Platon (4/6): Ongiaren kontzeptua

Platonen filosofian Ongiaren Forma izate eta ezagutza ororen iturri da.[1]

—Berdin esan dezakezu izaki adigarriak ongitik ez dutela bakarrik bere adigarritasuna jasotzen, baita bere izatea eta ezentzia ere, ongia bera esentzia ez bada ere; dignitatean eta boterean esentziaren gainetik dagoen gauza bat, baizik.[2]Politeia, 509b

Ongiaren egarri. Gizakik Ongiaren bilaketan gaude murgilduta. Berau arrazonamendu filosofikoaren bitartez lortuko dugu, beharrez. Izan ere Ongiaren ezagutza ez dugu mundu ikusgiarriaren gauzaki materialetan topatuko, ezta eguneroko bizitzan aurkitzen ditugun adimen normaletan, dauden gauzentzat eredu diren patroi perfektuagoetan, baizik.

Formak. Dakizunez betiereko eredu hauei Forma edo Ideia izena eman diegu. Ezin ditugu zentzumenen bitartez ezagutu. Beraietaz lortu dezakegun ezagutza adimenaren begiaren bitartez lortuko dugu. Zentzumenk ezin digute kauzazko edo aldagaitza den informaziorik eman objektu duten mundu ikusgarria bera aldagarria delako eta ez dituelako bere baitan fenomenoen kausak.

Formen ierarkia. Formak ez dira guztiak berdinak; beraien artean ierarkia bat dago. Batzuk beste batzuk baino garrantzitsuagoak dira. Gainean Ongia, Edertasuna eta Justizia daude. Hauen artean Ongia beste guztiak gainditzen ditu eta izata eta ezagungarritasuna ematen die. Eguzkiak zentzumenezko munduko gauzak ikusteko aukera ematen digu haietako bat izan gabe. Berdin Ongiak Formekin. Hortara dator aurrerago dagoen Politeia 509b-ren aipua. Justizia, Egia, Berdintasuna, Edertasuna eta gainerontzeko Formak Ongiaren Forman dute sorburu.

Dialektika. Maitasunak Ongirantz bultzatzen gaitu, baina Ongia dialektikaren bitartez baino ez dugu ezagutzen. Ezagutza proportzionala da: zenbat eta izate maila altuagoa gero eta ezagutza maila egiazkoagoa lortuko dugu. Dialektika izanda Ongia ezagutzeko modua, ezagutza gorenatzat hartu beharko dugu. Tamalez Platonek ez zuen bere epistemologiarentzat horren garrantzitsua den ezagutza mota honetaz informazio gehiegirik eman.


  1. Epigrafe honetan aurkituko duzun informazioa Ideien teoriaren birformulaketa baino ez da. Hemen agertzen dena dagoeneko badakizu. Zergatik existitzen da, orduan?  ↩

  2. Itzulpena nirea da. Itzulpen profesional bat aurkitu bezain laster hau aldatuko dut.  ↩