01. Aintzinaroko Filosofia

Sofistak

Hitzaren garrantzia. K.a. V. mendean Atenasen demokrazia zen ezarritako sistema politikoa. Hiritarrek batzar politikoetan hitz egiteko eskubidea zuten. Honek nobleak zirenak eta ez zirenak berdindu egiten zituen, kargu publikoak edozein hiritarren eskutan egon zitekeen eta. Hiritarrek, beraz, erabakiak hartzeko asanbladetan parte hartu behar zuten entzuten, hitz-egiten eta bozkatzen.

Nortzuk ziren sofistak? Garai hartan elkartu ziren pentsalari mota bat izan ziren. Ez zuten inolako eskolarik eratu, ez filosofia edo doktrina bateraturik mantendu, asotan aurkako iritziak ere izaten baitzituzten. Hala ere garaiko oso fenomeno sozial garrantzitusa izan zen.

  1. Kanpotarrak. Gehienak kanpotik etorritakoak ziren, eta ideia askotarikoak eta berritzaileak ekarri zituzten. Haien eragina oso handia izan zen, gazteengan bereziki, baina tradizionalisten kontrakotasuna jasan behar izan zuten. Berebizikoa izan zen haien garrantzia Atenaseko bizitzan eta etorkizuneko filosofian.
  2. Irakasle profesionalak. Atzerritarrak izanik, ezin zuten erabakietan parte hartu, bina haiek ziren Atenaseko herritar gehienak pretatzen eta hezten zituztenak; irakasle profesionalak ziren. Bere lanaren truk dirua kobratzen zuten, garaiko greziarrentzat eskandalua zen hori.
  3. Polisaren arazo praktikoez kezkatzen ziren, eta helburu nagusia ikasleak ahalik eta hobekien prestatzea zuten, bai agoran besteak konbentzitzeko, eta baita tribunaletan irabazle irteteko ere. Eredua ez zen, dagoeneko, gizon trebea, ausarta eta ederra, arrakasta lortuko zuena baizik. Hortaz, oratoria eta erretorika izan ziren sofistek irakasten zituzten gai naguziak, hitzen bidez besteak konbentzitzeko trebetasunak, alegia.

Gai berriak. Sofistek iraultza espiritual bat egin zuten. Gogoetaren ardatza kosmosa eta physis-etik gizakia eta gizarterantz aldatu zuten. Jorratu zituzten gai nagusiak etika, politika, erretorika, artea, hizkuntza, erlijioa eta hezkuntza izan ziren. Hitz batean: kultura (vs. natura). Zergatik, baina, ardatz aldaketa hau? Physis-aren ikerketa agortua zegoen, zituen bide posible guztiak arakatu ondoren. Bestalde, K.a. V. mendean garrantsi haundiko aldaketa sozialak gertatu ziren. Aldaketa hauek sofistikaren sorreran lagundu zuten, baina sofistikak ere bultzatu egin zituen berauek.

Gizartean aldaketak. Demos-ak gora egiten zuen, eta neurri berberean aristokraziak behera egiten zuen. Honekin batera areté edo bertute tradizionala ere kolokan jarri zuten, beste balio batzuk lehenetsita. Tradizionalki bertutea jaiotzetik eskuratzen zen zerbait zela sinisten zen. Demos-aren indar berri honek bertutea ikas zitekeen zerbait zela pentsatzera jo zuten. Bertute hori zertan zetzan eta nola ikasi eztabaidagai ezinbesteko bihurtu zen. Bestalde, gero eta meteko edo atzerritar gehiago zegoen Atenasen. Merkataritza hirien mugak zabaldu zituen, beste hiri eta kulturekin harremanetan jarriz. Bidaiarien esperientziak eta ezagutza berriak grekoen ohitura eta legeentzat erronka jarraia ziren.
Sofistek garaiaren kezkak ondo identifikatu eta irtenbide egokia eman zietelako lortu zuten arrakasta itzela.

Eszeptizismo epistemologikoa. Sofista batzuk ezseptikoak ziren; hau da, errealitatearen objektibotasunean sinetsi arren, gizakiak errealitate hori ezagutu ahal izateko ahalmena duela ukatzen zuten. Gorgiasek esaten zuen: “ezer ez da existitzen; existituko balitz, ezagutzea ezinezkoa litzateke; eta ezagutzerik balego, ezin izango litzateke igorri”.

Erlatibismo morala. Ez zuten absolutuan sinesten. Haien ustez dena erlatiboa eta konbentzionala da: nomos, akordioa. Denboraren poderioz, hainbat era edo bide erabiliz, hala nola hezkuntza, tradizioak eta ohiturak, adostasunak lortu dira. Beraz, gauzak ez dira berez onak edo txarrak, politak edo itsusiak, egia edo gezurra; dena bere balio praktikoaren araberakoa da.

Homo mensura. Protagorasek honakoa esan zuen: “gizakia da gauza guztien neurria, direnena, direnaren neurrian eta ez direnena ez direnaren neurrian”. Hemen neurria judizioen araua da. Gauza guztiak, aldiz, gertakizun eta esperientzia guztiak hartzen zituen barne. Hau da Mendebaldeko erlatibismoaren abiapuntua.

Kontua ez da ez dagoela ongia eta gaitzaren (izatearen eta ez-izatearen) artean bereizteko erizpide absoluturik. Erizpide bakarra gizona da, gizabanakoa. “Gauzak niretzat agertzen zaizkidan bezalakoak dira, eta zuretzat agertzen zaizkizun bezalakoak.” Adz.: Haize hau hotza edo bero da? “Hotza denarentzat, hotza da, eta ez denarentzat, ez da”. Gauzak horrela inor ez dago oker, guztiok egongo lirateke egian. Beraien egian.

Antilogiak lanean demostratu zuen Protagorasek “gauza bakoitzari buruzko kontrako bi arrazoi daude”. Gauza bakoitzaren alde eta aurkako argudioak daude, elkar ezerezten direnak. Hortik abiatuta irakatzi zuen Protagorasek kritikatzen eta eztabaidatzen, arrazoiak arrazoien aurka jarrita. Are gehiago, beti saiatzen zen argudiorik ahulena garaile irten zezala.

Ez dago, beraz, egi absoluturik ezta balio moral absoluturik: erabilgarritasuna da erizpide nagusia hoberena aurkitzeko. Jakintzua erabilgarriagoa den erlatiboa topatzen duena da. Ondoren besteak martxan jar dezaten konbentzitzea du helburu.

Sokrate

Biografia. Sokrate Atenasen jaio zen K.a. 470 edo 469. urtean. Atenasen bertan hil zen K.a. 399.ean hiltzera kondenatuta polisaaren jainkoengan ez sinesteagatik eta gazteria okerbideratzeagatik. Sokratesek ez zuen eskolarik sortu, baina Atenaseko leku publikoetan zabaldu zuen bere filosofia. Garaian sekulako arrakasta izan zuen gazteriaren zein nagusien artean.

Ez zuen libururik idatzi, bere mezua hitzez zabaldu nahi zuen, elkarrizketa eta dialektikaren bitartez. Bere jarraitzaileek idatzi zituzten Sokratesen doktrina, baina kontraesan asko dago horien artean. Sokratesi buruz gehien idatzi zuena Platon izan zen, Sokratesen ikaslea. Baina Platonek bere elkarrizketen pertsonai bezala sartzen duenez Sokrates zaila da Sokratesen eta Platonen pentsamendua bereiztea.

Psyche-a, gizakiaren esentzia. Sokrates filosofo fisikoen hausnarketen berri izan zuen eta huen balorazioa ez zen ona izan. Dena eta denaren kontrakoa defendatu zutelaz jabetu zen: izatea bakarra da edo izatea anitza da; dena mugitzen da edo ezer ez da mugitzen; dena sortzen da eta suntzitzen da edo ezer ez da ez sortzen ez suntzitzen. Gizakiak arazo hauek konpondu ezin zituela ondorioztatu zuen eta gogoetaren ardatza kanpoko errealitatea eta naturaren izatetik gizakion esentziaren ikerketara aldatu zuen. Sofistek ere antzeko mugimendu bat egin zuten baina Sokratesek erabat ezberdinak ziren ondorioetara heldu zen.

Gizakiaren esentzia bere arima da, arima bait da gizakion ezaugarri bereizgarria. Sokratesen ustez arima arrazoiaren, pentsamenduaren eta portaera etikoaren egonlekua da, ez arima kristaua. Arima denez gure izatearen parterik baliotsuena norbera zaintzea eta arima zaintzea gauza bera dira. Hezitzailearen helburu gorena gizakiei bere arimaren zaintza irakastea da.

