. Eta Unibertso honek esentzia eta funtzionamendu jakin bat dauka: arau batzuk gobernatzen dute, eta ez kaosa. Gertakari konkretuak beti gertatzen dira beste gauza guztiekin harremanean eta modu ulergarri batean.
    Baina nolakoa da Unibertsoa eta zergatik da den modukoa? Homo sapiensak kontzientzia eta lengoaia dituenetik litezkeena da horrelako galderak erantzuteko eta garrantzitsuak diren auzien inguruan jarduteko mitoak erabili izana.  ↩

  3. Egia esan demokrazia filosofiaren sorreraren ondoren sortu zen. Horrela esan dezakegu filosofia eta demokrazia aldaketa berberaren ondorio direla, lehengoa bigarrenaren ondorio baino.  ↩

  4. Hala ere demokrazia grekoa ez zen unibertsala. Atenasen herritarrak bertako gizonezko lurjabe askeak ziren. Kanpotarrak, emakumeak eta esklabuak ez zituzten eskubide politikorik eta ezin zuten parte hartu azaldutako prozedura demokratikoetan. Beraz gure egungo sistema politikoarekin zerikusi gutxi duen demokrazia estamental, patriarkal eta esklabista zen.  ↩

  5. Sofistak sokratesen garaiko filosofoak izan ziren. Irakasle profesionalak ziren eta bizimodua hiritar aberatsak agoran diskurtsoak egin zezaten prestatzearen bitartez irabazten zuten. Horretarako erretorika garatu eta landu beharra zegoen.
    Jarduera demokratikoak argudiaketa arrazionala sustatzen badu ere honek ez du zertan justizia eta ontasuna ekarri behar. Arrazoia zitalkeriaz erabilita besteak engainatzen ere saia gaitzeke.  ↩