Marx (3/8): Ekonomia-alienazioa

Gizakia, izaki ekoizlea

Gizakion lana, lan antropogenoa. Gizakiak ekoizleak gara, izatez. Lana ez da zigorra, autoerrealizaziorako bitartekoa baizik. Gizakiak errealizazioa lortzen du besteekin elkarlanean bere beharrak asetzeko natura bereganatzen eta gizatiartzen duenean bere kontzeptu, proiektu edo planen arabera. Baina Marx-ek ez du modu honetan errealizatutakoko gizonik aurkitzen bere lana alienatua duten gizakiak baino. Izan ere armiarmak eta ehuleak antzeko jarduera egiten dute. Erlea eta arkitektoa ere antzeko lana egiten dute. Baina arkitektorik txarrena erlerik hoberenetik ezberdintzen duena zera da: gizakiak lana burutu aurretik bere buruan egin du. Lana bukatutakoan hasi baino lehen ideialki bazegoen zerbait gauzatu egin da. Animaliak ez bezala gizakiak ez du naturaren elementu bat aldatzen soilik. Gizakiak helburu bat lortzearren egiten du lana. Gizakia modu gizatiarrean bizitzeko gauza da natura gizatiartzen badu besteen laguntzarekin beraien ideien arabera. Natura gure gorputz inorganiko bihurtu dezakegu gizarte lana antropogenoa baita.

Lanaren lau alienazio-motak

Gizakiok lana burutzerakoan lau modu ezberdinetan alienatu egiten gara.

  1. Produktuarekiko alienazioa. Produktua ekoiztu orduko eskuetatik kentzen diote produktu hori langileari. Artisaua ez bezala langilea ez da ekoiztutakoaren jabe.
  2. Ekoizpen-jarduerekiko alienazioa. Lan-jarduera oinazea da. Behin eta berriro ariketa bera errepikatzen dute lan-baldintza eta giro kaxkarrean.
  3. Naturarekiko edo espeziaren esentziarekiko alienazioa. Gizakiak ez dute ahalmen gizatiarraren arabera ekoizten, modu itsuan baizik. Lan ez-alienatuak gure interes eta helburuen arabera natura transformatzen dugu, baina lan alienatuak gure dimentsio sortzailea ezerezten du.
  4. Beste gizakiekiko alienazioa. Elkartruke ekonomikoak batak besteon beharrak asetzea ordezkatzen du. Gainontzeko gizakiak lehiakideak dira. Edo are txarrago, kapitalistak.

Langilea produktuarekiko, lanarekiko, espeziarekiko eta bestelako gizakiekiko alienazioa pairatzen du. Lanaren banaketak lehengaia, lanabesak, lanaren emaitza eta sormena eta gizatasuna kentzen dizkio. Langilea kapitalaren eskuetan dagoen merkantzia da. Eta lan alienatu honetatik abiatzen dira bestelako alienazio mota guztiak: politikoa, Estatua gizabanoakoen aurrean eta aurka jartzen duena; eta erlijiosoa.

Marx-ek horrela definitu zuen alienazioa:

Antes que nada consiste en el hecho de que el trabajo es externo al obrero, no pertenece a su ser, y por lo tanto éste no se fortalece en su trabajo, sino que se niega, no se siente satisfecho sino infeliz, no desarrolla una libre energía física y espiritual, sino que extenúa su cuerpo y destruye su espíritu. Por eso, el obrero sólo se halla a sí mismo fuera del trabajo, y dentro del trabajo se encuentra fuera de si. Si no trabaja, se halla en su propia casa; y si trabaja, no está en su casa. Por lo tanto, su trabajo no es voluntario, sino obligado, es un trabajo forzado. En consecuencia, no se trata de la satisfacción de una necesidad, sino únicamente un medio para satisfacer necesidades ajenas.

Guzti honegatik gizakia animali-funtzioetan baino ez da aske sentitzen, hala nola jan, edan, ugaldu, jantzi eta etxe batean bizi. Giza-funtzioetan, hau da, lanean, animali sentitzen da, ordea. Gizakia bizirauteko lan egiten du bakarrik. Lanaren gizarte-banaketan oinarritutako jabetza pribatuak beharrezkoa bihurtzen du lana. Gainera, zenbat eta aberastasun gehiago sortzen duen, hainbat pobreagoa da langilea. Nola konponduko dugu, bada, animali bihurtzen gaituen egoera hau? Klaseen arteko borrokaren bitartez, jabetza pribatua eta lan alienatua deuseztatuko dituena.

Lan ez-alienatua. Marx-ek ez zuen lan ez alienatua zuzenean deskribatu, baina alienatutako lanaren ezaugarrietatik abitatuta honako bi ezaugarri hauek proposatu daitezke:

  1. ekoizleak ekoiztearen jardueratik zuzenean bere gaitasunen egiaztapena lortzen du, eta
  2. besteen beharrak asetzeko egiten dugu lan. Bertan gure espeziaren bi aldeak ikusten ditugu bat eginik: gure ahalmen indibidualak eta gure komunitate-partaidetza.