Arete-a eta balioak. Grekoek areté deitzen zioten bertuteari. Bertutea gauza baten izatea izan daitekeen onena eta perfektuena bihurtzean datza. Izan beharko litzatena izatera eta berau perfekzionatzera daramana da. Horrela txakurraren bertutea zaindari ona izatea da. Zaldiaren bertutea azkarra izatea da. Gizakion bertutea arima behar den modukoa egiten duenean datza, bere izaeraren arabera: ezagutza edo zientzia. Hori da arima on eta perfektu bihurtzen duena. Bizioa bertutearen aurkakoa izanda, gizakiontzat ezjakintasuna da.

Benetako balioak ez daude kanpoko gauzei lotuta: dirua, boterea edo ospea, esaterako. Ez daude gorputzera lotuta ere, edertasuna, bizia, sasoia edo indarra dauden bezala. Arimaren balio guztiak ezagutzan biltzen dira. Honek ez du esan nahi aipatutako gauza hauek inolako baliorik ez dutela, bere balioa jakituriaz erabiltzetik datorrela, baizik. Ezagutzak, arimak eta areteak eskatzen duen moduan erabilita izango dira baliotsuak, eta ez bere baitan.

Intelektualismo morala. Gizakiaren joera zoriontasuna lortzea da baina zoriona non eta nola bilatu da arazoa. Sokratesentzat ontasun morala ezagutzaren ondorioa da. Bi proposizio hauetan laburbiltzen da intelektualismo moral hau:

  • Bertutea eta bertute guztiak —jakituria, justizia, indarra, neurria, etab.– ezagutza/zientzia dira. Filosofo fisikoek kosmosa arrazoiaren menpe jartzen saiatu ziren bezela Sokrates gizakien bizitza eta balioak arrazoiaren menpen jartzen saiatu zen.
  • Inork ez du nahita, jakinda, okerrik egiten. Gaizki egiten duenak ongiaren ezjakintasunak bultzatuta jokatu du. Gizakiok gure hobebearrez jokatzen dugu beti. Gaizki jokatzen dugunean ere ez dugu gaizki jokatzearren egiten, ekintza horretatik onuraren bat lortzea espero dugulako baizik. Kalkulu akats baten ondorioa da, beraz, gaitza. Ongia lortuko dugulakoan gaitza egiterakoan ezjakintasunaren biktima garelako da.

Kritika moduan esan genezake ongiaren ezagutza ongia egiteko beharrezko baldintza dela, baina ez baldintza nahikoa.

Sokratesen metodoa. Sokratesek bilatzen zuen egia ez zen aurreko filosofo presokratikoek bilatzen zutena. Haren ustez gizakiak physisari buruz jakin dezakeenak ez du inolako garrantzirik. Honetan bat egiten du sofistekin. Norberaren ezjakintasuna onartzea da egokiena, eta horregatik zioen: “ezer ez dakidala baino ez dakit”.

Metodo dialektikoa eta metodoaren helburua. Sokratesek bilatzen zuen egia askoz gertuago dago gizakiarengandik. Gogoeten bidez definizioak bilatzen zituen: zer den zintzo izatea, eta zer, lotsagarri; zer den bidezkoa, eta zer bidegabea; zer zentzuduna, zer zentzugabea; zer adorea, zer koldarkeria; zer ederra eta zer itsusia… ezinbestekoa baita bertuteak ezagutzea bertutetsu izan ahal izateko.

Nola jakin daiteke, baina, zer den Edertasuna, edo Justizia, edota Zentzutasuna, edo Adorea, edo Zintzotasuna? Horretara iristeko erabili zuen metodoa taldeko eztabaidan oinarrituta dago eta bi fase ditu: ironia eta maieutika.

Definizio unibertsalak. Sokratesen eztabaidak “zer da…?” galderarekin hasten ziren beti. Definizioak bilatzen zituen, beraz. Haren ustez definizio horrek du definitu nahi duen kontzeptuaren esentzia. Esentzia kontzeptu horren barruan sartzen diren objektu guztiek komunean duten oinarria da, bigarren mailako gainerako ezaugarri guztiak alde batera utzita.

Esate baterako, “zer da justizia?” galderaren erantzuna bilatzean, justiziaren definizioa bilatzen du eta horretan dago, hain zuzuen ere, justiziaren esentzia; hau da, justuak diren ekintza guztiek komunean dutena.

Definizioak bilatzeko erabiltzen duen metodoa induktiboa da: kasu partikularretatik abiatuta, definizio orokorrera iritsi nahi du. Aipatutako adibidean, esaterako, Sokratesi eta solaskideari justuak iruditzen zitzaizkien zenbait ekintza errepasatu zituzten, komunean dutena —justizia, hain zuzen ere— aurkitzen saiatuz. Galdera-erantzuneko labirinto baten antzeko bidea agertzen da.

Ironia sokratikoa eta “ez-jakitea”. Ironia solaskideari bere ezjakintasunaz oharraraztean datza, horretarako galdera egokiak eginez. Sokrates benetan trebea zen ironiaren aplikazioan. Bere burua jakintsutzat zuena konturatzen zen ezer ere ez zekiela, Sokratesen galderen eraso zorrotza jasan ondoren. Galdera horien bidez, kontraesanetan erorrarazten zuen aurkaria; edota ezin erantzun uzten zuen; edo galdera berari nahi hainbat erantzun emanarazten zion, azkenean ezer zehatzik esaten ez zuela.

Gezurtatzea eta maieutika sokratikoa. Maieutika, etimologikoki, emaginaren lana da. Hau da, erditzerakoan mundura umeak ekertzen laguntzea. Sokratesen ama emagina zen, eta Sokratesek berak maiz esaten zuen bere lana ere erditzen laguntzea zela; baina umeak erditzen lagundu ordez, egia erditzen laguntzen zuen. Solaskidea ustezko jakinduriaz hustu ondoren ironiaren bidez, bere barnean zituen erantzuen egokiak bilatzen eta ateratzen laguntzen zion maieutika erabiliz; horretarako galderak egiten eta erantzunak jasotzen jarraitzen zuen. Horrela, bada, egia norberaren barruan dagoela uste zuen; aurkitu baino ez dela egin behar eta, aurkitzeko, bilatu egin behar dela. Hori lortzeko bide egokiena eztabaida da. Metodo hori, bestalde, ezin da aurrera eraman idatziez, galdera berriak azken erantzunean oinarrituak baitira. Horretarako egokiena ahozko eztabaida da. Horixe da Sokratesek egin zuena eta horregatik ez zuen ezer idatzi.

Antierlatibismo morala. Bestalde, Sokratesek bilatzen zuen bertutea oso gutxitan definitzen zuen argi. Dialogoen buekaera gehienetan onartu egiten omen zuen elkarrizketa hura gaiari buruzko inguratze bat baino ez zela izan, eta askoz gehiago landu eta eztabaidatu beharko zela oraindik. Baina jakinduria lortzeko bide bakarra eztabaida edo dialogoa zela zioen. Eta bilatzen zuen jakinduria hori ez zen teorikoa, praktikoa baizik; bertutea zer den ezagutzearen helburua ez zen jakinduria hutsa, haren aplikazioa baizik; bertutea zer den ezagutuz bakarrik irits daiteke bertutetsu izatera, bai norbere buruarekin eta baita hiria osatzen duten besteekin ere. Horrez gain, justiziaz edota ongiaz bakoitzak gauza desberdina ulertzen bazuen, nola erabaki asanbladan lege bat justua den ala ez? Horregatik elkar ulertzeak aldez aurretik hitzen esanahia zehaztea eskatzen duela zioen Sokratesek.

Sokratesen heriotza. Sokrates K.a. 399. urtean hil zen, astaperrexila[1] izeneko landare baten zuku pozoitsua edan ondoren. Horixe izan zen Atenaseko tribunal batek ezarri zion kondena, pozoituta hiltzea, eta ez zuen lagunek prestatu zioten ihesaldia onartu nahi izan. Sokratesek legea errespetatu egin behar zela pentzatzen zuen eta bizitza osoan hiri defendatu zuenez, legea errespetatu zen. Bestalde, heriotzarekin mundu materialetik libratuko zela uste zuen, arimaren hilezkortasunean sinesten baitzituen.

