Nietzsche: Kritika kristautasunari

Kristautasunaren aurkako kritika. Nietzscheren aburuz erlijioa beldurretik sortzen da, gizakiak bizitzan dituen larrimin- eta ezintasun-sentimenduetatik. Erlijioak ez du inoiz egia esan eta naturaz gaindiko izaki transzendenteak aldarrikatzean –Jainkoa, haraindikoa…– metafisikak egiten duen hutsegite berbera egiten du. Ondorioz, Nietzschek tradizio judu-kristauaren aurka jotzen du, budismoaren aurka, eta, oro har, erlijio-arau ororen aurka. Mendebaldearen historian kristautasunak antzinatasun klasikoaren balio dionisiakoak baztertzen ditu mundu ideal baten asmakizunaren bidez eta mundu erreal bakarra arbuiatzen du. Hilezkortasuna onartuz gero bizialdi hau igarobide iragankor bihurtzen da. Nietzscherentzat kristautasuna platonismo herrikoia da, filosofia eta moral arrunta, ahul eta esklaboentzat. Bestetik erlijioak balio dekadenteak soilik proposatzen ditu, artaldearen balioak, esklaboenak: umiltasuna, mendekotasuna, obedientzia, sakrifizioa…, den-denak bizi-irriken aurkakoak. Besteak beste bekatuaren, erruaren, damuaren eta penitentziaren kontzeptuekin egiten ditu erlijioak bizitzaren aurako eraso larrienak.

Nietzsche amorruz oldartzen zaio kristautasunari Antikristoa idazlanean, eta kritika ezin gogorragoak egiten dizkio. Haren esanetan erlijioa herri xehearen matxinada da jabeen aurka eta, beraz, herri xehearen balioak dira erlijioan nagusi. Erlijioak baditu ere alderdi onak, aszetismoaren eta herri xehearen heziketaren aldarrikapena, besteak beste, baina oro har, erlijioak eta batik bat kristautasuna eta budismoa, gaixo eta ahulen erlijioak diren aldetik, gizakiak bere mugak gainditzeko oztopo gaindiezin izan dira. Biziera ahula eta artaldearen morala guztiz kontrajartzen zaizkio erabateko bizitzari. Horixe da erlijioak goresten duen jardunbidea, beldurrez jarduten duen morala, indarra eta ausardia goraipatu ordez.

Grinak, bulkada, senak, balio estetikoak eta oro har gorputzak gogoko duen oro arbuiatu izana leporatzen dio Nietzsche-k kristautasunari. Ondorioz, bere garaiko gertakizun garrantzitsuenak, Jainkoaren heriotzak hain zuzen, ateak zabaltzen dizkio gizakiaren erabateko garapenari, haren indar sortzaileen askapenari. Kristauen jainkoa bazterrean geldintzen da, bere agindu, debeku eta abarrekin. Era horretan, gizakiak ez du berriro haraindiko mundura begiratuko, gezurrezko mundura joko, eta honako mundu honi erreparatuko dio.

Jesu Kristok ez du esanahi bera Nietzscherentzat eta Eliza katolikoarentzat. Nietzscheren aburuz, Jesu Kristo ez da Jainkoaren Semea, edo Elizaren sortzailea, gizon apal, onguratsu eta bihozbera baizik. Jesu Kristok antolamendu oro ukatzen du, eta bakearen eta mantsotasunaren berri ona besterik ez dakar. Aldiz Paulo Tarsokoa Elizaren benetako sortzailea da. Kristoren berri ona dagoen lekuan Paulok Eliza ezarriko du, eta horrekin batera haren jatorrizko osagaiak: mirariak, apaizak, sariak, zigorrak, hierarkia… Erlijioak nahita asmatzen ditu hil ondoko bizitza, epaia, berpizkuendea…, zorienekoari emango zaion ordaina, hil ondoko bizitza saritzat aurkezteko. Eliza era honetako antolakuntzaz baliatzen da, azken epaiketaren beldurraz, Elizako kideak artaldean atxikitzeko. Nietzsche-rentzat bekatua Elizaren maltzurkeriaren tresna nagusia da. Bekatuaren beldurrak bizitzaren idealak gaiztotu eta biziera ederra, osasuntsua eta ausarta zapuzten du.

Filosofo alemaniarrak kristautasunari egiten dion eraso gupidagabea Mendebaldeko metafisikaren aurkako kritika gordina da, azken batean. Mundu honetakoa, lurrekoa, gorputzezkoa… zabarkeria eta itxurakeria da harentzat. Nietsche-ren arabera, aldiz, zeru-lurrean begien aurrean dugun mundu hau besterik ez da existitzen, eta betierekotasunaren ideia asmakeria hutsa da.

