Marx eta Engels, 1848: Alderdi komunistaren manifestuaren "Burgesak eta proletarioak" atala

[1]Orain arteko gizartearen historia klase-borroken historia da.

Askeak eta esklaboak, patrizioak eta plebeiuak, baroiak eta glebako jopuak, gremio-maisuak eta ofizialak; hitz batean, zapalduak eta zapaltzaileak, elkarren aurrez aurre beti, etengabeko borroka bat egin dute, ezkutukoa batzuetan, agerikoa beste batzuetan, borroka bat, zeinak etapa bakoitzean gidatzen baitu eraentza sozial osoaren eraldakuntza iraultzailera edo bi klase borrokatzaileen baterako hondamendira.

Historiako lehen aldietan gizartea zatiturik aurkitzen dugu ia nonahi estamentu desberdinetan, zeinetako bakoitzaren barruan gizarte-posizioen askotariko mailak baitaude. Antzinako Erroman patrizioak, ekiteak, plebeioak, esklaboak dira; Erdi Aroan, jaun feudalak, basailuak, gremioetako maisuak eta ofizialak, glebako jopuak, eta klase horietako ia bakoitzaren barruan mailaketa gehiago.

Gizarte feudalaren hondakinetatik sortutako gizarte burges modernoak ez du gainditu klaseen kontrajartzea. Klase berriak, zapalkuntzako baldintza berriak, borrokaren taxuera berriak ezarri ditu zaharren lekuan.
Hala ere, gure garaia, burgesiaren garaia klase-kontrajartze horiek sinpletu izanak ezaugarritzen du. Gaur, gizarte osoa gero eta gehiago zatitzen da bi sail etsai handitan, elkarren aurrean dauden bi klase handitan: burgesian eta proletalgoan.

Erdi Aroko glebako jopuengandik lehen hirietako «bilauak» sortu ziren; eta bilau horietatik garatu ziren burgesiaren lehen elementuak.

Amerikaren aurkikuntzak, Afrikaren inguruko nabigazioak sail berriak sortu zizkioten gora zetorren burgesiari. Txina eta Ekialdeko Indietako merkatuak, Amerikaren kolonizazioak, koloniekiko komertzioak, truke-bitartekoak eta merkantziak gehitzeak, oro har, merkataritzari, nabigazioari, industriari inoiz ezagutu gabeko bulkada eman zieten eta horrekin deusezten ari zen gizarte feudaleko elementu iraultzaileari garapen bizkor bat.

Ordu arteko industriaren eraentza feudal edo gremiala ez zen iristen merkatu berriek irekitzen zituzten beharrak asetzera. Manufaktura etorri zen haren lekua hartzera. Klase ertain industrialak baztertu zituen gremioetako maisuak, korporazio desberdinen arteko lanaren banaketa desagertu egin zen tailer bakoitzeko lanaren banaketaren aurrean.

Baina merkatuak haziz zihoazen, beharrak gehituz. Manufaktura bera ere ez zen aski. Lurrina eta makineriak iraultzatu zuten produkzio industriala. Manufakturaren lekua industria handi modernoak hartu zuen, eta klase ertain industrialek lekua utzi zieten milioidun industrialei, armada industrial osoen buruzagiei, burges modernoei.

Industria handiak mundu-merkatua sortu zuen, Amerikaren aurkikuntzak jadanik prestatua zuena. Mundu-merkatuak bulkada neurtezina eman zien merkataritzari, nabigazioari eta lehorreko komunikabideei. Horiek, bestalde, eragina izan zuten industriaren hedapenean, eta neurri berean, industria, merkataritza, nabigazioa, trenbideak hedatzen ziren, eta neurri berean garatzen zen burgesia, gehitzen ziren haren kapitalak, eta bultza egiten zien atzealdera Erdi Arotik ondarean hartutako klaseak.

Badakusagu, beraz, burgesia modernoa bera garapen-prozesu luze baten produktua dela, produkzio- eta truke-moduen eraldakuntza sail batena.

