Ortega (3/6): Perspektibismoa eta arraziobitalismoa

Perspektibismoa (1916–1923)

1924ko Meditaciones del Quijote-rekin Ortegak subjektibotasuna akatsa dela eta anti-subjektibotasunaren inplikazioak utzi zituen, guztia zirkunstantzialismoaren aurkikuntzari ezker. Hala ere kosismoa eta subjektibismoa errefusatu egin zituen nia eta bere ingurua banan-banan hartzea ukatu zuen.

Yo soy yo y mi circunstancia, y si no la salvo a ella no me salvo yo. Benefac loco illi quo natus est, leemos en la Biblia. Y en la escuela platónica se nos da como empresa de toda cultura ésta: ‘salvar las apariencias’, los fenómenos. Es decir, buscar el sentido de lo que nos rodea.

Zirkunstantzia

Gizakion bizitza bere “zirkunstantzia” osotzen duten elementuetan dago murgilduta. Zirkunstantziak subjektua osotzen du bere indibidualtasun erradikal eta jatorrizkoan. Zirkunstantzia honek subjektuaren hurbiltasunaren araberako bi maila ditu:

  1. Zirkunstantzia historiko-kulturalak. gure Historia eta kulturaren esparruko zirkunstantzia dira. Espainiaren kasuan tradizio judeokristaua eta filosofia grekoa lirateke.
  2. Norbanakoaren zirkunstantziak/ z. partikularrak. Subjektuarengan eragina dun edozein eguneroko elementuk ere osatzen du. Hau da: gure biografia pertsonala, gure famili-testuingurua etab.

Honen ondorioz ez dago gogoeta filosofikotik kanpo gera daitekeen errealitatearen daturik, partikularrena bada ere. Eguneroko bizitze filosofiaren gogoetaren objektu bihurtzearen estimu hau —bitalismo, existentzialismo eta fenomenologiak partekatzen dutenak— Ortegaren pentsamenduan metodo bihurtzen da.[1]

Nolanahi ere, kontua ez da bakarrik niaren eta zirkunstantziaren izatea onartzea, baizik eta subjektuak zirkunstantzia hauei zentzua eman behar die. Horretarako subjektuarekiko distantziaren araberako zirkunstantzien hierarkia onartu behar dugu. Ortega gauza hurbilenetik hasi eta urrutienekoetara helduko da, hau da, problema filosofiko tradizionaletara.

Egia

Ortegak muturreko bi egi-noziori egiten die aurre: arrazionalismoa eta eszeptizismoa. Bere formula propioa proposatzen du: perspektibismoa.

Egia vs. arrazionalismoa. Egi arrazionalista absolutua da, denbora, zirkunstantzia, Historia, gizartea, pertsonala eta bizitzekoa denetik kanpo. Horregatik sortzen ditu teoria abstraktuak.

Ortegak egia nia murgilduta dagoen zirkunstantzietan gertatzen dela defendatzen du. Bestela esanda, bere bizitzan.

Horren adibide dugu Guadarramako mendilerroa Madriletik zein Segoviatik ikusita gauza bera ez dela. Mendilerroa bat eta berbera da, zalantzarik gabe. Baina bietako zein ikuspuntu da benetako(ago)a? Madrilgoa edo Segoviakoa? Galdera zentzugabekoa dugu hau, ez baitago egiazko ikuspuntu bakarra. Ikuspuntu biak berdin dira egiazkoak eta ordezkaezinak. Elkar osatu egiten dira. Ondorioz, hobeto ezagutuko dugu Guadarramako mendilerroa Madrildik eta Segoviatik begiratu ezkero.

Egia vs. eszeptizismoa. Ortegaren arabera eszeptizismoak konkretuaren eta berehalakotasunaren iheskortasunean kokatu egiten da egia ezagutzeko aukera ukatzen duelarik. Horrela adierazten dute erreala denaren edo ez denaren inguruko liskar amaigabeak. Eszeptizismoak uko egiten dio teoria sortzeari.

Irtenbide perspektibista. Perspektibismoak errealitateren izaera anitza eta aldakorra onartzen du, ikuspegi ezberdinak posible egiten dutena. Baina ikuspuntuok partzialak dira. Printzipio zuzentzaile bati ezker bateratu behar ditugu: osagarritasuna. Hortaz, egia ikuspegien bateratze mailakatuan datza.

