Marx (5/7): Materialismo historikoa: iraultza

Ohar garrantzitsua: 5. eta 6. epigrafeen arteko bereizketa nahiko artifiziala da. Bai baten zein bestearen edukiak erabil ditzakezu kapitalismoaren gainbehera eta komunismoaren etorrerari buruzko informazioa lortzeko. Azterketan galdetzen badizute iraultzari buruz edo gizarte komunistari buruz hitz-egiteko, lasai asko bi epigrafeetako materiala erabil ezazu momentuan batari zein besteari erantzuna emateko. Blogean gaztelaniazko bertsioa bilatu ezkero bi epigrafeak bat baino ez direla ikusiko duzu; ondoren daukazun testua, hain zuzen.

Liberalismoak bere eredu soziala behin ezarri denboragabea zelakoa zuen. Marx-en aburuz, ordea, kapitalismoa feudalismoa bezala beste aro historiko bat baino ez zela uste zuen. Hau desagertu zen modu berean desagertuko zen kapitalismoa bera. Are gehiago: Marx-ek kapitalismoaren aparatu kontzeptuala —David Ricardo, Adam Smith, Malthus, John Locke— erabili zuen honen gainbehera eta ondorengo gizarte-orden berri batengatik ordezkapena aurreikusteko.

Sistema kapitalistaren kontraesanak

Marx-en arabera sistema kapitalistak hurrengo aro historikora eramango gaituen hainbat kontraesan ditu bere barnean:

  1. Gainbalioa. Soldata baten truk lan egiten duen langileak bere bizitza produzitzeko nahikoa ekoizten du bere lanaldiaren parte batean. Hamabi lanorduetatik seitan lortuko balu hau, zergatik lan egin beharko luke gainontzeko sei orduak? Patroiarentzat etekina sortzeko. Burges kapitalista denez ekoizte bitartekoen jabea —lantegiena eta tresnena— eta azkeneko produktuarena, eta proletarioak bere lan indarraren jabea izanda soilik, jabeak bizirauteko soldatak ordaintzerik badauka eta etekin guztia metatu. Modu bidegabekoan lortutako etekin horri gainbalioa deritzo.
  2. Kapitalismoaren monopoliorako joera. Enpresak lan-merkatu zein merkatu komertzial zorrotzean lehiatzen dute. Enpresa askok produktu berdinak ekoizten dituztenez, besteak baino produktu merkeago eta ugariagoak ekoiztu behar dituzte etekinak mantendu edo areagotu beharko dituzte. Langileak landatik datoz hirira mordoka; honek beti norbait soldata urriago baten truk lan egiteko prest dagoela dakar. Azkenik iraupeneko soldata baino ez dute jasoko. Bestalde, posible da eguneko lanorduak gehitzea. Baina horrek ere muga bat dauka. Ezin zaio pertsona bati egunean hamabi edo hamalau ordu baino gehiago lanarazi. Ezin badugu soldatarik igo edo lanordurik areagotu, nola izango da posible etekinak areagotzea? Tresna eraginkorragoen bitartez, denbora laburragoan produktu berberak egiten dituztenak edo langile gutxiagoak behar dituztenak produktu berak ekoizteko. Beste modu batean esanda: aurrerapen material edo teknologiko baten bitartez. Nola edo hala, azkenean enpresa batzuek ezin izango dute lehiatu berdintasunezko egoeran. Besteren bat besteen aurretik jarriko dituen aurrerapen teknologiko bat lortuko du enpresaren batek. Egoera txarragoan geratzen diren enpresak porrot egingo dute. Demagun herrialde batean autoak egiten dituzten bost enpresa daudela (A-E). A enpresak porrot egiten badu ere bere ekoizpen bideak —tresnak eta lantegiak— ez dira desagertzen. B enpresak erosiko ditu eta orduan bost enpresa izan ordez, lau izango ditugu: AB, C, D eta E. Prozesu berbera errepikatuko da etorkizunean eta azkenean bi enpresa geratuko dira: ABC eta DE, kasu. Edota enpresa bakarra, lehen bost enpresaz osaturiko sektorean. Marx-en arabera kapitalismoaren joera mundu-mailako enpresa gutxi batzuk sortzearena da. Gero eta handiagoak izango dira enpresok ekoizpen baliabideak gero eta pertsona gutxiagoren eskuetan egongo direlarik. Gogora ezazu sistema kapitalistan bi klase baino ez daudela: ekoizpen-baliabideen jabeena eta hauen jabeak ez direnak. Aurretik enpresa txikien jabeak zirenak orain enpresagizon handien soldatapeko langileak dira; proletarioak, hortaz. Proletalgoa gero eta klase handiagoa da, ez bakarrik garai bateko klase ertainak bere baitan erori direlako, nekazariak baino ugariagoa delako azkenean.
  3. Superprodukzioaren arazoa. Deskribatu berri dugun merkatal-ingurugiro lehiakorrak merkatua produktuz betetzen du. Baina familia bakoitzak bost zartagin eta bi kotxe dituenean, nola salduko dizkiegu zartagin eta kotxe gehiago? Irtenbide posibleak aldi baterakoa baino ez dira: merkatua zabaldu dezakegu, edo guda batez baliatu. Izan ere izan daiteke Brasilen nahikoa zartaginik ez edukitzea. Baina azkenean mundu-mailako merkatua saturatuko dugu. Erremediorik gabeko gertakari bat da; jendeak behar duen guztia —eta orduan, are gehiago— ekoiztera helduko gara. Azkenik ez du zentzurik izango gehiago ekoizteak eta enpresak itxi beharko dute.

