Pitagoras eta orfismoa

Matematika. Pitagorikoak, Aristotelesen esanetan “matematikaz arduratu ziren lehengoak izan ziren eta berau aurreratzea lortu zuten. Matematikak bultzatuta, matematikaren printzipioak diren gauza guztien printzipioak zirela uste zuten.” Horrela, errealitatea zenbakietan dago oinarrituta. Guztia ordenatzen duen logosa ez da, filosofo fisikoen kasuan bezala, ura, airea edo sua. Konturatu egin ziren naturan gauza guztiak zenbakizkoa harremanak dituztela: urtea, urtaroak, hilabeteak, eguna, etabar. Baita ere biologiaren zikloak, soinuak eta musika eta beste hainbeste fenomeno. Zenbakia, bestalde, ez da guk gaur zenbakitzat dugun ideia abstraktu bat. Aintzinaroan zenbakia gauza erreal bat zen.

Zenbakien ikuspegia interesgarria bada ere, pitagorikoek zenbakien zientzia helburu bat lortzeko bitarteko moduan erabili zuten. Helburu hori bizimodu jakin bat praktikatuta arima araztea[1] zen arima gorputzetik askatzearren.

Metempsikosia. Pitagoras izan zen metempsikosiaren doktrina defendatu zuen lehendabiziko filosofoa. Honen arabera arimak jatorrizko errua duela eta behin eta berriro haragitu beharra dauka gizaki edo animali itxurarekin erru hori garbitzeko. Garbitzea ezagutza eta praktika erritu jakin batzuen bitartez lortzen zen. Pitagoras berak aurreko bizitzak gogoratzen omen zituen.

Orfismoa. Orfismoa kultu misteriko bat da. Kultu hauek greziako erlijio ofizialetik aparte zeuden eta ekialdean zuten jatorria. Kontutan hartu ekialdea askotan Egipto esan nahi duela testuinguru honetan. Beste gauza batzuen artean orfismoak haragiztatzean sinesten zuten, eta handik atera zuen Pitagorasek ideia.

Bios theoretikos. [2] Salbazioa ezagutza edo zientziaren bitartez eta jardute moralaren bitartez lortzen zela uste zuen. Honen helburua dibinitatearekin batzea zen. Hasieran dibinitateak kutsu erlijiosoa bazuen ere arrazoiaren erabileraren bitartez gero eta abstraktuagoa bihurtu zen. Bizitza egiaren ezagutzari ematen zioten, eta hori zen arima arazteko modua.


  1. Purificar.  ↩

  2. Bizitza kontenplatiboa.  ↩