Dotrina perspektibistak hiru ondorio dakartza:

  1. Bestelako ikuspuntuen baliagarritasunak egiaren eraikuntzan beste gizakiek duten papera onartzera eta baloratzera garamatza.
  2. Indibidualismoa ez da objektibitatea lortzeko oztopo bat, beharrezko elementu bat, baizik.
  3. Gizarte kontuetara aplikatuta, perspektibismoak egia eta elkarbizitza lortzeko bide dugun tolerantzia balio gizatiarra beharrezkoa dela erakusten digu.

Arraziobitalismoa (1924+)

1923tik aurrera izan zuen heldutasun filosofikoaren garaian Ortegak ez zuen perspektibismoa baztertu. Horren ordez, arraziobitalismoaren dotrinarekin batera garatu zuen.[2].

Arraziobitalismoa bizitza eta arrazoia batzearen saiakera da, hauen bien kontraesanak kritikoki gaindituta. Kontraesanok bitalismoaren gehiegikeria irrazionalista eta arrazionalismoaren gehiegikeria antibitaletan ikusten dira.

1924an Ortegak Revista de Occidenten “Ni vitalismo ni racionalismo” artikulua argitaratu zuen zeinetan bitalismoa eta arrazionalismoa kritikatzen dituen, ondoren ikusiko dugun bezala.

Bitalismo filosofikoaren kritika. Bitalismoaren arabera ezagutza prozesuak azaltzeko ez dira beharrezkoak printzipio filosofiko bereziak, hauek printzipio biologiko esplikagarrietan biltzen baitira.

H. Bergson bitalistaren arabera benetako ezagutza-iturria gertakarien barne-bizipenean sortzen den intuizioa da, ezagutzan arrazoiak duen papera bigarren mailako garrantzia duelarik.

Ortegarentzat arrazoia bizitzan ematen da. Ezagutza arrazoiaren ondorio da baina arrazoia elementu ez-arrazionalez inguratuta eta mugatuta dago; bizitza beragatik, hain zuzen. Arrazoia elementuok ezagutzeko beharrezkoa da.

Arrazionalismoren kritika. Arrazionalismoa arrazoiak mugarik ez daukala pentsatzearen ondorioa da, horrela bere ahalbidetik haratago doalarik.

Ortegak errealitatearen analisia egiterakoan elementu “irrazionalak” topatzen ditu. Irrazionalak diren neurrian ezin du beraien berri eman[3]. Horrela jartzen dira agerian arrazoiaren mugak. Ez du, beraz, arrazoiak ezagutzeko bide moduan duen funtzioa, arrazoiak dena ezagutzeko duen nahiera ez-legitimoa baizik. Are gehiago, Ortegak arrazoiak guztia bere esanetara jar daitekeela arbuiatzen du. Azken finean hori da arrazionalisten fedea eta horregatik gehiegikeria egin dute.

El tema de nuestro tiempo consiste en someter la razón a la vitalidad, localizarla dentro de lo biológico, supeditarla a lo espontáneo. Dentro de pocos años parecerá absurdo que se haya exigido a la vida ponerse al servicio de la cultura. La misión del tiempo nuevo es precisamente convertir la relación y mostrar que es la cultura, la razón, el arte, la ética quienes han de servir a la vida.

Irtenbide arraziobitalistak arrazionalismo zein bitalismoaren elementu positiboak biltzen ditu arrazoi bitalaren kontzeptuaren inguruan. Erreala dena ezagutzarekiko lehentasun ontologikoa dauka, bitala dena errealitatearen aspekturik esanguratsuena delarik. Arrazoia ez da errealitatearen legegilea izango, bere kronista baizik. Izan ere errealitate objektiboarekiko bigarren mailakoa da. Bizitza, errealitate erradikala izanda, gogoeta filosofikoaren lehen mailako objektu da, teoria guztien abiapuntu.

Ortegak esaten duen bizitza ez da, baina, bizitza biologiko hutsa, beraren berri eman dezakeenaren bizitza baizik, bizitza pertsonala, gizabanako bakoitzarena, nirea. Adimenak bizitza eta beronen zirkunstantziak ulertzea posible egiten digu giza-ekintza zentzuz hornituz. Ezin dezakegu pentsamendua bizitzatik kanpo dagoen zerbait edo bizitzaren aurka doan zerbait dela pentsatu.