Bi izan ziren tribunalaren akusazioak: erlijiogabetasuna eta gazteen perbertsioa. Askotan aipatu da aitzakiak baino ez zirela izan, eta benetako arrazoiak beste batzuk izan zirela. Besteak beste, demokraziarekin oso kritiko izatea eta erori berria zen Hogeita hamar Tiranoen gobernu odultsuaren zenbait partaideren irakasle izatea.

Platon

La caracterización general más segura de la tradición filosófica europea es que consiste en una serie de notas al pie de Platón.
–A. N. Whitehead, Process and Reality-n.

1. Datu biografikoak eta testuinguru historikoa

Heziera

Platon Atenasen jaio zen K.a. 427. urtean. Antza Aristokles zuen egiazko izena, nahiz eta denek Platon deitzen zioten: sorbalda zabalekoa. Amak Periktione zuen izena eta Solon legegilearen familiakoa zen. Aita Ariston izenekoa Kodro erregearen ondorengoa omen zen. Anai bi izan zituen, Glauko eta Adimanto. Errepublikan aipatzen ditu. Karmides eta Kritias oligarka handiki ospetsuak osabak izan zituen. Platonen familia, beraz, entzute handikoa zen, eta ageri denez politikarako zaletasuna leinutik zetorkion.

Platon jaio eta handik gutxira Perikles hil zen, eta orduantxe hasi zen Atenas hiriaren gainbehera. Nolanahi ere, Platon gazteak goi-mailako familia greko bati zegokion heziera izan zuen eta Perikles agintariaren aroaren hezkuntza-tradizioan murgilduta arteak eta letrak ikasi zituen. Dramak eta olerkiak idatzi zituen gazte-gaztetan. Urte batzuk geroago erreko zituen, Sokrates ezagutu ondoren.

Goi-etorkiko familietako tradizioari jarraiki Platonek karrera militarraren oinarrizko hezkuntza jaso zuen eta egin-eginean Peloponesoko gudan zalditerian borrokatzera iritsi zen. halaber, senideen lanbidearen ildotik eginkizun politikoei ere eutsi beharko zien. Baina politikaria izateko bidea zapuztu egin zitzaion.

Politikarako joera

K.a. 407. urtean hogei urte zituenean Sokrates ezagutu zuen eta haren taldekide egin zen. Sokratesek ezon hobeto erabiltzen zituen erretorika eta elkarrizketa, baina garai hartako iritzi nagusien aurka, zuzentasun etikoa bilatu nahi zuen eta horixe zen haren jardunbidearen araua.

K.a. 403. urtean demokrazia berrezarri zen Atenasen, Hogeitamar tiranoen dikatadura laburraren ondoren. Demokrazia indarrean zegoela, K.a. 399. urtean, Sokrates epaitu zuten eta heriotz zigorra ezarri. Leporatutako delituak jainkoengan ez sinestea eta ideia hori erakutsita gazteria usteltzea izan ziren.

Sokratesen heriotz bidegabekoak sekulako eragina izan zuen Platonen pentsamendu politiko eta filosofikoan. Politikarako zuen jarrera ere galdu egin zuen eta arazo politiko eta moralak bihurtu ziren bere gogoeta-gaiak: Nola zen posible sokrates bezalako pertsona zuzen bati heriotza-sigorra ezartzea? Une horretatik aurrera, Atenaseko filosofoak gaitz iritziko dio politikan jarduteari, eta gizarte-antolakuntza teorikoki asmatzera egingo du, demokrazia-sistema ustela garbitzeko.

Kriton izeneko elkarrizketan kontatzen digunez, Sokrates kartzelan zegoela, behin baino gehiagotan proposatu zioten ihes egitea lagunek, baita atzerrira joatea ere, zaindariak erosita baitzituzten. Sokratesek uko egin zion proposamenari: heriotza-zigorra bidegabea izan zen arren bizitza osaoan hiriaren legeak bete behar direla aldarrikatzen pasatu ondoren momentu hartan ere bete behar zituela defendatu zuen. Beste modu batean jokatu izan balu jeandeak legeak alde zituenean baino ez zituela betetzen leporatuko zioten. Lagunen artean hil zen astaperrexilaz egindako edabea irentsita.

Bidaiak eta akademiaren sorrera

Sokratesen lagunak arriskuan zeuden haren kontrako epaiketa eta heriotza-zigorraren ondoren. Gauzak horrela, Platonek Atenastik alde egin zuen eta Megarara joan zen Euklidesekin matematika ikastera. Ondoren Egiptora bidaiatu zen geometria ikastera. Azkenik, 40 urte zituela Siziliara iritsi zen pitagorikoen ekarpenak ezagutzearren. Harreman honek zahartzaroko zenbakiekiko grina piztu zion.

Siziliako Sirakusan zebilela Dionisio I.a erregearen koinatua zen Dion Platonekin adiskidetu zen. Eta Sirakusan bere sistema politikoa ezartzeko proposamena egin zion. Platon eta Dionisio haserretu egin ziren eta filosofoak alde egin zuen Atenasen etsai zen Eginako uharteraino. Han esklabo hartu zuten baina Anikeris merkatariak 1200 zilarrezko txanpon ordaindu zituen Platon askatzeko.

Atenasera itzuli egin zen eta K.a. 387an Akademia sortu zuen Akademo heroiaren ohorez izendatutako lekuan. Matematika, astronomia eta zientzia fisiko ikerpenak egiten zituen han, eta politikariak izango zirenak askatasunez hezi.

K.a. 369an, 58 urte zituela, Dionisio hil zen eta Dionek berriro gonbidatu zuen Platon Sirakusara. Bertan Dionisio II.a oinordearen heziketaz arduratu beharra zuen. Baina Dion eta Dionisio II.a etsaitu egin ziren eta Dionek Siziliatik alde egin behar izan zuen. Platon, berriz, Atenasera itzuli zen Dionisio II.ak jaramonik egiten ez ziolako.

K.a. 361ean, 66 urte zituela, Dion Sirakusara itzuli eta agintea eskuratu zuen. Hirugarrenez joan zen Platon Siziliara, oraingo honetan konstituzioa idazteko laguntzeko betebeharrarekin. Baina K.a. 353an Dion erail zueten eta Platon politika praktikoa utzi, Atenasera itzuli eta ez zen berriro handik atera behar.

Sirakusako hirugarren bidai honetan izandako esperientzia praktikoa txarra izan zen eta Akademian murgildu zen Platon lan teorikoa burutzeari. Zuzentasuna eta haren gaineko benetako ezagutza izan zen Platonen gogoeta-gaia, zuzentazuna baitzen gobernatzeko erizpidea. Jakintzuenak gobernatu behar dute hiria, Errepublika VII liburuan irakurriko dugunez.
K.a. 347an hil zen 80 urte zituela eta sekulako arrastoa utzita Mendebaldeko filosofia eta pentsamenduan.

Idazlanak

Platonen obraren garrantzia Aristotelesenarekin pareka daiteke garai klasikoan. Garai hartan izandako eragina gaurdaino iritsi da. Bere idazlanak gorde zituzten Akademian eta gaur egun lanon kronologia ere adostu da.

Platonen obraren garrantzia filosofikoa izateaz gain literarioa ere bada. Bi idazlan izan ezik beste guztiak dialogo edo elkarrizketa forman idatzita daude. Horietan Sokrates beste pertsonai batzuekin hitz egiten du.

Hasierako lanetan Sokratesen pentsamendua eta Sokrates pertsonaiaren agerraldiak garrantzitsuak badira ere, denbora pasa ahala gero eta gutxiago agertzen dira biak. Dialogoei esker Platonen pentsamenduaren bilakaera ikusten dugu. Gure pentsalaria, hala ere, ez zien beti irtenbidea aurkitu planteatutako arazoei, baina zintzotasunez jokatuz horrela adierazten du.

Gaztetako dialogoak (396–388). Sokratesen filosofia oraindik aldaketarik gabe agertzen da. Bertuteen definizioen bilaketa eztabaidaren bidez bilatzen da, metodo sokratikoa jarraituta. Laques, baloreaz.

  1. Eutifron, pietateaz.
  2. Kriton, zibizmoaz.
  3. Sokratesen apologia edo Sokratesen defentsa.
  4. Protagoras, bertuteaz.

Aldaketa-garaiko dialogoak (388–378). Platonen pentsamendu propioaren garapenaren hasiera. Oraindik Sokrates da protatonista nagusia baina garrantzia galduz doa. Arazo politikoak nagusi egiten dira eta arimaren hilezkortasunaren bezalako ideietan nabari da pitagorismoaren eragina. Ideien teoriaren hastapena.