Burgesiaren garapen maila horietako bakoitza zegokion aurreratze politikoz lagundurik zegoen. Jaun feudalen agintepean zapalduriko klasea, burgesiak elkarte autonomo eta armatua eratzen du «komuna»n4 bere interesen defentsarako; hemen udal-errepublika independenteak, han monarkien hirugarren estatu zergaduna; gero manufakturen garaian nobleziaren kontrapisua da monarkia feudal edo absolutuaren barruan eta monarkia handien oinarria oro har, harik eta, azkenik, industria handia ezarri eta mundu-merkatuaren bideak urraturik, aginte politiko esklusiboa konkistatu eta ordezkaritza-estatu moderno sortzen den arte. Gaur, estatu-exekutibo modernoa batzorde bat da, burgesia-klase osoaren arazo komunak kudeatzen dituena.
Burgesiak eginkizun guztiz iraultzailea izan du historian.

Burgesiak, agintera iritsi den tokian, deuseztu egin ditu harreman feudal, patriarkal eta idiliko guztiak. Gupidagabe eten ditu lokarri feudal pintarratuak, gizakia «nagusi natural»ekin lotzen zutenak, eta ezer ez du utzi zutik interes biluzia, «eskudiru soil» sentimendu gabea baizik. Ito egin ditu jaiera erlijiosoaren, suhar zalduneriazkoaren eta buges onaren melankoliaren estasi santuenak kalkulu egoistaren ur izoztuan. Duintasun pertsonala truke-balio bihurtu du, eta ezin zenbatu ahala askatasun eskrituratu eta ongi lortuen ordez merkataritza-askatasun kontzientzigabe bakar bat ezarri du. Hitz batean esateko, lilura politiko eta erlijiosoez estalitako ustiapenaren lekuan, ustiapen ageriko, lotsagabe, zuzeneko eta zakarra ezarri du.
Burgesiak erantzi egin die aureola gaur arte gurgarritzat eta ikara jaieratsuz kontsideraturiko jarduerei. Bere soldatapeko zerbitzari bihurtu ditu medikua, jurista, poeta, apaiza, zientzia-gizona.

Burgesiak urratu egin ditu familia-harremanen belo hunkipenezko eta sentimentalak, eta familia-harremana diru-harreman soil bihurtu du.

Burgesiak erakutsi du erreakzioak Erdi Aroan hainbeste miresten dituen indar zakarraren erakustaldi haiek alferkeria nagienean zeukatela beren osagarri egokia. Berak erakutsi zuen lehenik gizakiaren jarduera zer egiteko gai zen. Burgesiak Egiptoko piramideak, erromatarren akueduktuak eta katedral gotikoak baino askoz obra miresgarriagoak egin ditu, herrien migrazioak eta gurutzadak baino askoz egitada handiagoak egin ditu.

Burgesia ezin da existitu produkzio-tresnak, beraz produkzio-harremanak, eta horrekin eraentza sozial guztia etengabe iraultzatu gabe. Aldiz, aurreko klase industrial guztien lehen existentzia-baldintza zen indarreko produkzio-moduaren iraupen aldagabea. Produkzioaren etengabeko desplazamenduak, baldintza sozial guztien atergabeko kordokatzeak, segurtasunik eza eta mugimendua betierekoak ezaugarritzen dute burgesiaren garaia beste guztien aldean. Iraganeko harreman herdoildu eta finkoak, horien ideia eta sineste zahar eta gurgarrien segizioarekin, disolbatu egiten dira eta eratu-berriak zaharkitu egiten dira hezurdura hartu baino lehen. Trinkoa den guztia urtu egiten da, santua den guztia profanotu egiten da, eta azkenik, gizakia beharturik aurkitzen da, bere bizi-baldintzei eta besteekiko bere harremanei aurrez aurre begiratzera.
Merkatu gero eta hedatuagoak bere produktuentzat aurkitzearen beharrak xaxatu egiten du burgesia lurbira osora. Nonahi egiten du kabia, nonahi eraikitzen du, nonahi ezartzen ditu harremanak.

