Zer dira mitoak?

Kaleko hizkuntzan mito hitzak badauka erabilerarik. Bitxia badirudi ere kontrako bi zentzu ditu. Alde batetik oso ona iruditzen zaigun zerbait deskribatzeko erabiltzen dugu. “Maradona futbol jokalari mitikoa da! Nola da posible zuk ez ezagutzea?” Bestalde gezurraren esanahia ematen diogu. “Yetiaren existentzia mito bat da.”

Baina filosofiako eskolan mito hitzak beste esanahi sakonagoa dauka. Esanahi hori argitzen saiatuko naiz ondoren antropologiaren ekarpenetik abiatuta.

Mitoen definizioa

Mitoak jatorri ezezaguneko sinboloz beteriko narrazioak dira askotan, hau da, ez beti, sinesmen erlijiosoekin erlazionatuak. Mitoak mundua eta gizteria egun den moduan izatera nola heldu den azaltzen duen istorio sakratua da, ipuinak eta fabulak ez bezala. Hor datza erlijioarekin lotura, bada.

Sinboloz beteriko narrazioak izatea ipunengadik eta kondairatik bereizten ditu mitoak. Ez dira Txanogorritxoren abenturak. Eta izango balira, istorioaren esanahia interpretatu beharra legoke. Istorio sakratuak direla esaterakoan kontatzen edo antzezten dituztenentzat sekulako garrantzia dutela esan nahi dugu. Berriz: ez dira pasadizoak edo anekdotak, gauza oso serioak baizik.

Lauri Honko-k mitoak identifikatu eta definitzeko lau erizpide ezarri zituen:

  1. Forma. Mitoak kontatu edo dramatizatu daitezkeen kontaerak dira.
  2. Edukia. Mitoen edukia sakratua da eta naturaz gaindiko edo alegiazko izakiekin lotuta dago.
  3. Funtzioa. Mitoek funtzio anitzak betetzen dituzte. Garrantzitsuenetarikoak mundua, izadia, gizakiak, gizarte-instituzioak eta teknologia bezalako gaiei buruzko azalpenak ematea da. Beste garrantzizko funtzio bat portaera eredu izatearena da. Hau da, nola jokatu behar dugun azaltzen digute, eta zergatik. Jokabidea eta justifikazioa ematen digute eraberean.
  4. Testuingurua. Mitoak erritoekin harreman estua daukate. Mitoak ez dira denborapasak, errito eta sineste erlijioso edo espiritualen parte baizik. Kontatzerakoan edo antzezterakoan bizia hartzen dute eta iraganeko gertaera garrantzitsuen lekuko bihurtzen gara.

Mitoen ezaugarri orokor batzuk

  • Mitoak kulturaren eramaile nagusiak dira eta beraien bitartez sinbolo sakratuak eraikitzen dira.
  • Naturaren indar kontrolagaitzen esperientzia eta azalpenei lotuta daude.
  • Istorio sakratuak kontatzen dituzte: naturaz gaindiko izakien ingurukoak, heroi boteretsuei buruzkoak (jainkoak, askotan).
  • Aintzinako, hasierako edo jatorrizko garaietan kokatzen diren gertakizunei buruzkoak izan ohi dira, eguneroko bizitzatik apartekoak, eta koindairak ez bezala.
  • Mito sakratuak honeko gaiei buruzko azalpenak ematen dituzte:
    • izadiaren izaera
    • gizateriaren jatorria
    • unibertsoaren jatorria
    • hil-ondorengo bizitza
    • espirituen eta jainkoen existentzia
    • heriotzaren, suaren, animali edo landareen jatorria
    • gizarte-instituzioen eta giza-fenomenoen zergatia: gerra, ezkontza, sakrifizioa, bidegabekeria, oinazea, etab. Orokorrean gizakia eta gizartea diren modukoak izatera nola heldu diren azaltzen dute.

Mircea Eliade-ren arabera mitoak ezagutzea gauzen jatorri sekretua ezagutzea da. Mitoak askotan iniziazioa jaso dutenei bakarrik kontatzen zaie, sektretua delako. Eta sekretua da boteretsua delako. Mircea Eliade-k berak mitoen inguruan esan zuen kulturaren oinarrizko osagarria direla eta benetako bizipenak direla. Ez dira kontatzen soilik, bizi egiten dira.

Eta mitoak bost ezaugarri dituztela proposatu zuen. Orain arte esandakoa laburbiltzeko balioko digute:

  1. El mito constituye la historia de los actos de los Seres Sobrenaturales.
  2. Esta historia se considera absolutamente verdadera (porque se refiere a realidades) y sagrada (porque es obra de los Seres Sobrenaturales).
  3. El mito se refiere siempre a una ‘creación’, cuenta cómo algo ha llegado a la existencia o cómo un comportamiento, una institución, una manera de trabajar se han fundado. Es ésta la razón de que los mitos constituyan los paradigmas de todo acto humano significativo.
  4. Al conocer el mito, se conoce el ‘origen’ de las cosas y, por consiguiente, se llega a dominarlas y manipularlas a voluntad; no se trata de un conocimiento ‘exterior’, ‘abstracto’, sino de un conocimiento que se ‘vive’ ritualmente, ya al narrar ceremonialmente el mito, ya al efectuar el ritual para el que sirve de justificación.
  5. De una manera o de otra, se ‘vive’ el mito, en el sentido de que se está dominado por la potencia sagrada, que exalta los acontcimientos que se rememoran y se reactualizan. [1]

Eliade beraren esanetan mitoak munduak, pertsonak eta bizitzak naturaz gaindiko jatorri eta historia daukate, eta horregatik historia hori esanguratsua, baliogarria eta eredugarria da. Indarrean dauden mitoak sortu eta erabiltzen dituzten gizarteen egoera eta beharren islada dira. Heiztari-biltzaileen artean mito batzuk heizatzen dituzten animalien jatorriari buruzko mitoak kontatzen dituzte eta heizarekin lotutako ohiturak azaltzen. Artzain-gizarteetan bazkarekin zerikusia duten mitoak daude eta nekazal-gizarteetan nekazal-teknikak azaltzen dituztenak. Japonian, kasu, lurrikara ugari daude; ondorioz lurrikaren Nai-no-kami jainkoa daukate, eta berari buruzko hainbat mito.