  1. Hipias handia, edertasunaz.
  2. Eutidemo, sofistez.
  3. Gorgias, justiziaz.
  4. Kratilo, hizkuntzaz.
  5. Oturuntza, maitasunaz.

Heldutasuneko dialogoak (378–360). Dialogo nagusiak garai honetakoak dira. Ideien teoria zehaztua dago. Aurreko gaietan sakondu egiten du. Politeia edo Errepublika lanean polis perfektuaren diseinua egiten du eta garrantzizkoak dituen gai gehiena aurkezten ditu.

  1. Fedon, arimaz.
  2. Errepublika edo Politeia.
  3. Fedro, maitasunaz eta edertasunaz.
  4. Parmenides, ideien teoriaren autokritika.
  5. Teeteto, ezagutzaz.

Zahartzaroko dialogoak (360–347). Arazo metafisikoak baztertzen doa, eta pitagorikoen eraginez kosmologiarekiko interesa handitzen zaio. Historia ere interesatzen hasi zitzaion. Kontserbadoreago bihurtuz doa eta nekea eta pesimismoa agerian daude.

  1. Sofista, izateaz.
  2. Filebo, plazerraz.
  3. Timeo, kosmologiaz.
  4. Kritias, Atenasen historiaz.
  5. Legeak, polis idealaz.

2. Metafisika: ideien teoria


Zer ikasiko duzu atal honetan?

  1. Metafisika edo bigarren nabigazioa zer den eta nola sortu zen.
  2. Errealitateak bi maila dituela.
  3. Ideia formak zer diren eta zeintzu diren beraien ezaugarriak.
  4. Ideia-formen mundua zer den eta ierarkikoki antolatua dagoela.
  5. Nola sortu zen zentzumenen bidez antzematen dugun mundua.

Metafisikaren sorrera: bigarren nabigazioa

Bigarren nabigazioaren erreferentzia belaontzien funtzionamenduan datza. Lehengo nabegazioa bealarekin egiten dena dugu. Bigarren nabigazioa, aldiz, arraunekin egiten dena da, haizerik ez dagoenean. Bigarren nabigazioak, beraz, norberaren indarrez egindakoa da (Platon berararen lanaz ari gara hemen). Filosofiari dagokionez, lehengo nabigazioa physis-aren filosofiaren parekoa da. Hau da, gauzen kausa eta eragileak natural edo mekanikoak dira: mundu ikusgarrian gertatutako edozeren zergatia mundu ikusgarrian bertan aurki dezakegu. Bigarren nabigazioak, ostera, sentzumenen gainetiko errealitate batera jotzen du mundu ikusgarria azaltzeko: izaki ulergarria, hain zuzen.

Honen adibide argi bi ditugu platonen idazlanetan bertan:

  1. Zergatik da ederra gauza bat? Filosofo fisikoek kolorea, tamainua edota formara joko lukete galdera hau erantzuteko. Platonek, aldiz, hauek kausa lagungarritzat edukiko zituen. Benetako zergatia edertasunaren forma hutsa izango litzateke. Honen partehartze edo harreman bereziren bati esker dira gauzaki enpirikoak ederrak. Bestela esanda, forma honi esker lortuko dute gauzaki ederrak forma, kolore eta proportzio beharrezkoak ederrak izateko.

  2. Zergatik dago Sokrates kartzelan? Filosofia fisikoaren azalpena (natural-mekanizista) honakoaren antzekoa izango litzateke: gihar, artikulazio eta hezurrez osaturiko gorpua du Sokratesek. Hauen mugitzeak gorpua lekuz aldatzea bideratzen du eta hankak mugituta heldu da Sokrates gartzelara. Baina Platonen ustez arrazoi edo zergati sakonago bat dago Sokratez gartzelan egotearen azalduko duena (arrazoi mekanikoa ez da guztiz egoera horren berri emateko nahikoa): balio espiritual eta moralek eraman dute gure filosofoa hara. Epaien esana onartu eta Atenaseko legeak betetzearren joan zen Sokrates gartzelara.

Beraz errealitateak bi izate maila ditu, nonbait: bata fenomenoek osatzen dutena, ikusgarria, eta bestea ikustezina, metafenomenikoa eta, bide batez, ulergarria edo adigarria dena. Eta benetazko izatea errealitate adigarrian datza.

Zeruaz-gaindikoa edo ideia-formen mundua

Ideia (eidos) izenaz ezagutarazi zituen Platonek izate ez-fisikoa duten zergati edo kausa hauek. Honek “forma” esan nahi du. Beraz, Platonek aipaturiko ideaia hauek ez dira kontzeptu hutsak edo adimenaren errepresentazioak, zentzumenetatik libratu ondoren pentsamenduak pentsatzen duena baizik. Benetazko izatea dira, izatea bera, alegia. Ideia platonikoak gauzen esentziak dira. Platonek, noizbait, “paradigma” hitza erabili zuen ideietaz hitz egiterakoan. Honekin formak gauzen eredu iraunkorra direla adierazi nahi izan zuen: gauzaki bakoitza zer izan behar den, hain zuzen.

Bestalde ideien ezaugarri absolutua bere baitan espresioarekin adierazi zuen Platonek. Edertasun hutsa aldagaitza da, mundu ikusgarrian edertzat dauzkagun gauzakiena ez bezala. Edertasun hutsa ez da inoiz itsusi bihurtuko eta ez dago gauzaki konkretuen menpe: gauzakiak itsusitzen badira ere Edertasunaren zergatia ez da itsusi bihurtuko. Hala gertatuko balitz ez litzateke benetako, hasierako, zergatia edo kausa izango.

Zeruaz-gaindiko lekuren baten daude ideiok. Honek ez du esan nahi benetako leku fisiko batean bilduta daudenik. Izan ere formak ez daukate gorpurik ez kolorerik. Ikutuezina den mundu ez-espazial baten irudiaz ari gara. Arimaren zatirik gorenarekin bakarrrik antzeman daiteke zeruaz-gaindiko mundu hau: adimenarekin. Zeruaz-gainidikoa da bigarren nabagazioaren helburua.

Labur esanda: gauza ikusgarriak ikustezinen bitartez baino ezin dira azaldu. Erlatiboak direnak absolutura jotzea eskatzen dute. Mugitzen diren gauzak mugitzen ez direnera eta aldagarriak direnak aldagaitzetara.

Formen munduaren estruktura

Ideaia anitz daudenetik (balio morelena, gauzakiena, gorpu geometrikoena, matematikaren objetuena etab.) ordenaren bat izan behar dute ideiok. Izan ere horrela konpontzen du Platonek Parmenidesen arazoa: nola ulertu ez-izatea? Formak berak zerbaiten formak direla beste edozeren forma ez direla esanda. Forma bakoitzan izate-neurri jakin bat dauka eta era berean ez-izate bukaezina. Mundu adigarrian ez dago mugimendurik (Parmenidesen hildotik), baina Platonen esatez ideak berak mugigaitzak badira ere mugimendu ideal baten menpe daude beste batzuetarantz jotzen duten neurrian (edo beste batzuek erakarriak diren neurrian).

Mundu adigarria, bestalde, mailakatua dago eta estrukturaduna da. Behe-mailako formak gorago dauden ideien menpe daude, forma gorenera heldu arte: baldindugabeko printzipiorarte, hain zuzen. Politeia-ren arabera Ongia da printzipio hori. Ideaia ororen izatearen iturri da: substantzia eta esentziaren iturri da, eta bi hauen gainetik dago. Ez idatzitako doktrinan Bat-a izenaz ezagutzen dugu baldindugabeko printzipioa.

Formen bereizgarriak:

  1. Betikoak edo denboraz gaindikoak dira;
  2. Bakarra, izaki bakoitzeko ideia bakarra dago, alegia; eta
  3. Ideiak ez du aldakeratarik.

Formen ezaugarriak:

  1. Arrazoiaren ezagugaiak dira;
  2. Zentzumenez jasotzen ditugun gauzakiei zerbait irizteko erreferentzi puntuak ditugu ideiak; eta
  3. Ideiak ezer baino lehen objektu naturalen zergatiak dira.

Mundu ikusgarriaren sorkuntza: Demiurgoa

Mundu ikusgarriaren zergatia zertan datzan badakigu. Baina nola sortu da berau? Bi printzipio daude hemen jokoan. Bata formala —forma edo ideiak— eta bestea materiala —chora, mugarik gabeko printzipio materiala—.

