Sokrates

Biografia. Sokrates Atenasen jaio zen K.a. 470 edo 469. urtean. Atenasen bertan hil zen K.a. 399.ean hiltzera kondenatuta polisaaren jainkoengan ez sinesteagatik eta gazteria okerbideratzeagatik. Sokratesek ez zuen eskolarik sortu, baina Atenaseko leku publikoetan zabaldu zuen bere filosofia. Garaian sekulako arrakasta izan zuen gazteriaren zein nagusien artean.

Ez zuen libururik idatzi, bere mezua hitzez zabaldu nahi zuen, elkarrizketa eta dialektikaren bitartez. Bere jarraitzaileek idatzi zituzten Sokratesen doktrina, baina kontraesan asko dago horien artean. Sokratesi buruz gehien idatzi zuena Platon izan zen, Sokratesen ikaslea. Baina Platonek bere elkarrizketen pertsonai bezala sartzen duenez Sokrates zaila da Sokratesen eta Platonen pentsamendua bereiztea.

Psyche-a, gizakiaren esentzia. Sokrates filosofo fisikoen hausnarketen berri izan zuen eta huen balorazioa ez zen ona izan. Dena eta denaren kontrakoa defendatu zutelaz jabetu zen: izatea bakarra da edo izatea anitza da; dena mugitzen da edo ezer ez da mugitzen; dena sortzen da eta suntzitzen da edo ezer ez da ez sortzen ez suntzitzen. Gizakiak arazo hauek konpondu ezin zituela ondorioztatu zuen eta gogoetaren ardatza kanpoko errealitatea eta naturaren izatetik gizakion esentziaren ikerketara aldatu zuen. Sofistek ere antzeko mugimendu bat egin zuten baina Sokratesek erabat ezberdinak ziren ondorioetara heldu zen.

Gizakiaren esentzia bere arima da, arima bait da gizakion ezaugarri bereizgarria. Sokratesen ustez arima arrazoiaren, pentsamenduaren eta portaera etikoaren egonlekua da, ez arima kristaua. Arima denez gure izatearen parterik baliotsuena norbera zaintzea eta arima zaintzea gauza bera dira. Hezitzailearen helburu gorena gizakiei bere arimaren zaintza irakastea da.

Arete-a eta balioak. Grekoek areté deitzen zioten bertuteari. Bertutea gauza baten izatea izan daitekeen onena eta perfektuena bihurtzean datza. Izan beharko litzatena izatera eta berau perfekzionatzera daramana da. Horrela txakurraren bertutea zaindari ona izatea da. Zaldiaren bertutea azkarra izatea da. Gizakion bertutea arima behar den modukoa egiten duenean datza, bere izaeraren arabera: ezagutza edo zientzia. Hori da arima on eta perfektu bihurtzen duena. Bizioa bertutearen aurkakoa izanda, gizakiontzat ezjakintasuna da.

Benetako balioak ez daude kanpoko gauzei lotuta: dirua, boterea edo ospea, esaterako. Ez daude gorputzera lotuta ere, edertasuna, bizia, sasoia edo indarra dauden bezala. Arimaren balio guztiak ezagutzan biltzen dira. Honek ez du esan nahi aipatutako gauza hauek inolako baliorik ez dutela, bere balioa jakituriaz erabiltzetik datorrela, baizik. Ezagutzak, arimak eta areteak eskatzen duen moduan erabilita izango dira baliotsuak, eta ez bere baitan.

Intelektualismo morala. Gizakiaren joera zoriontasuna lortzea da baina zoriona non eta nola bilatu da arazoa. Sokratesentzat ontasun morala ezagutzaren ondorioa da. Bi proposizio hauetan laburbiltzen da intelektualismo moral hau:

  • Bertutea eta bertute guztiak —jakituria, justizia, indarra, neurria, etab.– ezagutza/zientzia dira. Filosofo fisikoek kosmosa arrazoiaren menpe jartzen saiatu ziren bezela Sokrates gizakien bizitza eta balioak arrazoiaren menpen jartzen saiatu zen.
  • Inork ez du nahita, jakinda, okerrik egiten. Gaizki egiten duenak ongiaren ezjakintasunak bultzatuta jokatu du. Gizakiok gure hobebearrez jokatzen dugu beti. Gaizki jokatzen dugunean ere ez dugu gaizki jokatzearren egiten, ekintza horretatik onuraren bat lortzea espero dugulako baizik. Kalkulu akats baten ondorioa da, beraz, gaitza. Ongia lortuko dugulakoan gaitza egiterakoan ezjakintasunaren biktima garelako da.

Kritika moduan esan genezake ongiaren ezagutza ongia egiteko beharrezko baldintza dela, baina ez baldintza nahikoa.

Sokratesen metodoa. Sokratesek bilatzen zuen egia ez zen aurreko filosofo presokratikoek bilatzen zutena. Haren ustez gizakiak physisari buruz jakin dezakeenak ez du inolako garrantzirik. Honetan bat egiten du sofistekin. Norberaren ezjakintasuna onartzea da egokiena, eta horregatik zioen: “ezer ez dakidala baino ez dakit”.

Metodo dialektikoa eta metodoaren helburua. Sokratesek bilatzen zuen egia askoz gertuago dago gizakiarengandik. Gogoeten bidez definizioak bilatzen zituen: zer den zintzo izatea, eta zer, lotsagarri; zer den bidezkoa, eta zer bidegabea; zer zentzuduna, zer zentzugabea; zer adorea, zer koldarkeria; zer ederra eta zer itsusia… ezinbestekoa baita bertuteak ezagutzea bertutetsu izan ahal izateko.