Burgesiak, mundu-merkatua ustiatzean, izaera kosmopolita ematen die herrialde guztietako produkzioari eta kontsumoari. Erreakzionarioen atsekabe handirako, industriaren oinpeetatik zutik dagoen lurzoru nazionala atera du. Industria nazional zaharrak deuseztu egin dira eta oraindik ere egunero deusezten dira. Industria berriek baztertu egiten dituzte, zeinen ezarpena bizi-arazo baita nazio zibilizatuentzat, zeinek ez baitituzte eraldatzen lehen bezala beren baitako lehengaiak eraldatzen baizik klima urrunagoetatik ekarritakoak eta zeinen fabrikatuak herrialdean bertan ez ezik munduko alderdi guztietan erabiltzen baitira. Garai batean lurraldeko emaitzek asetzen zituzten beharren ordez, berriak sortzen dira, herrialde eta klima urrunenetako produktuak haiek asetzeko eskatzen dituztenak. Autohornikuntza eta bakartze tokiko eta nazionalaren ordez, alderdi guztiekiko komertzioa dugu, nazioen alderdi guztiekiko dependentzia, eta hori nola produkzio materialean hala intelektualean. Nazio banakoen sorkariak ondare komun bihurtzen dira. Gero eta ezinezkoagoa da aldebakartasun eta mugatutasun nazionala, eta literatura nazional eta tokiko ugarietatik mundu-literatura bat sortzen da.

Burgesiak, produkzio-bitarteko guztien hobekuntza lasterrarekin, etengabe erraztutako komunikazioaren bitartez nazio barbaroenak ere zibilizaziora eramaten ditu. Bere merkantzien prezio merkea da Txinako harresi guztiak eraisteko, tribu barbaroen atzerritarrarenganako gorroto setatiena errendiarazteko erabiltzen duen artilleria astuna. Behartu egiten ditu nazio guztiak burgesiaren produkzio-modua berenganatzera, hondoa jo nahi ez badute; behartu egiten ditu beren baitan zibilizazioa onartzera, hau da, burges izatera. Hitz batean, mundu bat sortzen du bere irudi propiora.

Burgesiak landa hiriaren agintepean ezartzen du. Hiri eskergak sortu ditu, gehitu egiten du hirietako biztanleria landakoaren aldean neurri handi batean eta erauzi egiten du biztanleriaren parte esanguratsu bat landa-bizitzaren kretinismotik. Eta landa hiriaren mendean ezartzen duen bezala, herrialde barbaro eta erdi-barbaroak zibilizatuen mendean, populu nekazariak populu burgesen mendean, Ekialdea Mendebaldearen mendean ezartzen du.

Burgesia pixkanaka gaindituz doa produkzio-bitartekoen, jabetzaren eta biztanleriaren sakabanaketa. Aglomeratu egin du biztanleria, produkzio-bitartekoak zentralizatu eta jabetza esku gutxitan kontzentratu. Horren ondorio derrigorrekoa zentralizazio politikoa izan da. Probintzia independenteak, ia ozta-ozta loturikoak, interes, lege, gobernu eta zerga desberdinak dituztenak nazio, gobernu, lege, klase-interes nazional, aduana-lerro bakarra eratzera bultzatu ditu.

Burgesiak klase menderatzaile gisa daraman ia ehun urteetan iraganeko belaunaldi guztiek batera baino produkzio-indar kolosalago eta masiboagoak sortu ditu. Natur indarren menderakuntza, makineria, kimikaren erabilera industrian eta nekazaritzan, lurrinezko nabigazioa, trenbideak, telegrafo elektrikoak, kontinente osoen maneaketa, ibaien kanalizazioa, lurzorutik sortutako biztanleriak… Zeinek susmatzen zuen iragandako mendeetan halako produkzio-indarrak lan sozialaren baitan lozorroan zeudenik?

Ikusia dugu produkzio- eta garraio-bitartekoak, zeinaren gainean garatu baitzen burgesia, gizarte feudalean sortu zirela. Produkzio- eta garraio-bitarteko horien garapenaren maila jakin batean, gertatu zen ez zetozela bat gizarte feudalak produzitzen eta trukatzen zuen harremanak, nekazaritza eta manufakturaren antolakuntza feudala, hitz batean, jabetza-harreman feudala produkzio-indar garatuekin. Beste hainbeste kate bihurtu ziren. Etenarazi egin behar ziren, eta etenarazi egin ziren.

Haien lekuan konkurrentzia askea sartu zen, hari zegokion konstituzio sozial eta politikoarekin, klase burgesaren nagusitasun ekonomiko eta politikoarekin.