Baina printzipio formala eta materialaren arteko harremanak bitarteko baten beharra dauka: Demiurgoa. Demiurgoa izaki arrazionala eta borondateduna da (pertsonala, beraz). Berak hartu du chora eta formak eredu moduan hartuta mundu ikusgarria sortu du.
Zergatik sortu zuen Demiurgoak mundua, baina? Ontasunagatik eta Ongia maite dituelako.

3. Ezagueraren teoria: zientzia eta iritzia. Dialektika


Zer ikasiko duzu atal honetan?

  1. Platonen arabera gure arimak forma jada ikusi dituela gu jaio baino lehen. Beraz, ikasitako guztia ez da ikastea, beroroitzea baizik.
  2. Ezagutza mailak errealitarearen mailekin lotuta daudela, errealitatearen maila bakoitza modu berezi baten ezagutzen delarik.
  3. Maitasuna arima Ongiaren formarantz tiratzen duen indarra da.

Dagoneko badakigu Platonek bi mundu bereizten dituela: ikusgarria eta adigarria. Mundu adigarria eta bere estruktura mundu ikusgarrian isladatzen dela ere badakigu. Baina: nola antzeman dezake gizakiak mundu adigarria? Platon bera dugu ezagutzaren inguruko lehendabiziko galdera serioa egin zuena. Bere aurretiko filosofoek ezagutzea ezinezkoa zela esaterekin edo errealitatea zuzenean ezagutu genezakela esanda konpondutzat eman zuten arazoa.

Anamnesia, ezagutzaren iturri

Platonek lau argumentu mota erabili zituen anamnesia-ren auzia azaltzeko. Guk, aldiz, bakarra erabiliko dugu, Fedon idazkian agertutakoa, objektu matematikoetaz. Hona hemen argudiaketaren segida:

Zentzumenei esker gauza berdinak, handiagoak edo txikiagoak, karratuak, borobilak etabar daudela hautematen dugu. Baina gogoeta pixka bat eginda esperientziatik antzemandako datuak dauzkagun nozioekin bat ez datozela aurkituko dugu. Inoiz ere ez. Zentzumenei esker hautemaniko ezer ez da perfektuki karratua ez borobila. Hala ere karratu eta borobil perfektuen nozioa daukagu barrenean. Gure nozioen eta datuen arteko desoreka dagoela ondorioztatu beharko dugu: nozioek zentzumenen munduko datuek baino zerbait gehiago daukate. “Zerbait gehiago” hau ezin daiteke inolaz ere zentzumenetik etorri.

Nondik dator, baina? Gure barnetik, beharrez. Baina ezin izan dugu guk sortu, subjektiboki. Horrela izango balitz bakoitzak bere forma-sorta edukiko luke eta formak unibertsalak dira. Izan ere ariman bertan daude, eta horregatik zentzumenen munduko kopia kaxkarrak eta formak harremanean jartzeko gai gara. Arimak dagoeneko formen munduko ikuste metafisikoa izan du gorputz honetan egon baino lehen, ahaztuta badaukagu ere. Horri deitzen dio Platonek anamnesia edo berriro-gogoratu.

Ezagutza mailak: iritzia (doxa) eta zientzia (noesis)

Ezagutzaren printzipioa honako hau da: ezagutza eta izatea proportzionalak dira. Gehien dena da perfektuki ezagutu daitekena. Ez-izatea, ostera, guztiz ezagutezina da. Izate maila bakoitzak bere ezagutza mota bereizgarria dauka.

Baina denaren eta ez-denaren artean bitarteko errealitate maila bat dagoenez –bilakatzen denarena, zentzumenen mundua– zientzia eta ez-jakituriaren arteko ezagutza modu bat ere egon behar du. Modu honi doxa edo eritzia deitzen dio Platonek.

Doxa zuzena izan daitekeen arren ia beti da desegokia, okerra. Ez dauka bere baitan zuzentazunaren bermea, eta zentzumenen mundua bera bezain aldakorra da. Benetako ezagutza kausala da. Baina horrela izango balitz epistêmê izango litzateke.

Doxa edo iritzia berak bi maila ezberdin ditu:

  1. Eikasia edo irudimena / ilusioa: zentzumenen gauzakien itxura eta itzalak ditu ezagugai.
  2. Sinestea / suposizioa edo pistis-a: zentzumenen bidez hautemaniko objektu eta gauzakiak berak ditu ezagugai.

Epistêmê-ak edo zientziak, bestalde, beste bi maila ditu:

  1. Dianoia edo bitarteko ezagutza. Elementu ikusgarriekin zerikusia dauka, oraino, eta hipotesiekin. Honen adibide frogapen matematikoetan erabiltzen diren irudiak izango lirateke.
  2. Noesis-a edo Ulertze hutsa formen eta Ongiaren Ideiaren hautemate zuena izango litzateke.
Izatearen mailen eta ezagutzearen mailen artean dagoen proportzionaltasuna adierazten duen taula.
Izatearen mailak Ezagutzearen mailak
Mundu adigarria 4. Formak edo ideiak 4. Kontenplazioa (Noesis) Zientzia (Epistêmê)
3. Formak / objektu matematikoak? 3. Arrazoia (Dianoia)
Zentzumenezko mundua 2. Orijinalak 2. Suposizioa (Pistis) Iritzia (Doxa)
1. Itxurak 1. Ilusioa (Eikasia)

Erotika edo maitasuna, bide alogikoa absoluturantz (filo-sofia)

Platonek Edertasuna eta artea ez ditu esparru berekotzat. Edertasunaren esparrua Ongiarena da, eta maitagarria da. Mundu adigarriaren eta zentzumenen munduaren arteko bitarteko da maitasuna. Maitasuna ez da Ontasuna edo Edertasuna, Ontasunaren eta Edertasunaren egarri, ordea.

Maitasun mota ezberdinak daude, baina guztiak dute hau amankomunean: edertasunaren, ontasunaren, jakituriaren, poztasunaren, hilezkortasunaren eta absolutuaren irrika daukate. Benetako maitaleak, hala ere, goreneko forma ikustera heldu arte ez da geldituko. Hau da, absolutuki ederra dena ikusi arte, Edertasunaren forma, alegia.

Anamnesiaren teoriarekin bat eginik, Maitasuna Absolutuaren nostalgia da, metaenpiriarantz eramaten gaituen indarra, gure jainkoen ondoko jatorrirantz eramaten gaituena.

Haitzuloaren alegoria

Politeia elkarrizketaren VII. liburuan agertzen den haitzuloaren alegoria interpretatzeko taula lagungarria
Haitzuloa Metafisika Epistemologia Heziketa Ezagulea
Kanpoaldea 7. Eguzkia Ongia (Agathón) Filosofoa
6. Ideiak Ongiaren ideia Zientzia (episteme) Dialektika
5. Benetazko gauzakiak Benetazko ideiak-formak Bitarteko arrazoia (dianoia) Zientzia teoretikoak Matematikak
Harresia Munduen arteko bereizketa
Lurpea 3. Sua Eguzkia
2. Figurak / estatuak Gauzakiak Sinestea / supozizio (pistis) Zientzia enpirikoak Gizon arruntak
1. Itzalak (eikoné) Gauzakien itxurak Irudimena / ilusioa (eikasia) Artea eta literatura

4. Ongiaren kontzeptua

Platonen filosofian Ongiaren Forma izate eta ezagutza ororen iturri da.[2]

—Berdin esan dezakezu izaki adigarriak ongitik ez dutela bakarrik bere adigarritasuna jasotzen, baita bere izatea eta ezentzia ere, ongia bera esentzia ez bada ere; dignitatean eta boterean esentziaren gainetik dagoen gauza bat, baizik.[3]
Politeia, 509b

Ongiaren egarri. Gizakik Ongiaren bilaketan gaude murgilduta. Berau arrazonamendu filosofikoaren bitartez lortuko dugu, beharrez. Izan ere Ongiaren ezagutza ez dugu mundu ikusgiarriaren gauzaki materialetan topatuko, ezta eguneroko bizitzan aurkitzen ditugun adimen normaletan, dauden gauzentzat eredu diren patroi perfektuagoetan, baizik.

Formak. Dakizunez betiereko eredu hauei Forma edo Ideia izena eman diegu. Ezin ditugu zentzumenen bitartez ezagutu. Beraietaz lortu dezakegun ezagutza adimenaren begiaren bitartez lortuko dugu. Zentzumenk ezin digute kauzazko edo aldagaitza den informaziorik eman objektu duten mundu ikusgarria bera aldagarria delako eta ez dituelako bere baitan fenomenoen kausak.