Mitoen egia

Mito hitza alegiazko historiak adierazteko erabiltzea ez da gaurko kontua. Aintzinaroko grekoen garaitik egin izan da, K.a. VI. eta V. mendeetan mitoen egiatasuna zalantzan jarri zutenetik. Izan ere mitoak logosaren edo diskurtso arrazionalaren aurkakotzat zituzten. Mitoak erabiltzen dituzten pertsonek egiazkotzat dituzte, enpirikoki egiaztatu ezin badira ere.

Mendebaldatarrok mundua kategoria dikotomikoen bitartez ikusten dugu: errealitatea / ez-errealitatea; natura / naturaz gaindikoa edo egia / faltsua. Bestelako kultura askorentzat eguneroko esperientziak, ametsak eta pensamendu mitikoa errealitate bakarrar baten parte dira eta beraien harteko harreman estuak dituzte. Horregatik mitoak dira horren garrantzitsuak kultura horietan.

Horregatik mitoen baliotasuna ez datza gertatutako errealitateak kontatzen duten edo ez (zientzia bezala). Beraiengan sinistu ezkero munduari buruzko perspektiba bat ematen digute eta horrela diskurtso intelektualaren eta gizarte-elkarrekintzaren abiapuntu bihurtzen dira. Mitoak denbora pasa ahala intentzio kontzienterik gabe aldatzen badoaz ere aldagaitzatzat dituzte sortu dituztenek.

Mitoak ez dira naturaren fenomenoen adierazpen poetiko hutsak edo zientzia primitiboren bat. Batzutan mitoak pentsamenduaren gaixotasun bat bezala ulertu izan dira, gizarte tradizionaletako pertsonek esanahi abstraktuak ulertzeko eta erabiltzeko gai izango ez balira bezala. Ernst Cassirer-ek pentsamendu zientifikoa eta mitikoa kausa eta efektuen arteko harremanak ezartzen saiatzen direla zioen, baina pentsamendu mitikoak modu sinboliko eta okerrekoa.

Claude Lévi-Strauss-ek, ordea, pentsamendu zientifiko eta mitikoaren artean funtsezko ezberdintasunik ez dagoela uste du. Biek esperientziaren munduko gauzen arteko harremanetaz ari direnean prozedura logikoa jarraitzen dute. Mitoa, beraz, ez da errealitate ez-zientifiko edo primitibo baten errepresentazioa. Mitoak ez dira ezagutza prezientifikoa, prozedura zientifikoa eta mitoak bi dimentsio ezberdin baitira.

Azken finean mitoak giza-gogoaren funtzionamendua islatzen duen barne-logika dauka. Izan ere, Lévi-Strauss-en estrukturalismoaren arabera gauzen izaera ez dago gauzen barrenean, gauzen artean ezartzen ditugun harremanetan baizik!

Filosofia eta mitoa

Zergatik ari gara mitoetaz filosofiako ikasgaian, baina?

Alde batetik mitoak gure espeziaren historia luzean zehar mundua eta gizakiari buruzko pentsamoldea osotu dute. Bere baitan izugarrizko garrantzia izan dute. Izan ere pentsakera mitikoa neurri batean edo bestean gure estruktura intelektualaren parte da. Historian mundua interpretatzeko eta ulertzeko modu alternatibo eta berriagoak diren filosofia eta zientzia sortu baditugu ere hauek ez dute pentsakera mitikoa ordezkatu. Gure pentsamenduaren barne logika mitikoa da, eta filosofia eta zientzia horren gainean gehitu ditugun baliabideak dira.

Bestalde filosofia sortu zenean nolabait pentsakera mitikoari aurre egin behar izan zion. Filosofiaren ezaugarri berriak argiago adierazteko mitoaren kontra altxatu zen eta mitoa ordezkatzen zuela aldarrikatu zuen filosofiak berak. Mitoak ikuspegi zaharra baziren, ikuspegi berria garatzerakoan beztertu beharra zegoen.

Baina mendeen bueltan egindako filosofiaren historiaren analisiek normalean hasierako filosofoen bertsio hau mantentzen badute ere, onartu beharra dago hasierako filosofoek ere batzutan mitoak sortu zituztela beraien pentsamendua azaltzeko.

Gaur egun zientziak berak munduaren azalpenean lehentasuna edo esklusibitatea izan nahi du. Horretarako ez da bakarrik meritu propioetan oinarritzen; batzutan mundua interpretatzeko beste modu batzuk gaitzetsi egiten ditu. Benetako mentalitate zientifikoa duen pertsona, ordea, zabalik egon ohi da gizakion eta munduaren konplexutasuna onartzeko eta bizitzari aurre egiteko zientzia hutsa baino gauza gehiago behar direla aitortzeko.


  1. Eliade, Mircea. (1985). Mito y realidad. Barcelona: Labor. p. 25.  ↩