Agustin (6/7): Historiaren Filosofia: lurreko hiria eta Jainkoaren hiria

Historia ziklikoa vs. Historia lineala. Ekialdeko eta Aintzinako Greziako Historiaren ikuskera ziklikoa zen. Naturan zikloak daude, hala nola eguna eta gaua, urtaroak, etab. Gertakariak ere ziklikoak dira, errepikatuko diren ereduen arabera gertatzen baitira. Azken finean mundua betidanik existitu da, eta amaigabe errepikatuko dira ziklo hauek. Gogora dezagun guzti honen adibide den arimen transmigrazioa.

Kristautasunaren arabera, ordea, mundua sortua izan zen eta bakarrak diren hainbat gertakari izan ditu. Horien artean bereziena Kristoren bizitza eta salbaziorako egin zituen gauzak daude, errepikatuko ez dierak, eredugarriak badira ere. Mundua Historian zehar garatuko da eta momenturen batean bukatu egingo da.

Bibliaren ikuskera lineala eta platonismoaren ikuskera ziklikoaren artean desadostasuna dago. Gutxienez tentsioa nabari da. Zenbat eta hobeto Biblia ezagutu, gero eta linealagoa da bere Historiaren ikuspegia.

Historiaren momentu garrantzitsuenak. Gizakion Historiaren gertakariak esparru zabalago baten erdigunea dira. Hasierako eta bukaerako gertakariak ezarrita daude eta Historia mutur horien bitartean gertatzen dena da. Izan ere gizakiontzat ezezaguna da Historiaren argumentuaren detailea eta bukaera, baina zentzu orokorra ikus dezakegu. Eta badakigu bukaeran azken epaia egongo dela. Bitartean (1) jatorrizko bekatua gertatu zen; (2) Salbatzailearen etorreraren itxarotea gertatu zen; eta (3) Jainkoaren Semearen haragiztatze eta pasioa eta Elizaren ezartzea gertatu ziren.

Lurreko Hiria eta Jainkoaren Hiria. Lurreko eta Jainkoaren Hiriak ez dira leku fisikoak, kontzeptuak baizik. Agustinen arabera gizateria bitan banatuta legoke. Alde batetik hanpuskeriaz jokatzen diren gizakien gehiengoa dago. Horiek beraien onurarako jokatzen dute, Jainkoari uko egin diotelarik. Jainkoa mespretxatuz beren burua Jainkoa baino maiteago dute. Hauek osatzen dute Lurreko Hiria. Jainkoaren Hiria, bestalde, graziaren bitartez beraien buruei uko egin eta Jainkoari hurbildu direnak osatzen dute. Jainkoa maite dute gauza guztien gainetik.

Ez dago norbera zein Hiriren parte den jakitea. Eliza Jainkoaren Hiriarekin lotura berezia badauka ere, Elizaren parte izate hutsak ez du salbazioa bermatzen. Eliza eta Jainkoaren Hiria ez dira gauza bera, Estatua eta Lurreko edo Gizonen Hiria identifikatu ezin diren modu berberean.

Historian bi hirietako hiritarrak nahastuta daude, eta borrokan. Etorkizunean bi Hiriak bananduko dira. Hiri bakoitzeko hiritarrak beraien berpiztutako gorpuekin berriro batuko dira eta merezitako sari edo zigorra jasoko dute. Jainkoaren Hiriaren parte direnak graziaren bitartez Jaikoaren kontenplazioa dute sari. Ezinezkoa zaigu kontenplazio hori zer nolakoa den imaginatzea ere. Lurreko Hiriaren partaide den gizateriaren gehiengoa, berriz, bukatugabeko tortura jasoko dute garren bidez erreko direlarik. Norberaren bekatuen larritasunaren arabera mina eta pairamena handiagoa edo txikiagoa izango da, baina edozein kasutan amaierarik gabekoa.