Formen ierarkia. Formak ez dira guztiak berdinak; beraien artean ierarkia bat dago. Batzuk beste batzuk baino garrantzitsuagoak dira. Gainean Ongia, Edertasuna eta Justizia daude. Hauen artean Ongia beste guztiak gainditzen ditu eta izata eta ezagungarritasuna ematen die. Eguzkiak zentzumenezko munduko gauzak ikusteko aukera ematen digu haietako bat izan gabe. Berdin Ongiak Formekin. Hortara dator aurrerago dagoen Politeia 509b-ren aipua. Justizia, Egia, Berdintasuna, Edertasuna eta gainerontzeko Formak Ongiaren Forman dute sorburu.

Dialektika. Maitasunak Ongirantz bultzatzen gaitu, baina Ongia dialektikaren bitartez baino ez dugu ezagutzen. Ezagutza proportzionala da: zenbat eta izate maila altuagoa gero eta ezagutza maila egiazkoagoa lortuko dugu. Dialektika izanda Ongia ezagutzeko modua, ezagutza gorenatzat hartu beharko dugu. Tamalez Platonek ez zuen bere epistemologiarentzat horren garrantzitsua den ezagutza mota honetaz informazio gehiegirik eman.

5. Dualismo antropologikoa: gorputza eta arima. Arimaren teoria


Zer ikasiko duzu atal honetan?

  1. Platonen gizakiaren-inguruko teoria dualista dela: arimaz eta gorputzez osatuta gaude.
  2. Gizakion arimak (psyché) hiru zati dituela, bakoitzak ezaugarri eta bertute bereizgarriak dituelarik.
  3. Arima hilezkorra dela eta gorputz anitzetan biziko dela.

Gizakiaren inguruko dualismoa

Gizakiok bi partez osatuak gaude: arima eta gorputza. Horri ikuspuntu dualista deritzogu, hau da, gizakiaren eraketan bi printzipio onartzen dituen teoria: arima eta gorputza. Biak, bestalde, ez gaituzte era berean, erdizka, osotzen. Arima da gure alde jainkotiarra eta benetan gizaki egiten gaituena. Arima gorputza baino lehenago sotua izan da eta hilezkorra dugu. Ez da aldagarria eta ez dago zentzumenen munduen estimuluen menpe. Gorputza jaioa eta hilkorra da: aldagarria, beraz. Izan ere arimak ematen dio bizia gorputzari. Arima da bizi-printzipioa.

Formen eta gauzakien arteko harremana ez da dualista zentzu sakonean, formak gauzakien kausa baitira. Arima eta gorputzaren arteko harremana, ordea, orfismoz jantzia dago eta arima eta gorpua aurkakotzat ditu. Gorpua ez da arimaren ontzia, zeini bizitza eta ahalmenak sor dizkion, arimaren gartzela baizik. Bertan arima garbitu beharra dauka.

Arimaren hiru zatiak

  1. Arrazoi arima (intelectiva, logistike) pentsamendua eta nahimenak osatzen dute honako arimaren zatia. Beste arimaren zatiak kontrolatu behar ditu. Zentzumenetaz urrutien dagoen arima mota da hau, munduko gauzetara hain lotua ez dagoena. Buruan koka genezake, eta hilezkorra da, izatez. Dagokion ontasuna zuhurtzia da.
  2. Oldarkorra edo suminezkoa (irascible, thynmoeides). Bihotzean ‘daramagu’ eta oldarkortasuna bideratzea du helburu. Arrazoiaren alde jarri ohi da baina arimaren behereko partearekin bat ere egin dezake heziketa okerraren poderioz. Gorputzari lotuta dagoenez, hilkorra da. Dagozkion ontasuna sendotasuna, adorea eta ohorea diraa.
  3. Irritsezkoa (concupiscible, epithymetike). Hau da bizitzaren funtzio sinpleenak bete dituena. Sabelean kokatu ohi da. Gorputzari lotuta dagoenez, hilkorra da. Dagokion ontasuna neurritasuna da.

Zati edo alderdi guzti hauek beraien zeregin bereizgarria betetzen badute justizia sortuko da: bere naturaren araberako justizia, alegia.

Metempsikosia

Hilezkorra den neurrian, arimak metempsikosia edo berraragiztapena jasaten du. Orfismotik ateratako kontzeptua da, baina elementu propioekin jantzita. Fedonen zein Politeian lantzen du Platonek arimaren teoria.

MetempsikosiaFedon-en. Platonen arabera arimak ohitu egiten dira gorputzean bizitzera. Gorputza hil ondoren arimak hilerrien inguruan geratzen dira gorputztasunak lotuta. Gorputzaren egarri, animalia edo gizakiaren gorpu batean sartuko dira. Arima aurreko bizitzan bertutetsua izan bada, animalia otsan edo pertsona justu baten sartzeko aukera izango du.

Metempsikosia Politeia-n. Idazlan honetan Platonek arima kopuru finkoa dagoela planteatzen du. Arima guztiek betiereko sari edo zigorra jasoko balute Lurra hutsik geratuko litzateke. Gizakion bizitza gehienez 100 urtetakoa izan daitekenez, Platon pitagorikoek 10 zenbakiari ematen dioten garrantziari jarraiki, bi zenbaki hauek biderkatu eta arimak lurraz gaindiko bizitzan 1000 urte iraungo duela dio, berraragiztatu baino lehen.

Etika platonikoa: zorionak adimenarekin bat egiten du

Etikaren abiapuntua hauxe da: arima hilezkorra behar du izan. Bestela, zein ezberdintasun legoke zuzena eta maltzurraren artean biok hildakoan bizitza hor bukatuko balute? Zein arrazoik mugituko gintuzke onak izatera? Sokraterekin batera, Platonek ere ontasunaren ezagutza berak jokabide zuzenera garamatzala diosku. Hil ondoreko bizitzak ezarriko du onarentzat saria eta maltzurrarentzat zigorra. Azken finean ere filosofo erregeak besterik ez du zuzentasuna ezagutuko.

Gizakiaren helburua zoriontasuna lortzea da, baina ez edozein modutako plazerean oinarrituta. Guri zoriontasuna zer den galdetzen digutenean normalean plazerak jartzen ditugu baldintza moduan. Gorputzaren atsegina lortzeak animalien bizibidea jarraituta lortzen da, eta ez gizakiena (arrazoiak gidatua behar duena). Hala ere ez gara gogamen hutsa eta gozamenak ere bere lekua dute Platonen zoriontasunaren doktrinan. Hori bai, bere proportzioan.

Baina zein neurritan nahastu atseginaren eta adimenaren joerak? Arauak ezarriz, formarik gabekoari forma emanez.

Platonen antropologia, etika eta politika laburtzen dituen taula.
Mitoa Psikologia Non Etika Politika Zereginak
Zaldi biltza Irritsezko arima Sabela Neurritasuna Arimaren zati gorenaren menpe dagoenean Herri xehea, eskulangilea Eskulangintzan arituko dira: nekazariak, eskulangileak, saltzaileak, etab.
Zaldi zuria Suminezko arima Bihotza Ausardia Edozein arriskutan egonda ere arrazoi arimaren aginduak betetzen ditu Soldaduak Gizartearen defentsa izango da beraien betebeharra: kanpoko zein barneko etsaiak deusestea da.
Gidaria Arrazoi arima Burua Jakituria Filosofoa, agintaria Ongia ezagutzen duen bakarra, beste guztien agintaria izateko aproposena
Gurdi hegaduna Arima Zuzentasuna Hiria

6. Bertuteak eta hiri ideala


Zer ikasiko duzu atal honetan?

  1. Gizakia ez da bere kasa moldatzeko gai. Horregatik du Estatuaren beharra.
  2. Gizarte perfektua hiru estamendutan dago banatua, eta estamentuok arimaren zati eta bertuteekin estuki daude lotuta.
  3. Bakoitzak bete behar duen papera bete ezkero justizia lortuko dugu.
  4. Gizarte maila bakoitzak heziketa berezi baten beharrean dago bere zereginetarako prestatuko dituena eta bere bertute bereizgarriak sustatzeko balio duena.
  5. Gobernu mota zuzen eta ustelak daudela. Gobernu forma gorena filosofo-errege-aren agintean datza.

Estatuaren sorrera eta zergatia

Platonen arabera Estatua arimaren hedapen baten modukoa baino ez da, giza phyche-aren “bertsio” handi baten parekoa. Justizia da Platonen Estatu idealaren gai eta arazo nagusia.