Nola jakin daiteke, baina, zer den Edertasuna, edo Justizia, edota Zentzutasuna, edo Adorea, edo Zintzotasuna? Horretara iristeko erabili zuen metodoa taldeko eztabaidan oinarrituta dago eta bi fase ditu: ironia eta maieutika.

Definizio unibertsalak. Sokratesen eztabaidak “zer da…?” galderarekin hasten ziren beti. Definizioak bilatzen zituen, beraz. Haren ustez definizio horrek du definitu nahi duen kontzeptuaren esentzia. Esentzia kontzeptu horren barruan sartzen diren objektu guztiek komunean duten oinarria da, bigarren mailako gainerako ezaugarri guztiak alde batera utzita.

Esate baterako, “zer da justizia?” galderaren erantzuna bilatzean, justiziaren definizioa bilatzen du eta horretan dago, hain zuzuen ere, justiziaren esentzia; hau da, justuak diren ekintza guztiek komunean dutena.

Definizioak bilatzeko erabiltzen duen metodoa induktiboa da: kasu partikularretatik abiatuta, definizio orokorrera iritsi nahi du. Aipatutako adibidean, esaterako, Sokratesi eta solaskideari justuak iruditzen zitzaizkien zenbait ekintza errepasatu zituzten, komunean dutena —justizia, hain zuzen ere— aurkitzen saiatuz. Galdera-erantzuneko labirinto baten antzeko bidea agertzen da.

Ironia sokratikoa eta “ez-jakitea”. Ironia solaskideari bere ezjakintasunaz oharraraztean datza, horretarako galdera egokiak eginez. Sokrates benetan trebea zen ironiaren aplikazioan. Bere burua jakintsutzat zuena konturatzen zen ezer ere ez zekiela, Sokratesen galderen eraso zorrotza jasan ondoren. Galdera horien bidez, kontraesanetan erorrarazten zuen aurkaria; edota ezin erantzun uzten zuen; edo galdera berari nahi hainbat erantzun emanarazten zion, azkenean ezer zehatzik esaten ez zuela.

Gezurtatzea eta maieutika sokratikoa. Maieutika, etimologikoki, emaginaren lana da. Hau da, erditzerakoan mundura umeak ekertzen laguntzea. Sokratesen ama emagina zen, eta Sokratesek berak maiz esaten zuen bere lana ere erditzen laguntzea zela; baina umeak erditzen lagundu ordez, egia erditzen laguntzen zuen. Solaskidea ustezko jakinduriaz hustu ondoren ironiaren bidez, bere barnean zituen erantzuen egokiak bilatzen eta ateratzen laguntzen zion maieutika erabiliz; horretarako galderak egiten eta erantzunak jasotzen jarraitzen zuen. Horrela, bada, egia norberaren barruan dagoela uste zuen; aurkitu baino ez dela egin behar eta, aurkitzeko, bilatu egin behar dela. Hori lortzeko bide egokiena eztabaida da. Metodo hori, bestalde, ezin da aurrera eraman idatziez, galdera berriak azken erantzunean oinarrituak baitira. Horretarako egokiena ahozko eztabaida da. Horixe da Sokratesek egin zuena eta horregatik ez zuen ezer idatzi.

Antierlatibismo morala. Bestalde, Sokratesek bilatzen zuen bertutea oso gutxitan definitzen zuen argi. Dialogoen buekaera gehienetan onartu egiten omen zuen elkarrizketa hura gaiari buruzko inguratze bat baino ez zela izan, eta askoz gehiago landu eta eztabaidatu beharko zela oraindik. Baina jakinduria lortzeko bide bakarra eztabaida edo dialogoa zela zioen. Eta bilatzen zuen jakinduria hori ez zen teorikoa, praktikoa baizik; bertutea zer den ezagutzearen helburua ez zen jakinduria hutsa, haren aplikazioa baizik; bertutea zer den ezagutuz bakarrik irits daiteke bertutetsu izatera, bai norbere buruarekin eta baita hiria osatzen duten besteekin ere. Horrez gain, justiziaz edota ongiaz bakoitzak gauza desberdina ulertzen bazuen, nola erabaki asanbladan lege bat justua den ala ez? Horregatik elkar ulertzeak aldez aurretik hitzen esanahia zehaztea eskatzen duela zioen Sokratesek.

Sokratesen heriotza. Sokrates K.a. 399. urtean hil zen, astaperrexila[1] izeneko landare baten zuku pozoitsua edan ondoren. Horixe izan zen Atenaseko tribunal batek ezarri zion kondena, pozoituta hiltzea, eta ez zuen lagunek prestatu zioten ihesaldia onartu nahi izan. Sokratesek legea errespetatu egin behar zela pentzatzen zuen eta bizitza osoan hiri defendatu zuenez, legea errespetatu zen. Bestalde, heriotzarekin mundu materialetik libratuko zela uste zuen, arimaren hilezkortasunean sinesten baitzituen.

Bi izan ziren tribunalaren akusazioak: erlijiogabetasuna eta gazteen perbertsioa. Askotan aipatu da aitzakiak baino ez zirela izan, eta benetako arrazoiak beste batzuk izan zirela. Besteak beste, demokraziarekin oso kritiko izatea eta erori berria zen Hogeita hamar Tiranoen gobernu odultsuaren zenbait partaideren irakasle izatea.


  1. Cicuta edo Conium maculatum.  ↩