Gure begien aurrean ari da gertatzen antzeko mugimendu bat. Gizarte burges modernoa bere produkzio-, truke- eta jabetza-harremanekin, gizarte burges modernoa hain produkzio- eta truke-bitarteko hain ahaltsuak era miresgarrian sorrarazi dituena araoz lurpeko espirituak aterarazi zituen aztiaren parekoa da. Duela zenbait hamarkada, industriaren eta merkataritzaren historia produkzio-indar modernoen historia besterik ez da indarreko produkzio-harremanen aurka, jabetza-harremanen aurka matxinatzen dena, zeinak baitira burgesiaren bizi-baldintzak eta haren nagusitasunekoak. Aski da aipatzea merkataritza-krisiak, zeinen aldizkako errepikapena gero eta arrisku handiagoa baita gizarte burges osoaren existentziarako. Merkataritza-krisiek, produktu landuen parte handi bat deusezteaz gainera, existitzen diren produkzio-indarren parte nabarmen bat ezerezten dute. Krisi horietan epidemia sozial bat abiarazten da, zeinari aurreko edozein garaik zentzugabe eta kontzebiezin iritziko baitzion: gainprodukzioaren epidemia. Gizartea supituki aldi bateko barbarie-egoera batera atzera eramana aurkitzen da; badirudi gosete batek edo suntsipen-gerra orokor batek eten dituela bizigai guztiak; industria, merkataritza ezereztuak dirudite, eta zergatik? Zibilizazio gehiegi, bizigai gehiegi, industria gehiegi, merkataritza gehiegi duelako. Eskura dituen produkzio-indarrek jabetza-harreman burgesaren harremanak hornitzeko jadanik ez dute balio; alderantziz, ahaltsuegi bihurtu dira harreman horietarako, haiek eragotzi egiten dituzte; eta eragozpen hori gainditu orduko, gizarte burges osoa desordenan jartzen dute, jabetza burgesaren existentzia arriskuan jartzen dute. Harreman burgesak estuegiak dira haiek sortutako aberastasuna hartzeko. Eta nola gainditzen ditu burgesiak krisi horiek? Batetik, produkzio-indarren masa handi bat deuseztuz; bestetik, merkatu berriak konkistatuz eta merkatu zaharrak sakonago ustiatuz. Hau da, gero eta krisi orokorragoak eta indartsuagoak prestatuz eta krisiak prebenitzeko bitartekoak urrituz.

Burgesiak feudalismoa menderatzeko erabilitako armak orain burgesiaren beraren aurka zuzentzen dira.
Eta burgesiak ez ditu prestatzen heriotza emango dioten armak bakarrik, baizik arma horiek erabiliko dituzten gizakiak -langile modernoak, proletarioak sortu ere egiten ditu.

Burgesia, hau da, kapitala, garatzen den neurri berean, proletarioa, langile modernoen klasea ere garatzen da, zeinak soilik bizitzen baitira lana aurkitzen duten heinean, eta, zeinek soilik lana aurkitzen baitute, haien lanak kapitala gehitzen duen heinean. Langile horiek, beren burua zatika saldu behar dutenak, merkantzia dira beste edozein merkataritza-salgai bezala eta, era berean, konkurrentzia-aldaketen, merkatuaren gorabehera guztien mendean dago.

Proletarioen lanak makineriaren hedapenaren eta lanaren banaketaren bitartez galdu egin du bere izaera autonomoa eta, horrenbestez, langilearentzako xarma oro. Makinaren atal soil bihurtzen da, zeinari eragiketa mekaniko, monotono eta erraz ikasteko bat soilik eskatzen baitzaio. Langileak eragiten dituen kostuak, horregatik, bizigaietara ia bakarrik mugatzen dira, zeinak bere arrazaren iraupen eta ugalketarako behar baititu. Merkantzia baten prezioa, eta ondorioz lanarena ere bai, haren produkzio-kostuaren parekoa da. Lanaren arbuiagarritasuna hazten den neurri berean, soldata urritu egiten da. Areago, makineria eta lanaren banaketa areagotzen den neurrian, lanaren masa ere neurri berean gehitzen da, bai lanorduak luzatuz, bai denbora jakin batean eskatutako lana areagotuz, makinen abiadura bizkortuz eta abarrez.

Industria modernoak maisu patriarkalaren tailertxoa kapitalista industrialaren fabrika handi bihurtu du. Fabrikan kontzentraturiko langile-masak militarki antolaturik daude. Industriako soldadu arrunt gisa antolaturik daude ofizial eta azpiofizialen hierarkia osoaren agindupean. Ez dira burgesiaren eta estatu burgesaren jopuak soilik; baizik eta egunero eta orduoro daude makinak, kontramaisuak, eta batez ere, burges fabrikatzaile banakoak jopu bihurturik. Nagusikeria hori hainbat ziztrinagoa, nardagarriagoa, mingarriagoa da, zenbat eta agerikiago aldarrikatzen duen irabazia duela bere xede.