Estatua gutako bakoitzak autarkikoak ez garelako sortzen da. Gizabanakoak bizirauteko beste askoren laguntza behar du, bere kasa ezin baitu. Alde batetik behar materialak, hala nola etxebizitza eta jantzia, asetzen dituztenen laguntza behar da. Bestetik polis-aren babesa zihurtatuko duten gizakien laguntza beharda. 3. Azkenik gobernuan iaioak diren batzuen ahalegina behar da. Gauzak horrela polis-ak hiru estamenturen beharra dauka: 1. nekazari, artisau eta merkatariena; 2. zaintzaileena; eta 3. gobernariena.

Gizarte-estamentuak eta hiri perfektua

Ekoizleak. Nekazari, artisau eta merkatarien estamentuak irritseko arimak gobernatuta daude, arimaren zatirik behekoena. Gizarte maila hau ona da neurritasuna praktikatzen duenean. Neurritasuna plazerren ordena, disziplina eta kontrolean datza. Gainontzeko gizarte-mailen esanak modu jatorrean betetzea ere neurritasunaren ezaugarria da. Ontasun materialak eta aberastasunak gizarte-maila honek bakarrik eduki eta kudeatu ditzake, aberastasun hauek ez direla ez gehiegizkoak ez gutxi izan behar.

Zaintzaileak. Suminezko arima nagusi daukaten gizakiek osotu behar dute maila. Arraza fineko zakurrekin gertatzen den moduan ontzanak behar dute izan, baina era berean olgaitzak (fieros). Zaintzaileen bertutea sendotasuna izan beharko du. Polis-a etsai kanpotarrengandik babestu behar dute, baina baita hiriaren barnean sor daitezken arriskuengandik. Ekoizleen mailak gehiegizko aberastasuna edo pobrezia ez sortzeaz arduratuko dira. Lehengoak alferkeria, luxua eta gauza berriekiko neurrigabeko nahia sortuko luke. Bigarrenak, aldiz, kontrako bizioak sortuko lituzke. Estatua bera ere handiegia edo txikiegia ez bihurtzea zaindu beharko lukete. Kargu publikoak hiritarren izaeraren arabera banatzeaz ere arduratuko dira, azkenik.

Gobernariak dira hiria gehien maite dutenak, beraien zereginak arduraz betetzen dituztelarik. Baina beste edozeren gainetik Ongia ezagututa eta begietzita jokatuko dute. Izatez, gobernarietan arrazoi arima gailentzen da, bere bertute bereizgarria jakituria delarik.

Hiri justua lehengo estamentua neurritasunez, bigarrena ausardiaz eta hirugarrena jakituriaz jokatzen badute sortuko da. Justizia hiru bertute hauen artean sortzen den armonia edo orekan datza: gizabanako bakoitzak eta estamentu bakoitzak izatez egin behar dituen funtzioak betetzen baditu sortuko da justizia perfektua.

Hezkuntza

Ekoizleek ez dute hezkuntza berezirik behar, ogibideak erraz ikasten baitira jardutearen poderioz.

Zaintzaileek, aldiz, musika eta gorputz-heziketa landu beharko dute, bereizagarria duten arimaren partearen bertuteak indartzeko (sendotasuna eta adorea, hain zuzen). Estamentu honek ontasunen elkarrekikotasuna praktikatu behar du: senar-emazteen elkarrekikotasuna, eta ondorioz, seme-alabena; eta ezingo dute jabetza materialik eduki. Ekoizleen ardura da zintzaileen behar materialak asetzea. Gizonak eta emakume zaintzaileak pareko hezkuntza jaso behar dute eta antzerako karguak izango dituzte. Seme-alabak gurasoengandik bereiziko dituzte txiki-txikitatik, hauek ezagutuko ez dituztelarik, eta behar den moduan hezituko dituzte. Honen guztiaren helburua norberekoikeria ezabatzea da: guztiok aita, ama, seme, alaba, eta neba-arreba bezala maitatuko lirateke, eta “gu”-az eta “gurea”-z hitz egingo lukete zaintzaileok. Ontasun pribatua elkarteko ontasun bihurtu beharko da.

Gobernariak daukaten ikasketa-programa filosofoen heziketarekin bat dator (benetako filosofoa = benetako politikoa). 50 urte dituen arte ez dago guztiz prestaturik Errege izateko. Bere heziketa-programa osoaren helburua Ongia hautematea da eta horren arabera hiria gobernatzea.

Erregimen politikoak

[4] Politeiaren VIII. liburuan Platonen erregimen politikoei buruz egiten duen azterketa haren kezka handienetako baten adierazgarri da: errealitatean hiri justu eta zoriontsua eraikitzea, alegia. Izan ere, Platonek berak idazi zuenez, haren lan osoa ez zen izan “hitzezko hiria” baizik (473e). Baina hitzek zer bide urratu behar den seinalatzen dute, ez besterik, eta seinale horiek ez dira aski urratu behar den seinalatzen dute, ez besterik, eta seinale horiek ez dira aski errealitatearen oinarririk gabe, “gorputzik gabe, arimak ez dauka higitzerik”.

Aristokrazia. Erregimenik perfektuena da, adimena delako nagusi estatu hartan, errege baten edo goi-mailako gizaonen bidez, eta haien heziketa eta altruismoa tarteko. Adimen eskuzabal horrek gizarte-klaseen arteko oreka sortzen du. Gobernu mota hori ez datza odol-jatorrian, agintarien gaitasunean baizik. Goi-mailako erregimen hori ezartzen den unetik, gainerako erregimen guztiak gain behera etorriko dira.

Timokrazia. Pasioak dira nagusi gobernu mota horretan, eta ez arrazoimena. Ohoreen eta ondasunen irrika izaten da. Militarrak izan ohi dira nagusi, eta haien ordezkariek behe-mailako herritarrak zapaltzen dituzte. Baina, aristokrazia bezalaxe, timokrazia ere usteldu egiten da; izan ere: “[…] inoiz sortu den gauza oro usteldu egindo da, ziur. Erregimen honek ez du betiko iraungo; azkenean, desegitera joko du”.(Errepublika, VIII, 546a)

Oligarkia. “Pobreek agintea hartzeko batere aukerarik izan gabe, aberatzsek agintzen duteneko erregimen politikoa da”.(Errepublika, VIII, 550d) “Eta nolatan igarotzen da timokraziatik oligarkiara?” […] “metaturiko ondasunek agintariak suntsitzen dituztelako; izan ere, dirua irabazteko eta gastatzeko moduak asmatzen hasten dira agintariak, eta azkenean, legeak ere urratzen dituzte. […] Hala, aberastasunak eta aberatsak miresten dituzten hirietan, egiazko bertutea eta gizon zintzoak arbuiatzen dira”(Errepublika, VIII, 555e–551a). Oligarken asegaiztasuna dela medio, bi hiri mota sortzen dira: “bata, pobreena; eta bestea, etengabe azpijokoan aritzen diren aberatsena” (551d).

Halako sistema politikoak “gizon zekenak” sortzen ditu, gauza orotan irabazi eta irabazi besterik nahi ez duena. Eta “ondasun-metatzaile” (554a) horiek ondasun politiko bakarra ahazten dute: heziketa eta elkartasuna, alegia. Ondasunak nahi izate asegaitz horrek usteldu egiten ditu herritarrak, eta azkenerako, erregimen osoa ere bai. Hala, antolamendu politikoko beste modu bat sortzen da.

Demokrazia. “Nire ustez, pobreek garaitzean sortzen da” erregimen hori, boterea herritar guztiengana zabaltzen daitute, hauteskundeen bidez. Hala, hiria askatasunez beteko da, eta bestelako bizimoduak hautatu ahal izango dira: “Sistemarik ederrena ere izango da. Kapa nabar baten antzo, sistema horrek ere, horrenbeste aukera daudenez, ederrena irudi lezake” (Errepublika, VIII, 557c).

Hala ere, oligarkek herritarrei egiazko heziketarik izatea ukatu zietenez, askatasunezko gozamen eta apeten aginpide horrek demokrazia bera suntsitzen du apurka, eta askoz ere erregimen bortitzagoa ekar lezake: “Askatasun-nahi gehiegizkoak eta gainerako guztia albo uzteak erregimen politiko hori aldarazten dute, eta hura tiraniaren esku ipintzen”. (562c)

Tirania. “Gehiegizko askatasunak gehiegizko esklabotza baino ez dakarkie gizabanakoei nahiz polisari” (Errepublika, VIII, 564a). Horregatik, herritarrek azkenean onartu egiten dute tiranoa, halako ordena bat ezartzen duelako, nahiz eta faltsua izan.