Bizitza errealitate erradikala da. Eta berataz teorizatu behar dugu. Hain zuzen, hori da Filosofiaren funtzezko lana. Berriz ere, ez gara edozein bizitzaz ari, giza bizitzari buruz baizik. Eta honek honako baldintzak ditu:

  • Giza-bizitza norberarena da.
  • Pertsonala delako gizakia zirkunstantzia jakin batean aritzera eramaten du.
  • Bizi ditugun zirkunstantziak aukerak ematen dizkigute. Askatasuna ekartzen digute.
  • Ezin diogu beste bati egokitu: gure ardura ukaezina da.

Giz-bizitza kontzientea da, eraginkorra, eta horrelakoa ez bada, ez da gizatiarra. Arrazoia funtsezkoa da giza-bizitzan. Ez gara pentsatzeko bizi, bizitzeko pentsatzen dugu. Aristotelesek Filosofia aisialdi moduan ikusten zuen; Ortegak, ordea, pentsatzean bizitza doakigula uste du[4], eta asko kostatu zaigu horretara heltzea.

Zergatik pentsatzen dugu gizakiok? Giza-arrazionaltasuna dakien eta ez dakien animalia baten nahastea da. Gizakia falta zaionak osotzen du. Jainkoa ez da arrazoiduna dena dakielako eta dena batzen. Kontrako muturrean animaliak topatzen ditugu, ezer ez dakitenak. Bestalde, gizakiak ez dakiela sumatzen du eta honek ezagutza bilatzera bultzatzen du; eskuratze iragankorra, hauxe. Ezagutzaren eskuratze hau pertsonala izateaz gain espeziaren araberakoa ere bada.

Bizitzea munduan egotea da. Baina ez mundu-naturan, munduan egoteak kontzientzia, zeregina, ihardukiera eta lan teleologikoa baitakar. Bizitzea proiektatzea da, egin nahi duguna eta izan nahi duguna askatasunez erabakitzea. Horrek aurreikusteko, antizipatzeko gaitasuna eskatzen du, bizitzarekin identifikatzen duen gaitasuna. Zirkunstantziek askatasuna eta mugak ematen dizkigute era berean.

Denbora. Bizitza denboran gertatzen da: ezin da gizakion dimentsio historikoa zinkunstantzialtasunetik banandu. Bizitza eta Historiak arrazoi bitalean dute harremana, arrazoi historikoaren nozioaren bitartez.

Giza-natura historikoa da: ez dago giza-esentzia aldagaitzik. Gizakia neurri handi batean bere arbasoengandik jaso duena da. Oinordekotza hau handitu, transmititu eta hobetu egin dezakegu. Edo alferrik galdu.

En suma, que el hombre no tiene naturaleza, sino que tiene (…) historia. O, lo que es igual, lo que la naturaleza es a las cosas, es la historia –como res gestae– al hombre.


  1. Ortegak honakoa esaten du: “El ser definitivo del mundo no es materia ni es alma, no es cosa alguna determinada, sino una perspectiva”; “…donde está mi pupila no hay ninguna otra.”; “…somos insustituibles.”  ↩

  2. Ortegak arraziobitalismoa 1924ko “Ni vitalismo ni racionalismo” artikuluan garatu zuen aurretik idatzi zuen El tema de nuestro tiempo liburuari erantzun moduan. Hori da hurrengo epigrafearen edukia. Horregatik arraziobitalismoaren azalpena laugarren epigrafearen ostean joan beharko litzateke eta ez aurretik. Ez dakit zergatik bildu dituzten perspektibismoa eta arraziobitalismoa —Ortegaren pentsamenduaren funtsezko garaiak, eta oparoenak— El tema de nuestro tiempo gerorako utziz eta ordena logiko zein kronologikoa haustuz. Beti bezala selektibitate azterketarako dituzten epigrafeak jarraituko ditut, kosta hala kosta.  ↩

  3. No puede dar cuenta/razón de ellos.  ↩

  4. Nos va la vida en ello (en pensar).  ↩