Kapitalismoaren barne-kontraesanak zein egoeratara eramaten gaituzten

Marx-ek oraindik ere liberalismoaren eredu antropologikoa jarraitzen du honako honetan: gizakiak eragile arrazionalak gara. Hori horrela gure mesedean jokatuko dugu. Marx-en itxaropena proletarioek beraien bizitzen kolokatasuna sortzen kolaboratzeari utz diezaiotela da. Proletarioek klase-kontzientzia hartu behar dute. Hau da, proletario guztien interesaren arabera jokatu, eta ez bakoitzak norbanakoaren arabera.

Marx eta Engels-ek argi esaten dute: munduko langileak, batu zaitezte! Ez daukazue zer galdu zuen kateak baino, eta mundu bat daukazue irabazteko! Hau iraultzarako dei argia da.

Langileen egoera larria beraientzat agerian geratuko den momentua helduko da. Sistema ekonomikoa langileen aurka jokatzen duela jabetuko dira. Gizarte oparoan bizi direnen gehiengoa miseria gorrian bizi direnean kontzientzia faltsua bukatuko da eta ideologia hori desakralizatuko da. Proletarioak eguna eta gaua bereizten duten bezain argi ikusiko dute sistema kapitalista ustela, faltsua eta gezurrezkoa dela. Orduan ondoreko bi aukeren artean bat gertatuko da:

  1. Iraultza. Langileak irauli egingo dira eta ekoizpen-baliabideen jabetza pribatua bortizki hartuko dute.
  2. Sistema bera bakarrik eroriko da, bere pisu hutsez. Marx-ek ez digu azaltzen nola izan daitekeen bigarren aukera hau, baina imajina dezakegu. Kapitalistak lantegi-bidezko ekoizte-sisteman makinak langileak ordezkatzen dutelako etekinak behera egiten dutela ikusten du. Merkatua saturatuta dago eta ezin du inbertsio bidez ekoizpena hobetu. Bere buruari esango dio: guzti hau zertarako balio du? Kapitalista izateak ez du zentzurik izango, jada. Kapitalistaren etsipena senti dezakezu. Proletalgoa irauli beharrean sistemak zentzua galdu duela pentsatzen. Guztiok batera helduko lirateke ondorio berberera eta trantsizio baketsu, automatiko eta lasaia etorriko lirateke.

Trantsizioaren ostean zer, baina? Gizarte komunista

Bi aukeretako edozein gertatzen dela ere, hurrengo pausua argiago dago. Langileak kapitalismoaren ekoizpen-baliabideak jarauntsiko dituzte eta amankomunean izan. Ez da esplotatutako klaserik egongo, guztiak proletarioak baitira. Hau da, klase bakarra egongo da, proletalgo-ohia. Ez dago, beraz, klaserik. Hortaz, ez dago klase-borrokarik: bakea ezarri eta Historia bukatuko da.

Nolakoa izango da etorkizun hori?

  • Jarauntsitako sistema oparotasun materialekoa da, bizi-maila altua mantentzeko beharrezkoak diren produktuak amaigabe ekoizteko lanabes eta ezagutzak dituelarik.
  • Ez dago urritasunik, edo, gutxienez, premiazkorik. Ez dago betiereko borroka hobessiarrik.
  • Ondorioz, ez dago lehiatzeko beharrik. Ez dugu bizirautearren gehiago esango: nik zu baino merkeago egingo dut lan hau. Guztientzako jana eta babesa dago.
  • Gainbalioaren etekina desagertzen da, merkantziaren balio osoa langileari dagokiolako.
  • Pertsonak lanaren eta espezializazioaren tiranotasunetik askatu egiten dira, bere laneguna laburtu egiten baita. Gizarteak bizi-maila altua edukitzeko behar duena oso epe laburrean sor dezake. Batzuk lan ordu asko lanarazi ordez guztiok ordu gutxiago lan egingo bagenu, beharrezkoak diren gauzak egunean bizpahiru ordutan ekoiztuko genituzke.

