Platon (1/6): Datu biografikoak eta testuinguru historikoa

Datu biografikoak eta testuinguru historikoa

Heziera

Platon Atenasen jaio zen K.a. 427. urtean. Antza Aristokles zuen egiazko izena, nahiz eta denek Platon deitzen zioten: sorbalda zabalekoa. Amak Periktione zuen izena eta Solon legegilearen familiakoa zen. Aita Ariston izenekoa Kodro erregearen ondorengoa omen zen. Anai bi izan zituen, Glauko eta Adimanto. Errepublikan aipatzen ditu. Karmides eta Kritias oligarka handiki ospetsuak osabak izan zituen. Platonen familia, beraz, entzute handikoa zen, eta ageri denez politikarako zaletasuna leinutik zetorkion.

Platon jaio eta handik gutxira Perikles hil zen, eta orduantxe hasi zen Atenas hiriaren gainbehera. Nolanahi ere, Platon gazteak goi-mailako familia greko bati zegokion heziera izan zuen eta Perikles agintariaren aroaren hezkuntza-tradizioan murgilduta arteak eta letrak ikasi zituen. Dramak eta olerkiak idatzi zituen gazte-gaztetan. Urte batzuk geroago erreko zituen, Sokrates ezagutu ondoren.

Goi-etorkiko familietako tradizioari jarraiki Platonek karrera militarraren oinarrizko hezkuntza jaso zuen eta egin-eginean Peloponesoko gudan zalditerian borrokatzera iritsi zen. halaber, senideen lanbidearen ildotik eginkizun politikoei ere eutsi beharko zien. Baina politikaria izateko bidea zapuztu egin zitzaion.

Politikarako joera

K.a. 407. urtean hogei urte zituenean Sokrates ezagutu zuen eta haren taldekide egin zen. Sokratesek ezon hobeto erabiltzen zituen erretorika eta elkarrizketa, baina garai hartako iritzi nagusien aurka, zuzentasun etikoa bilatu nahi zuen eta horixe zen haren jardunbidearen araua.

K.a. 403. urtean demokrazia berrezarri zen Atenasen, Hogeitamar tiranoen dikatadura laburraren ondoren. Demokrazia indarrean zegoela, K.a. 399. urtean, Sokrates epaitu zuten eta heriotz zigorra ezarri. Leporatutako delituak jainkoengan ez sinestea eta ideia hori erakutsita gazteria usteltzea izan ziren.

Sokratesen heriotz bidegabekoak sekulako eragina izan zuen Platonen pentsamendu politiko eta filosofikoan. Politikarako zuen jarrera ere galdu egin zuen eta arazo politiko eta moralak bihurtu ziren bere gogoeta-gaiak: Nola zen posible sokrates bezalako pertsona zuzen bati heriotza-sigorra ezartzea? Une horretatik aurrera, Atenaseko filosofoak gaitz iritziko dio politikan jarduteari, eta gizarte-antolakuntza teorikoki asmatzera egingo du, demokrazia-sistema ustela garbitzeko.

Kriton izeneko elkarrizketan kontatzen digunez, Sokrates kartzelan zegoela, behin baino gehiagotan proposatu zioten ihes egitea lagunek, baita atzerrira joatea ere, zaindariak erosita baitzituzten. Sokratesek uko egin zion proposamenari: heriotza-zigorra bidegabea izan zen arren bizitza osaoan hiriaren legeak bete behar direla aldarrikatzen pasatu ondoren momentu hartan ere bete behar zituela defendatu zuen. Beste modu batean jokatu izan balu jeandeak legeak alde zituenean baino ez zituela betetzen leporatuko zioten. Lagunen artean hil zen astaperrexilaz egindako edabea irentsita.

Bidaiak eta akademiaren sorrera

Sokratesen lagunak arriskuan zeuden haren kontrako epaiketa eta heriotza-zigorraren ondoren. Gauzak horrela, Platonek Atenastik alde egin zuen eta Megarara joan zen Euklidesekin matematika ikastera. Ondoren Egiptora bidaiatu zen geometria ikastera. Azkenik, 40 urte zituela Siziliara iritsi zen pitagorikoen ekarpenak ezagutzearren. Harreman honek zahartzaroko zenbakiekiko grina piztu zion.

Siziliako Sirakusan zebilela Dionisio I.a erregearen koinatua zen Dion Platonekin adiskidetu zen. Eta Sirakusan bere sistema politikoa ezartzeko proposamena egin zion. Platon eta Dionisio haserretu egin ziren eta filosofoak alde egin zuen Atenasen etsai zen Eginako uharteraino. Han esklabo hartu zuten baina Anikeris merkatariak 1200 zilarrezko txanpon ordaindu zituen Platon askatzeko.