Zenbat eta esku-lanak trebezia eta indar-kanporatze gutxiago eskatu, hau da, zenbat eta gehiago garatu industria modernoa, hainbat gehiago desplazatzen du gizonaren lana emakumearenak. Langile-klasearentzat sexu- eta adin-desberdintasunek jadanik ez dute inolako balio sozialik. Denak lan-tresnak dira, adina eta sexuaren arabera kostu desberdinak eragiten dituztenak.

Fabrikatzaileak langileari egindako ustiapena bukatu bezain laster eta bere soldata jasotzen duen orduko, gainera oldartzen zaizkio burgesiaren beste parteak, etxe-jabea, dendaria, mailegu-emailea, etab.
Orain arteko estamentu ertaina, industrial txikiak, merkatariak eta errentadunak, artisauak eta nekazariak hurrupatzen ditu proletalgoak; batak, haien kapital txikia ez delako aski industria handiaren enpresarako eta kapitalista handiagoen konkurrentziaren mendean erortzen delako, eta besteak, produkzio-modu berriek haien trebetasunak baliogabetu dutelako. Horrela proletalgoa biztanleriaren klase guztietatik erreklutatzen da.
Proletalgoak garapen-etapa desberdinak egiten ditu. Burgesiaren aurkako haren borroka bere existentziarekin hasten da.

Hasieran langile bakartuek borrokatzen dute, gero fabrika bateko langileek, gero toki bateko lan-abar bateko langileek zuzenean esplotatzen dituen burges banako baten aurka. Beren erasoak ez dituzte produkzio-harreman burgesen aurka bakarrik zuzentzen, produkzio-tresnen beraien aurka zuzentzen dituzte; merkantzia konkurrente atzerritarrak deusezten dituzte, makinak suntsitzen dituzte, su ematen diete fabrikei, Erdi Aroko langilearen posizio galdua berreskuratu nahi dute.

Lehen etapa horretan herrialdean sakabanaturiko eta konkurrentziak zatikaturiko masa eratzen dute langileek. Langileen masa-kontzentrazioak ez dira oraindik elkartzearen ondorio, baizik burgesia elkartzearen ondorio, zeinek bere xede politiko propioak lortzeko proletalgo osoa mugimenduan jarri behar baitu, eta hori oraindik pixka batean badezake. Etapa horretan proletarioek ez dute oraindik beren etsaien aurka borroka egiten, baizik beren etsaien aurka, monarkia absolutuaren hondarren, lurjabeen, burges ez-industrialen, burges txikien aurka. Mugimendu historiko osoa burgesiaren eskuetan kontzentraturik dago horrela; horrela lortzen den garaipen oro burgesiaren garaipena da.

Baina industriaren garapenarekin ez da proletalgoa bakarrik gehitzen; masa handiagotan kontzentratzen ditu, haren indarra gehitzen du, eta gero eta gehiago sentitzen ditu. Proletalgoaren barneko interesak, bizi-baldintzak gero eta berdinagoak dira, makineriak lanaren desberdintasuna gero eta gehiago ezabatu ahala eta soldata ia nonahi maila apal berdin batera eraisten delarik. Burgesiaren baitan sortutako konkurrentzia gero eta handiagoa eta hortik sortzen diren merkataritza-krisiek langileen soldatak gero eta gorabeheratsuago bihurtzen dituzte; makineriaren etengabeko hobekuntzek, gero eta bizkorrago garatzen direnek, haien bizi-posizioari gero eta ziurtasun-gabezia handiagoa ematen diote, langile banakoaren eta burges banakoaren arteko gatazkek gero eta gehiago hartzen dute bi klaseren arteko gatazka-izaera. Horrenbestez langileak burgesen aurkako koalizioak sortzen hasten dira, beren soldatak babesteko elkartu. Elkarte iraunkorrak sortzen dituzte aldez aurretik hornitzeko gerta litezkeen matxinaldietarako. Tarteka, jaikialditan leher egiten du borrokak.