Ekonomiaz: lanaren bidezko balioaren teoria

Merkantziaren balioa. Produkzio-modu kapitalistaren baitan ekoizkinak merkatuari eta lanaren gizarte-banaketari ezker sortzen dira. Merkantziek balio bikoitza daukate. Alde batetik erabilera-balioa daukate. Bestetik truke-balioa daukate. Gauzen erabilera-balioa zein den argi dago: betetzen duen funtzioaren araberakoa da. Aulki bat esertzeko balio du eta ez jateko. Hogei kilo kafek eta hogei metro ohial oso erabilera ezberdinak dituzte. Baina merkatuan posible da hogei kilo kafe hogei metro ohialengatik trukatzea. Nola da hori posible? Zer daukate, bada, amankomunean kafeak eta ohialak? Truke-balioa, hain zuzen. Balio hau merkantzia ezberdinenetan berdin dirauen zerbait da. Horregatik merkantzia ezberdinak proportzio jakin batzuetan aldatu daitezke. Merkantzi baten truke-balioa berau egiteko erabili behar izan den gizarte-lana da, denboran neurtua. Zenbat eta lan gehiago behar ekoizkina egiteko gero eta prezio altuagoa izango produktu horrek.

Dirua. Trukea errazteko dirua erabiltzen dugu. Baina ezin dezakegu ekoizteko egin behar izan den lan kopuru berdina ez daukaten bi merkantzia trukatu. Trukerako dirua erabiltzen dugunean ez dugu kontuan hartzen merkantzia giza-lanaren ondorioa dela eta horregatik idolo edo fetitxe bihurtzen dugu. Ekonomilari klasikoek ez dute kontuan hartu izan merkantzien elkartrukatzea ez dela gauzen arteko harreman bat, ekoizleen artekoa baizik. Hau da, giza harremana

Gainbalioaren etekinaren teoria. Langileak duen lan-indarra bera merkantzia bat da. Langileak bere lan-indarra merkatuan saltzen du kapitalistak ordainduko dion soldataren truk. Zenbat balio du langile bat egun jakin batean bizirik irauteko behar duen guztia? Hori izango da bere soldata eta hori izan beharko litzateke berak ekoiztutakoaren prezioa. Baina lan-indarra merkantzia mota berezia da bere erabilera-balioak balioa sortzen duelako edo bere balioa areagotzen duelako.

Langilea batek bizirik mantenduko duen soldataren pareko lana egiteko lanegunaren parte bat baino ez du behar. Parte horri beharrezko lana deritzo. Momentu horretatik aurrera ekoizten duen guztia kapitalistak jasoko du; lan gehigarria da. Lan gehigarriaren produktua gainbalioa da. Demagun langile batek bizirauteko behar duen balioa bere lanegunaren lehengo 4 orduetan egiten duela. Bere laneguna 10 ordutakoa bada, gainerontzeko 6 orduetan kapitalistarentzat ari da balioa ekoizten.

Kapitalistak jasotzen duen gainbalio hori da etekina sortzeko modua. Bestela, nola? Gauzen prezioa gauza horiek ekoizteko egin behar den gizarte-lanaren araberakoa bada, nola gehituko litzateke ekoizkinen truke-balioa?

Kapital aldaezina produkzio-bideetan inbertitutako kapitala da, hala nola lehengaiak eta makinak erosten. Kapital aldakorra lan-indarra lortzen inbertitutakoa da. Ekoizte-prozesu kapitalistak honako eskema jarraitzen du: D–M–D’. Bertan D < D’. D inbertitutako dirua da. M produkzio-indarretan inbertitutakoa da. D’ kapitalistak langileari ordaindu ez dion diruari ezker lortutako dirua da. Prozesu honetan, beraz, diruak gastatzen duen baino diru gehiago ematen du. Gainbalioa bi metodoren bitartez gehitu daiteke. Gainbalio absolutua laneguna luzatzearen bitartez lortzen da. Gainbalio erlatiboa beharrezko lana murriztitua lortzen da.

Kapitalistak ez du jasotako gainbalioa nahikerietan xahutzen. Berriz inbertitu egiten du beste kapitalisten lehiakortasunarengatik kaltetua ez izateko. Horregatik dirua gero eta kapitalista gutxiagoen eskuetan dago. Lanerako baliabideak gero eta oparoagoak direnez –makina hobeagoak– eta lana gero eta automatizatua dagoenez langileak gero eta lan egiteko aukera gutxiago daukate eta gero eta zailago lortuko dute lana. Bere egoera txarrera doa.

Marx-en teoria ekonomikoaren arazoak. Marx-en pentsamendu ekonomikoak kontraesan batzuk ditu, eta kapitalismoaren errealitateko joerekin desajusteren bat.

  1. Langilearen egun baterako lan-indarra ekoizkin bat da. Lan-indarra kapital aldakorra da balio duena baino balio gehiago sortu dezakeen produktu bakarra baita. Gainerontzeko baliabideak kapital aldaezina dira. Industria mekanizatzen den einean kapital aldakor gutxiago eta kapital aldaezin gehiago sortzen da. Horrela etekina murriztuz doa.
  2. Bigarren arazo bat transformazioaren arazoa da. Eskulana intentsiboki erabiltzen duten industriek errentagarrieneak izan beharko lirateke. Eta ez dira.
  3. Hirugarren arazoa Marx-ek lana baino ez zuela baliorik eransten uste zuela da.

Marx-en analisiaren baliogarritasuna. Hala ere Marx-en analisia egun erabilgarri dirau, ez duelako ontzat ematen kapitalismoan soldatapeko langileak eta kapitalisten interesak armonikoak direnik eta merkatuaren desajusteak epe luzean konponduko duen mekanismoren bat dagoenik ukatzen duelako.