Miletoko Tales

Tales filosofoa Ka VII-VI. mendeetan bizi zen Joniako Mileton. Politikari zuhurra eta zientzilaria ere izan zen. Ustez ez zuen libururik idatzi: bere pentsamendua zeharkako ahozko tradizioak ekarri digu.

Arkhé-a. Talesek abiarazi zuen physis-aren filosofia estreinekoz jatorrizko printzipio bakarra dagoela, diren gauza guztien sortzailea. Printzipio hori Ura da. Printzipioa edo Arkhéa izaki guztien sorrera da, den guztiarena. Aldaketa guztietan aldatugabe dirauen errealitatea da. Horrela, Arkhé-a guzti hau da:

  1. Gauza guztien iturri eta jatorria.
  2. Gauza guztien bukaera eta amaiera.
  3. Gauza guztien sostengu jarraitua (beranduago, substantzia).

Physis natura esan nahi du. Ez zentzu modernoan, printzipio iraunkor edo jatorrizko errealitatearen zentzuan baizik.

Zergatik da Ura Arkhéa? Gauza guztien sostengua da ura. Gauza guztien hazia eta jatorria hezea da. Erabateko lehortzeak heriotza dakar. Bizitza lotuta dago, beraz, hezetasunera. Eta hezetasunak ura eskatzen du. Horregatik dio Talesk Ura denaren iturri, sostengu eta bukaera dela.

Uraren inguruko mitologia. Aintzinaroko Greziako mitologian urak garrantzi handia zuen gauzen hasiera moduan. Ozeano[1] eta Tetis gauza guztien aita eta ama ziren.

Baina Talesen jarrera oso ezberdina da. Berea ikuspuntu arrazional hutsa da, logosean oinarritutakoa. Mitoek fantasia eta poesiara jotzen dute. Talesen arrazionaltasunaren mailaren berri Ka 585. urteko eklipsea aurresan zuela dugu. Baita bere izena hartu duen teorema matematikoaren formulazioa.

Talesek aipatutako Ura ez da edaten dugun ura, jatorrizko Ura baizik, jatorrizko physis likidoa. Tales, bide batez, ez zen materialista moderno bat, aintzineko naturalista bat baizik. Praktikan ura eta Jainkoa gauza bera dira. “Jainkoa gauzarik zaharrena da ez delako sortua izan.” Hau da, printzipioa da.

Panpsikismoa. Jainkoa ulertzeko modu berri hau arrazoiak gidatzen du eta grekoen fantasiazko jainkoen panteoi politeistarekin bukatzera dago deitua. Talesek “dena dago jainkoz beteta” adierazi zuenean guztia jatorrizko printzipioak zeharkatuta dagoela aditzera eman nahi zuen. Arkhé-a bizitza denez, dena dago bizirik eta guztiak dauka arima. Horren adibidea burdina eta imana dira: imanaren indarra bere bizitzaren manifestazioa da.


  1. Urano eta Gearen semea, Titan bat. Mundua inguratzen zuen erreka ere bazen. Lurra bere gainean flotatzen zuen.  ↩