Gizaki aske berria. Egunean bi edo hiru orduz lan egin ondoren askeak ginateke. Ez da beharrezkoa laneguna kapitalistak lapurtuko duen gainbalioa sortzeko luzatzea. Egunaren gainerako orduak lagunekin solasean, arrantzan, olerkigintzan edo kapitalismoak ekiditen zituen garapen pertsonala sustatzen duten edozein ihardueratan eman ditzakezu.

Ez ginateke ekoizte-prozesuan alienatuta egongo. Jendeak ez luke modu lehiakorrean pentsatuko, ezta esplotazioan. Bi hauek ideologia kapitalistaren eraginez ikasitako jokabideak dira. Bizitza batzuek besteen aurkako borroka dela ikasti dugu. Gure interes pertsonala jarraitu behar dugula ikasi dugu.

Kontzientzia berria. Kontuan izan ezazu kontzientziak beti ordena produktiboa islatzen duela. Ekoizpen-baldintzak zeharo aldatu direnez kontzientzia berri bat etorriko da, mendeetan zehar bihurritua egon dena, Historiaurreko jatorrizko komunismotik, hain zuzen. Kontzientzia berri hau kontzientzia komunista da, naturazkoa duguna. Honen arabera gizakiak ez dugu jabetza-eskubideen arabera pentsatzen, ezta Locke-k egingo zukeen bezala jabetza naturalean. Inork ez du ukatzen —ez Marx-ek behintzat— bakoitzak bere hortzetako eskuila edukiko duenik. Berriz ere ekoizpen-baliabideen jabetza pribatuaz ari gara, tresnaz, dagoeneko jabetza moduan ikusten ez ditugunak, amankomunean baititugu.

Halako gizarte bat honako arauaren araberakoa izango litzateke: bakoitzak bere gaitasunaren arabera (lan egin behar luke), eta bakoitzak bere beharren arabera (behar duena) jasoko luke[1]. Eta ez ekoizpen-baliabideen jabetza pribatua edukitzearen araberakoa. Zure talentua ekoizpena antolatzean badatza, antolatzaile izango zara; zerbait produzitzea bada, ordea, hori ekoiztu beharko zenuke. Gainera gustura egingo zenuke guztion oparotasuna areagotzearren. Ez zenuke osasun-tratamendu bat jasotzeko aukera eduki behar aberatsa zarelako, gaixorik zaudelako baizik. Ez zenuke Unibertsitatean ikasteko aukera eduki behar zure gurasoak dirudunak direlako, horretarako gaitasuna daukazulako baizik.

Estaturik gabeko gizartea. Marx-en ustez Estatua gainegituraren parte zen eta gizartean klase zapaltzailearen interesak ezartzeko balio zuen. Marx gizarte kapitalistaren gobernuan pentsatzen zuenean ez zuen gizartea antolatzeko forma bat ikusten, legea baizik. Lege hori gizarte-klaseen estruktura eta harremana mantentzeko balio du. Horregatik gizarte liberal kapitalistan legeak batik bat jabetza eta kontratuak arautzen ditu eta Estatuaren funtzioa jabegoa dutenen jabetza-eskubideak babestean datza. Hau da, kapitalistena. Langileek jabetza lapurreta dela erabakiko balute eta fabrika kontrolpean hartu nahiko balute poliziak ekidituko luke.

Gobernua klasedun gizartean baino ez da beharrezkoa. Klasegabeko gizartean, ordea, ez da beharrezkoa, guztiok komunaliki ekoizten baitugu. Gobernua desagertu egingo da, soilik. Egotekotan kudeatzailea baino ez da izango. Lanpostuak nork bete behar dituen berez, naturalki edo adoste bitartez antolatuko dira, eta ez indarrez.


  1. En una fase superior de la sociedad comunista, cuando la esclavizadora subordinación del individuo a la división del trabajo y con ello a la antítesis entre trabajo mental y físico haya desaparecido; cuando el trabajo se haya convertido no sólo en medio de vida, sino en la primera necesidad vital; cuando a la par con el desarrollo global del individuo hayan aumentado las fuerzas productivas y los manantiales de la riqueza colectiva fluyan más abundantemente, sólo entonces podrá rebasarse en su totalidad el estrecho horizonte del derecho burgués y podrá la sociedad inscribir en su estandarte: «¡De cada cual según sus capacidades, a cada cual según sus necesidades!»

    —Karl Marx. Crítica del Programa de Gotha.  ↩