Sofistak

Hitzaren garrantzia. K.a. V. mendean Atenasen demokrazia zen ezarritako sistema politikoa. Hiritarrek batzar politikoetan hitz egiteko eskubidea zuten. Honek nobleak zirenak eta ez zirenak berdindu egiten zituen, kargu publikoak edozein hiritarren eskutan egon zitekeen eta. Hiritarrek, beraz, erabakiak hartzeko asanbladetan parte hartu behar zuten entzuten, hitz-egiten eta bozkatzen.

Nortzuk ziren sofistak? Garai hartan elkartu ziren pentsalari mota bat izan ziren. Ez zuten inolako eskolarik eratu, ez filosofia edo doktrina bateraturik mantendu, asotan aurkako iritziak ere izaten baitzituzten. Hala ere garaiko oso fenomeno sozial garrantzitusa izan zen.

  1. Kanpotarrak. Gehienak kanpotik etorritakoak ziren, eta ideia askotarikoak eta berritzaileak ekarri zituzten. Haien eragina oso handia izan zen, gazteengan bereziki, baina tradizionalisten kontrakotasuna jasan behar izan zuten. Berebizikoa izan zen haien garrantzia Atenaseko bizitzan eta etorkizuneko filosofian.
  2. Irakasle profesionalak. Atzerritarrak izanik, ezin zuten erabakietan parte hartu, bina haiek ziren Atenaseko herritar gehienak pretatzen eta hezten zituztenak; irakasle profesionalak ziren. Bere lanaren truk dirua kobratzen zuten, garaiko greziarrentzat eskandalua zen hori.
  3. Polisaren arazo praktikoez kezkatzen ziren, eta helburu nagusia ikasleak ahalik eta hobekien prestatzea zuten, bai agoran besteak konbentzitzeko, eta baita tribunaletan irabazle irteteko ere. Eredua ez zen, dagoeneko, gizon trebea, ausarta eta ederra, arrakasta lortuko zuena baizik. Hortaz, oratoria eta erretorika izan ziren sofistek irakasten zituzten gai naguziak, hitzen bidez besteak konbentzitzeko trebetasunak, alegia.

Gai berriak. Sofistek iraultza espiritual bat egin zuten. Gogoetaren ardatza kosmosa eta physis-etik gizakia eta gizarterantz aldatu zuten. Jorratu zituzten gai nagusiak etika, politika, erretorika, artea, hizkuntza, erlijioa eta hezkuntza izan ziren. Hitz batean: kultura (vs. natura). Zergatik, baina, ardatz aldaketa hau? Physis-aren ikerketa agortua zegoen, zituen bide posible guztiak arakatu ondoren. Bestalde, K.a. V. mendean garrantsi haundiko aldaketa sozialak gertatu ziren. Aldaketa hauek sofistikaren sorreran lagundu zuten, baina sofistikak ere bultzatu egin zituen berauek.

Gizartean aldaketak. Demos-ak gora egiten zuen, eta neurri berberean aristokraziak behera egiten zuen. Honekin batera areté edo bertute tradizionala ere kolokan jarri zuten, beste balio batzuk lehenetsita. Tradizionalki bertutea jaiotzetik eskuratzen zen zerbait zela sinisten zen. Demos-aren indar berri honek bertutea ikas zitekeen zerbait zela pentsatzera jo zuten. Bertute hori zertan zetzan eta nola ikasi eztabaidagai ezinbesteko bihurtu zen. Bestalde, gero eta meteko edo atzerritar gehiago zegoen Atenasen. Merkataritza hirien mugak zabaldu zituen, beste hiri eta kulturekin harremanetan jarriz. Bidaiarien esperientziak eta ezagutza berriak grekoen ohitura eta legeentzat erronka jarraia ziren.
Sofistek garaiaren kezkak ondo identifikatu eta irtenbide egokia eman zietelako lortu zuten arrakasta itzela.

Eszeptizismo epistemologikoa. Sofista batzuk ezseptikoak ziren; hau da, errealitatearen objektibotasunean sinetsi arren, gizakiak errealitate hori ezagutu ahal izateko ahalmena duela ukatzen zuten. Gorgiasek esaten zuen: “ezer ez da existitzen; existituko balitz, ezagutzea ezinezkoa litzateke; eta ezagutzerik balego, ezin izango litzateke igorri”.

Erlatibismo morala. Ez zuten absolutuan sinesten. Haien ustez dena erlatiboa eta konbentzionala da: nomos, akordioa. Denboraren poderioz, hainbat era edo bide erabiliz, hala nola hezkuntza, tradizioak eta ohiturak, adostasunak lortu dira. Beraz, gauzak ez dira berez onak edo txarrak, politak edo itsusiak, egia edo gezurra; dena bere balio praktikoaren araberakoa da.

Homo mensura. Protagorasek honakoa esan zuen: “gizakia da gauza guztien neurria, direnena, direnaren neurrian eta ez direnena ez direnaren neurrian”. Hemen neurria judizioen araua da. Gauza guztiak, aldiz, gertakizun eta esperientzia guztiak hartzen zituen barne. Hau da Mendebaldeko erlatibismoaren abiapuntua.

Kontua ez da ez dagoela ongia eta gaitzaren (izatearen eta ez-izatearen) artean bereizteko erizpide absoluturik. Erizpide bakarra gizona da, gizabanakoa. “Gauzak niretzat agertzen zaizkidan bezalakoak dira, eta zuretzat agertzen zaizkizun bezalakoak.” Adz.: Haize hau hotza edo bero da? “Hotza denarentzat, hotza da, eta ez denarentzat, ez da”. Gauzak horrela inor ez dago oker, guztiok egongo lirateke egian. Beraien egian.

Antilogiak lanean demostratu zuen Protagorasek “gauza bakoitzari buruzko kontrako bi arrazoi daude”. Gauza bakoitzaren alde eta aurkako argudioak daude, elkar ezerezten direnak. Hortik abiatuta irakatzi zuen Protagorasek kritikatzen eta eztabaidatzen, arrazoiak arrazoien aurka jarrita. Are gehiago, beti saiatzen zen argudiorik ahulena garaile irten zezala.

Ez dago, beraz, egi absoluturik ezta balio moral absoluturik: erabilgarritasuna da erizpide nagusia hoberena aurkitzeko. Jakintzua erabilgarriagoa den erlatiboa topatzen duena da. Ondoren besteak martxan jar dezaten konbentzitzea du helburu.