Noizean behin langileek irabazten dute, baina era igarokorrean beti. Borroka horien benetako helburua ez da berehalako emaitza lortzea, baizik langileen gero eta batasun handiagoa hedatzea. Gero eta gehiago hazten diren komunikabideek, industria handiak sortu eta toki eta erregio desberdinetako langileak elkarrekin harremanetan jartzen dituztenek laguntzen dute horretan. Batasun hori beharrezkoa zen nonahi izaera bera zuten tokiko borroka ugariak klase-borroka nazional bihurtzeraino zentralizatzeko. Klase-borroka oro borroka politikoa da. Erdi Aroko hiriek, beren bide eskasekin, mende osoak behar izan zituzten besteekin bat egiteko; proletalgo modernoak, berriz, trenbideei esker, urte gutxitan sortu du batasun hori.

Proletalgoa klase bezala antolatzea, eta, horrenbestez, alderdi politiko gisa, uneoro hautsi egiten da langileen beren arteko konkurrentziaz. Baina betiere indartsuago, finkoago, ahaltsuago bihurtzen da. Eta burgesiaren baitan sortzen diren etenez baliaturik langileen interes banakoak aitortzera behartzen du lege-forman. Horrela jaiotzen da Ingalaterran hamar orduko lanaldiaren legea.

Gizarte zaharreko gatazkek, modu askotara, bultzatzen dute proletalgoaren garatze-joaira. Burgesia etengabeko borrokan aurkitzen da: lehenik, aristokraziaren aurka; gero, burgesiako parteen beraien aurka, zeinen interesak kontraesanean sartzen baitira industriaren aurrerabidearekin; beti atzerriko herrialdeetako burgesiaren aurka. Borroka horietan guztietan derrigorreko ikusten du proletalgoari dei egitea, haren laguntza kontuan hartzea eta horrela mugimendu politikora arrastaka eramatea. Berak ematen dizkio proletalgoari erakuntza propiorako elementuak, hau da, bere buruaren aurkako armak.

Gainera, dagoeneko ikusi dugunez, industriako aurrerabideek klase menderatzaileko osagaiak amiltzen dituzte proletalgora, edo gutxienez haien bizi-baldintzatan mehatxatuak sentiarazten dituzte. Proletalgoa osagai-elementuen masa batez hornitzen dute.

Azkenik, klase-borroka erabakitzeko zorian zegoen aldi haietan, antzinako gizartearen baitako klase menderatzailearen disoluzio-prozesuak hain izaera bortxazkoa eta hain nabaria hartzen du, non klase menderatzailearen atal txiki bat hartatik berezi eta klase iraultzaileari atxikitzen baitzaio, bere eskuetan etorkizuna dakarren klaseari. Eta lehen nobleziaren parte bat burgesiara pasatu zen bezala, horrela pasatzen da orain proletalgora burgesiaren parte bat, hau da, burgesiako ideologoen parte bat, zeina iritsi baita mugimendu historiko osoaren ulerkuntza teorikoraino.

Gaur egun burgesiari aurre egiten dioten klase guztietatik proletalgoa da errealki klase iraultzaile bakarra. Gainerakoak iraungi eta desagertu egiten dira industria handiarekin; proletalgoa da haren produktu propioena.

Estamentu ertainak, industrial txikia, merkatari txikia, artisaua, nekazaria, denek borrokatzen dute burgesia estamentu ertain beren existentzia hondamenditik segurtatzeko. Ez dira, beraz, iraultzaileak, kontserbadoreak baizik. Areago, erreakzionarioak dira, historiaren gurpila atzerantz ibilarazi nahi dute. Iraultzaileak baldin badira proletalgorako igarobidearen aurrean daudelakotik begiratuta da. Beraz, ez dituzte presenteko baizik etorkizuneko interesak; beraz, bere ikuspuntu propioa alde batera uzten dute, proletalgoarenean kokatzeko. -Proletalgo zarpaila, gizarte zaharreko geruza beherenen usteltze pasibo hori, neurri batean herrestan eraman izango da mugimendu proletarioaren bitartez, nahiz eta haren bizi-baldintza guztiak prestuago egongo diren maneiu erreakzionarioetarako bere burua erosten uzteko.

Gizarte zaharraren bizi-baldintzak jadanik deusezturik daude proletalgoaren bizi-baldintzetan. Proletalgoa jabetzarik gabea da; emaztea eta seme-alabekiko haren harremanak ez du ezer komun familia-harreman burgesekin; lan industrial modernoa, kapitalaren azpiko mendekotasun modernoa, nola Ingalaterran hala Frantzian, nola Amerikan hala Alemanian, izaera nazional guztia ezabatu dio. Legea, morala, erlijioa beste hainbeste aurreiritzi burges dira harentzat, zeinen atzean beste hainbeste interes burges ezkutatzen baitira.

