Platon (3/6): Ezagueraren teoria: zientzia eta iritzia. Dialektika


Zer ikasiko duzu atal honetan?

  1. Platonen arabera gure arimak forma jada ikusi dituela gu jaio baino lehen. Beraz, ikasitako guztia ez da ikastea, beroroitzea baizik.
  2. Ezagutza mailak errealitarearen mailekin lotuta daudela, errealitatearen maila bakoitza modu berezi baten ezagutzen delarik.
  3. Maitasuna arima Ongiaren formarantz tiratzen duen indarra da.

Dagoneko badakigu Platonek bi mundu bereizten dituela: ikusgarria eta adigarria. Mundu adigarria eta bere estruktura mundu ikusgarrian isladatzen dela ere badakigu. Baina: nola antzeman dezake gizakiak mundu adigarria? Platon bera dugu ezagutzaren inguruko lehendabiziko galdera serioa egin zuena. Bere aurretiko filosofoek ezagutzea ezinezkoa zela esaterekin edo errealitatea zuzenean ezagutu genezakela esanda konpondutzat eman zuten arazoa.

Anamnesia, ezagutzaren iturri

Platonek lau argumentu mota erabili zituen anamnesia-ren auzia azaltzeko. Guk, aldiz, bakarra erabiliko dugu, Fedon idazkian agertutakoa, objektu matematikoetaz. Hona hemen argudiaketaren segida:

Zentzumenei esker gauza berdinak, handiagoak edo txikiagoak, karratuak, borobilak etabar daudela hautematen dugu. Baina gogoeta pixka bat eginda esperientziatik antzemandako datuak dauzkagun nozioekin bat ez datozela aurkituko dugu. Inoiz ere ez. Zentzumenei esker hautemaniko ezer ez da perfektuki karratua ez borobila. Hala ere karratu eta borobil perfektuen nozioa daukagu barrenean. Gure nozioen eta datuen arteko desoreka dagoela ondorioztatu beharko dugu: nozioek zentzumenen munduko datuek baino zerbait gehiago daukate. “Zerbait gehiago” hau ezin daiteke inolaz ere zentzumenetik etorri.

Nondik dator, baina? Gure barnetik, beharrez. Baina ezin izan dugu guk sortu, subjektiboki. Horrela izango balitz bakoitzak bere forma-sorta edukiko luke eta formak unibertsalak dira. Izan ere ariman bertan daude, eta horregatik zentzumenen munduko kopia kaxkarrak eta formak harremanean jartzeko gai gara. Arimak dagoeneko formen munduko ikuste metafisikoa izan du gorputz honetan egon baino lehen, ahaztuta badaukagu ere. Horri deitzen dio Platonek anamnesia edo berriro-gogoratu.

Ezagutza mailak: iritzia (doxa) eta zientzia (noesis)

Ezagutzaren printzipioa honako hau da: ezagutza eta izatea proportzionalak dira. Gehien dena da perfektuki ezagutu daitekena. Ez-izatea, ostera, guztiz ezagutezina da. Izate maila bakoitzak bere ezagutza mota bereizgarria dauka.

Baina denaren eta ez-denaren artean bitarteko errealitate maila bat dagoenez –bilakatzen denarena, zentzumenen mundua– zientzia eta ez-jakituriaren arteko ezagutza modu bat ere egon behar du. Modu honi doxa edo eritzia deitzen dio Platonek.

Doxa zuzena izan daitekeen arren ia beti da desegokia, okerra. Ez dauka bere baitan zuzentazunaren bermea, eta zentzumenen mundua bera bezain aldakorra da. Benetako ezagutza kausala da. Baina horrela izango balitz episteme izango litzateke.

Doxa edo iritzia berak bi maila ezberdin ditu:

  1. Eikasia edo irudimena / ilusioa: zentzumenen gauzakien itxura eta itzalak ditu ezagugai.
  2. Pistis-a edo sinestea / suposizioa: zentzumenen bidez hautemaniko objektu eta gauzakiak berak ditu ezagugai.

Episteme-ak edo zientziak, bestalde, beste bi maila ditu:

  1. Dianoia edo bitarteko ezagutza. Elementu ikusgarriekin zerikusia dauka, oraino, eta hipotesiekin. Honen adibide frogapen matematikoetan erabiltzen diren irudiak izango lirateke.
  2. Noesis-a edo Ulertze hutsa formen eta Ongiaren Ideiaren hautemate zuena izango litzateke.

Erotika edo maitasuna, bide alogikoa absoluturantz (filo-sofia)

Platonek Edertasuna eta artea ez ditu esparru berekotzat. Edertasunaren esparrua Ongiarena da, eta maitagarria da. Mundu adigarriaren eta zentzumenen munduaren arteko bitarteko da maitasuna. Maitasuna ez da Ontasuna edo Edertasuna, Ontasunaren eta Edertasunaren egarri, ordea.

Maitasun mota ezberdinak daude, baina guztiak dute hau amankomunean: edertasunaren, ontasunaren, jakituriaren, poztasunaren, hilezkortasunaren eta absolutuaren irrika daukate. Benetako maitaleak, hala ere, goreneko forma ikustera heldu arte ez da geldituko. Hau da, absolutuki ederra dena ikusi arte, Edertasunaren forma, alegia.

Anamnesiaren teoriarekin bat eginik, Maitasuna Absolutuaren nostalgia da, metaenpiriarantz eramaten gaituen indarra, gure jainkoen ondoko jatorrirantz eramaten gaituena.

Haitzuloaren alegoria

Ikus Politeia-ren VII. liburua.

Izatea eta ezagutzearen mailak eta beraien arteko proporztionaltasuna.

Izatea eta ezagutzearen mailak eta beraien arteko proporztionaltasuna.