Jainkoaren heriotza. Kristautasunaren idea guztien oinarrian Jainkoa dago, eta bizitzaren aurkakoa da hori. Ondorioz, indarra, askatasuna eta espirituaren independentzia sendotzeko, Nietzsche-k ateismoa aldarrikatzen du, sinesmena ahultasunaren eta koldarkeriaren adierazle delako, bizitzaren aurkako joera, hitz gutxitan esateko. Jainkoaren ideiaren sorrera ametsezkoa da guztiz; are gehiago, gizakiak berak bete lezake Jainkoak utzitako lekua, balio-sortzaile eta legegile den aldetik.

Hortaz, Nietzsche-ren iritziz, Jainkoa desagertzean, desagertu egiten dira ere hari atxikitako balio kristauak, balio horiei uzten dieten erlijioz kanpoko morale, sozialismoaren eta demokraziaren bidez batitk bat, iraun egiten badute ere. Nietzsche-ren esanetan, lehenago edo geroago Jainkoaren heriotzak balio absolutuaren eta lege moral objektiboaren suntsipena ekarriko du. Balioei dien arbuioa nihilismoaren ezaugarri da.

Zientzia alaia idazlanean aurreko lerroetan esandako guztia hankaz gora jarriko duen iragarpen zitala egiten du Nietzsche-k; hau da, Jainkoaren heriotza aldarrikatzen du zalaparta handiz. Behin eta berriro kristautasunaren ezintasuna uzten du agerian Jainkoarenganako sinesmenari eusteko, eta horrek, alemaniar pentsalariaren hitzetan, argi izpiak dakartza Europara. Izan ere, kristautasunaren aginduak eta debekuak desagerturik, Jainkoarenganako gedearen gainbeherak gizakairen jatorrizko indar sortzaileak askatuko ditu, eta jada gizadiak ez dio haraindiko munduari erreparatuko, honako honi baizik.

Jainkoaren heriotza eta azken gizakia. Honela mintzatu zen Zaratustra idazlaneko “Gizaki zoroa” atala guztiz deigarria da, Jainkoaren heriotzak eragin duen jipoi eta nahasmenduaren adierazle modura. Jainkoaren heriotza ezinbesteko erreferentzia-puntua da gizaki askeak moralitatearen eraldakuntzari ekin diezaion.

Nietzsche-ren iritzian Jainkoaren heriotza gertakizun historikoa da une zehatz batean gertatzen ez bada ere. Azken batean gizon-emakume guztiek eragin duten heriotza da. Horretaz ohartzen den lehena, hau da, Jainkoaren heriotza utzitako hutsuneaz jabetzen den lehena, atal honetan aipatzen den gizaki zoroa da. Zirrara hunkigarri batek jota bere onetik aterata ohiuka hasten da, ezin sinetsirik gertatu dena. Honela ematen du Nietzsche-k iragarpenaren berri liburu honetan.

Jainkoaren heriotzaren ondoren gizakia ez zaio Jainkoari hitzez zuzenduko, ez ditu Jainkoen izenak aitatuko. Gizakia bere moduko gizalagunari mintzatuko zaio eta aurrez aurre elkarri aldarikatuko diote gizakiaren erabateko garapena benetan gertagarri dela. Jainkoaren heriotzaren ondorengo urratsak bi dira: arriskutsua eta eta txalogarria.

Gizakia noraezean gelditzeko arriskua da lehen urratsa; hau da, idealismoaren eta traszendentziaren hondamendiarekin gizakia goian zerua eta behen lurra gelditzea. Gizadiaren bizibideari argia eta norabidea eskaintzen zizkioten zeruko izarrak itzaltzean, noraezean geldi daiteke gizakia, bizipoza goibeldurik jokaera zakarturik, ateismoak huskeria baino ez diolako ematen. Bizitza moralaren aztoramendua eta txikikeria Jainkoa hil ondorengo ariskuak dira. Azken gizakia gu guztiok gara —Honela mintzatu zen Zaratustran adierazten den moduan— igandeetan Jainkoarengan sineste duena bizitzaren asperdura ekiditeko aisia besteek antola diezaioten uzten duena. Hil artean besterik gabe bizi den gizakia gizaki nihilista da.

Bigarren urratsari dagokionez txalogarria litzateke supergizakia konturatzea, egoera berriaz oharturik, gizon berriak sormena gara dezakeela eta haraindiko munduan zituen ametsak lurrera ekar ditzakeela. Bizidun guztiek beren gainetik beste zerbait sortu duten modu berean, gizakiak ere bere buruaren gainetik beste gizaki-maila bat sortu behar du, ezereza edo Jainkoa aintzakotzat hartu gabe.