Atenasera itzuli egin zen eta K.a. 387an Akademia sortu zuen Akademo heroiaren ohorez izendatutako lekuan. Matematika, astronomia eta zientzia fisiko ikerpenak egiten zituen han, eta politikariak izango zirenak askatasunez hezi.

K.a. 369an, 58 urte zituela, Dionisio hil zen eta Dionek berriro gonbidatu zuen Platon Sirakusara. Bertan Dionisio II.a oinordearen heziketaz arduratu beharra zuen. Baina Dion eta Dionisio II.a etsaitu egin ziren eta Dionek Siziliatik alde egin behar izan zuen. Platon, berriz, Atenasera itzuli zen Dionisio II.ak jaramonik egiten ez ziolako.

K.a. 361ean, 66 urte zituela, Dion Sirakusara itzuli eta agintea eskuratu zuen. Hirugarrenez joan zen Platon Siziliara, oraingo honetan konstituzioa idazteko laguntzeko betebeharrarekin. Baina K.a. 353an Dion erail zueten eta Platon politika praktikoa utzi, Atenasera itzuli eta ez zen berriro handik atera behar.

Sirakusako hirugarren bidai honetan izandako esperientzia praktikoa txarra izan zen eta Akademian murgildu zen Platon lan teorikoa burutzeari. Zuzentasuna eta haren gaineko benetako ezagutza izan zen Platonen gogoeta-gaia, zuzentazuna baitzen gobernatzeko erizpidea. Jakintzuenak gobernatu behar dute hiria, Errepublika VII liburuan irakurriko dugunez.
K.a. 347an hil zen 80 urte zituela eta sekulako arrastoa utzita Mendebaldeko filosofia eta pentsamenduan.

Idazlanak

Platonen obraren garrantzia Aristotelesenarekin pareka daiteke garai klasikoan. Garai hartan izandako eragina gaurdaino iritsi da. Bere idazlanak gorde zituzten Akademian eta gaur egun lanon kronologia ere adostu da.

Platonen obraren garrantzia filosofikoa izateaz gain literarioa ere bada. Bi idazlan izan ezik beste guztiak dialogo edo elkarrizketa forman idatzita daude. Horietan Sokrates beste pertsonai batzuekin hitz egiten du.

Hasierako lanetan Sokratesen pentsamendua eta Sokrates pertsonaiaren agerraldiak garrantzitsuak badira ere, denbora pasa ahala gero eta gutxiago agertzen dira biak. Dialogoei esker Platonen pentsamenduaren bilakaera ikusten dugu. Gure pentsalaria, hala ere, ez zien beti irtenbidea aurkitu planteatutako arazoei, baina zintzotasunez jokatuz horrela adierazten du.

Gaztetako dialogoak (396–388). Sokratesen filosofia oraindik aldaketarik gabe agertzen da. Bertuteen definizioen bilaketa eztabaidaren bidez bilatzen da, metodo sokratikoa jarraituta. Laques, baloreaz.

  1. Eutifron, pietateaz.
  2. Kriton, zibizmoaz.
  3. Sokratesen apologia edo Sokratesen defentsa.
  4. Protagoras, bertuteaz.

Aldaketa-garaiko dialogoak (388–378). Platonen pentsamendu propioaren garapenaren hasiera. Oraindik Sokrates da protatonista nagusia baina garrantzia galduz doa. Arazo politikoak nagusi egiten dira eta arimaren hilezkortasunaren bezalako ideietan nabari da pitagorismoaren eragina. Ideien teoriaren hastapena.

  1. Hipias handia, edertasunaz.
  2. Eutidemo, sofistez.
  3. Gorgias, justiziaz.
  4. Kratilo, hizkuntzaz.
  5. Oturuntza, maitasunaz.

Heldutasuneko dialogoak (378–360). Dialogo nagusiak garai honetakoak dira. Ideien teoria zehaztua dago. Aurreko gaietan sakondu egiten du. Politeia edo Errepublika lanean polis perfektuaren diseinua egiten du eta garrantzizkoak dituen gai gehiena aurkezten ditu.

  1. Fedon, arimaz.
  2. Errepublika edo Politeia.
  3. Fedro, maitasunaz eta edertasunaz.
  4. Parmenides, ideien teoriaren autokritika.
  5. Teeteto, ezagutzaz.

Zahartzaroko dialogoak (360–347). Arazo metafisikoak baztertzen doa, eta pitagorikoen eraginez kosmologiarekiko interesa handitzen zaio. Historia ere interesatzen hasi zitzaion. Kontserbadoreago bihurtuz doa eta nekea eta pesimismoa agerian daude.

  1. Sofista, izateaz.
  2. Filebo, plazerraz.
  3. Timeo, kosmologiaz.
  4. Kritias, Atenasen historiaz.
  5. Legeak, polis idealaz.