Aurreko klase guztiak, agintea konkistatu zutenak jadanik eskuratutako bizi-posizioak segurtatzen saiatu ziren gizarte osoa beren eskurapenaren baldintzen pean ezartzen. Proletarioek konkistatu ahal izan zituzten produkzio-indar sozialak soilik, ordu arte jabetze-modua eta horrekin ordu arteko jabetze-modu osoa ezabatuz. Proletarioek ez dute ezer propiorik segurtatzeko, baizik orain arteko segurtasunak eta segurantza pribatuak deusezteko.

Orain arteko mugimendu guztiak gutxiengoen edo gutxiengoen interesen mugimenduak izan dira. Mugimendu proletarioa gehiengo eskerga baten mugimendu autonomoa da gehiengo eskerga baten interesean. Proletalgoa, gaurko gizartearen geruza beherena, altxatu, zutitu, gizarte ofiziala eratzen duten geruzen gainegitura guztia airean barrena zartarazi gabe.

Nahiz eta edukiz ez izan, formaz proletalgoaren burgesiaren aurkako borroka nazionala izatetik hasten da. Naturala da herrialde bakoitzeko proletalgoak lehenik bere burgesia propioarekin kontuak garbitzea.
Proletalgoaren garapeneko fase orokorrenak zirrimarratzean jarraitu egin dugu gerra zibil gutxi-asko ezkutukoa existitzen den gizartearen barruan halako punturaino, non gerra zibil horrek iraultza ageriko bat sortzen baitu eta proletalgoak, burgesia bortxaz eraitsiz, bere agintea oinarritzen baitu.

Orain arteko gizarte guztiak, dagoeneko ikusia dugunez, klase zapaltzaile eta zapalduen arteko kontraesanean bermatu da. Baina klase bat zapaldu ahal izateko, haren baldintzak segurtatu behar dira, zeinen barruan gutxienez haren existentzia joputzakoa jarrai daitekeen.

Glebako jopuak komunako kide izatera jasoa izan zen joputzatik irten gabe, burges txikia burges izatera bezala absolutismo feudalaren uztarripean. Langile modernoak, aitzitik, industriaren aurrerabidearekin igo ordez, gero eta sakonago hondoratzen da bere klasearen baldintzen azpian. Langilea errumestu egiten da, eta errumeskeria biztanleria eta aberastasuna baino bizkorrago garatzen da oraindik.

Hemen argi geratzen da burgesia ez dela gai aurrerantzean gizartearen klase menderatzaile izateko eta bere klasearen bizi-baldintzak gizarteari lege arautzaile gisa ezartzeko. Ez da gai agintzeko, zeren ez baita gai bere esklaboei beren esklabotzaren barruan bertan segurtatzeko, zeren beharturik baitago hura halako egoera bateraino hondoratzen uztera, non hura elikatu behar duen, hark bera elikatu beharrean. Gizartea ezin da aurrerantzean haren pean bizi, hau da, haren bizitza jadanik ez da gizartearekin bateragarri.

Klase burgesaren existentzia menderakuntzarako baldintza esentziala pribatuen eskuetan aberastasuna metatzea da, kapitala eratzea eta gehitzea; kapitalaren baldintza soldatapeko lana da. Soldatapeko lana langileen elkarren arteko konkurrentzian bakarrik bermatzen da. Industriaren aurrerabideak, zeinaren eroale nahimen eta erresistentziarik gabea burgesia baita, konkurrentziaren bidezko langileria bakartzearen tokian haren asoziazioaren bidezko elkartze iraultzailea ezartzen du. Industria handiaren garapenarekin burgesiak oinpean ikusten du oinarria bera, zeinaren gainean produzitzen baitu eta produktuez jabetzen baita. Batez ere bere hilobi propioa produzitzen du. Haren gainbeheratzea eta proletalgoaren garaipena saihestezinak dira era berean.


  1. “Burgesak eta proletarioak”. Manifestu komunista. Marxismoa.blogspot.com 2015–03–13an hemendik hartua: http://marxismoa.blogspot.com.es/p/alderdi-komunistaren-manifestua.html. Itzulpen alternatiboa hemen.  ↩