+++

Politeia, VII. Liburua

1

–Ondoren —esan nuen— irudika ezazu gure giza izaera, heziera eta hezierarik ezaren arabera. Kontu egizu, bada, sarrera luzea duen lurpeko bizileku bat, argitara zabalik dagoena. Bertan gizakiak umetatik bizi dira, zangoetatik eta lepotik lotuta. Halatan, geldirik daude, aurrerantz besterik begiratu ezin dutelarik, lokarriek ez baitiote burua jiratzen uzten. Haien atzealdean, urrutitik sute baten argitasuna atzematen da, eta gorago, sutearen eta atxilotuen artean, bide gora bat. Bidean barrena, ohartu beharko duzu hesia eraiki dala, titiriteroak ikusleengandik bereizteko jarri ohi denaren antzekoa, zeinen gainetik txotxongiloak agertzen baitituzte.

—Badakusat —esan zuen.

—Oraingo honetan, hesiaren altuera gainetik irudika itzazu denetariko tresneria daramatzaten gizonemakumeak, eta giza zein abere estatuak harrizkoak, zurezkoak, denetarikoak gainditzen dituztenak. Eta pentsatzekoa denez, eramaileon arteko batzuk hizketan joango dira eta beste batzuk isilean.

—Bai arraroa zuk deskribatutako irudia eta atxiloak —esan zuen.

—Gu bezalakoak —esan nuen—. Lehenengo eta behin, uste al duzu han egon direnek, beren buruez edo beren kideez, aurrez aurre dute leizean suak islatzen dituen itzalak izan ezik, besterik ikusten dutela?

—Nola —esan zuen— bizitza osoan zehar buruari mugitu barik eusten beharturik egon badira?

—Eta daramatzaten objektuez, ez al da berdin gertatuko?

—Zer besterik ikusiko dute, bada?

—Eta elkarrekin hitz egiteko aukera balute, ez al duzu uste hizketaldia aurretik igarotzen diren itzalei atxikiko litzaiekeela?

—Jakina.

—Eta presondegi hartan, atxilotuen atzetik dabilen norbait mintzo den bakoitzean, atzetik oihartzunik baletor, igaroz doan itzala mintzo dala ez al diote i ritzi ko?

—Bai horixe, ala Zeus! —esan zuen.

—Beraz, dudarik ez da —esan nuen—. Horrelakoek gauzen itzalak benetakotzat hartuko dituzte.

—Besterik ezin da izan —esan zuen.

—Kontu egiozu, bada —esan nuen— zer gertatuko litzateke kateetatik askatu, beren zentzugabekeriaz osatu eta giza izaeraren arabera, jarraian azaldu bezala arituko balira? Haietariko bat edo baste lokarrietatik askatu, bat—batean zutitu, lepoa jiratu, eta argitara begiratzera behartuko balitz, hau guzti hau egindakoan min hartuko balu, eta argi distiragatik lehen begiztatzen zituen itzalei oraingoan begiratzerik ez balu, zer erantzungo luke norbaitek esango balio lehengoak alferreko itzalak zirela, eta oraingo honetan benetakoetatik askoz hurbilago dagoela? Bestetik, iragan diren objektuak zer diren galdetuko balitzaie, ez al duzu uste aho hete hortz egongo litzatekeela, eta lehen ikusten zituenak oraingoak baino egiazkoagoak direla erantzungo lukeela?

—Askoz ere egiazkoagoak —esan zuen.

2

—Eta argiari berari begiratzera behartuko banu, ez al duzu uste begietan min hartuta alde egingo lukeela, erraz ikus ditzakeen objektuetara itzultzearren, honakoak zehatzagoak direlako ustetan?

—Hala da —Esan zuen.

—Eta nor edo nork handik indarrez eramango balu —asan nuen— malda gogor eta latz hartatik gora behartuz, arrastaka eguzki argiraino heldu arte utzi barik, ez al deritzozu narraz eramanez gero atsekabetuko litzatekeela, eta behin argitaraino helduz gero, begiak argitan blai dituelarik, ez al duzu uste egiazko gauzetatik bat berari ere begiratu ezinean egongo litzatekeela?

—Horixe bai, oraingoz bederen, ezindurik legoke.

—Ene ustez ohitu egin beharko luke, goialdeko gauzak ikustera ailegatu ahal izateko. Erraz modura ikusiko lituzkeen lehenengoak itzalak lirateke; ostean, uretan islatutako giza irudiak eta gainerako objektuenak. Ondoren, zerukoak eta zerua bera, ilargiaren zein izarren argitan gauez errazago begiztatuko lituzke, eguzkia eta ingurukoak baino hobeki.

—Jakina.

—Eta azkenik, nire ustetan, eguzkia bera den bezalaxe ikustatzeko moduan legoke, ez, ordea, uretan nahiz beste inon islatutako eguzkiaren irudia.

—Hala beharko luke izan —esan zuen.

—Ostean, eguzkiari dagokionez, ebatziko luke bera dela urtaroak eta urteak egiten dituena, mundu ikusgarria arautzen duena, bai eta beraiek begiztatzen duten ororen egilea ere.

—Bistan da —esan nuen— pentsamendu horietara helduko litzatekeela.

—Lehen begira zituzten itzaletatik zeintzuk atzetik, zeintzuk aurretik igarotzen ziren beste inork baino zorrotzago eta hobeki barrundaturik, gertatuko dena igartzeko gai direnentzat sariak edota ohoreak baleude, uste al duzu omenduen bekaizkoa izango dutela, ala, Homerori gertatu bezala, ez al lukete bortitzago opatuko «nekazaria izanik beste gizon txiro batentzat lanean jardun» eta jasan ahala jasan, lehengo duda—mudako bizimodura itzuli baino?

—Hala uste dut nik —esan zuen— alegia, beste edozein biziera hasierakoa baino nahiago duela.

—Kontu egiozu orain honako honi —esan nuen—: berriro behera bueltatzekotan, lehengo lekura itzuliko balitz, begiak ez al litzaizkio itsutuko, eguzki argiari bat—batean alde egindakoan bezala?

—Bai horixe —esan zuen.

—Eta beti kateaturik egon direnekin, itzalak oztaozta begiztatzen dituenak, ohitzeko aldi luzea behar baitu, berriro mintzatu beharra balu, eta han goian egonik, begiak makaldurik dakartzala ikusita, barrukoek ez al liokete barre egingo, eta hara gora igotzea ez duela merezi esango? Eta inor askatzen eta igoarazten saiatuko balitz, hari oratzeko ahalbidea izanez gero, ez al lukete erailko?

—Noski —esan zuen.

3

–Izan ere —esan nuen— honako irudi hau bere osotasunean aplikatu beharra dago, Glaukon adiskidea, lehenago esandakoari. Begiz ikusgarria den eremua presondegiarekin alderatu behar da, eta ber tako suaren argia eguzki indarrarekin. Gora igotzea eta horko gauzak atzematea, mundu ulergarrirainoko arimaren igoerarekin alderatzen baduzu, nire iritzikoa izango zara, zuk ezagutu nahi duzun eran, nahiz eta Jainkoak soilik dakien egiazkoa den. Azkenik, bada, hona hemen ene iritzia. Ulergarriaren munduan atzematen den azkena ongiaren ideia da, nekez atzeman ere. Behin susmatuz gero, gauzetan den alderdi zuzen eta eder guztien zergatia dela ebatzi behar da; beste aldetik, mundu ikusgarrian argia eta argaren emailea sortu dituen eran, mundu ulergarrian egiaren eta ezagumenaren sortzailea dugu ongia, eta berau atzeman behar du bizitza pribatuan zein publikoan zentzunez jokatu nahi duenak.

—Ni ere zure iritzikoa nauzu —esan zuen— ulertu ahal dudan neurrian.

—Izan ere —esan nuen— hurrengo honetan ere arrazoia eman iezadazu: horretaratu direnek giza kontuetan nahastu nahi ez izatea ez da harritzekoa, osterantzean beren arimek goian egon nahi dute, ene iritziz zentzuduna baita lehen aipatutakoarekin alderatuz gero.

—Zentzuduna da, bai horixe —esan zuen.

—Eta zer? Oraindik gaizki ikusi eta inguruko ilunbetara nahikoa ohituta egon gabe, epaitegietan edo beste edozein lekutan horrelakorik sekula atzeman ez dutenekin bidezkoaren itzalei buruz eztabaidatzera behartuta balego, zuretzat, harritzekoa al da —esan nuen— jainkotiar izakien ikuskizunetik giza huskerien ikuskizunera igarotzean inor baldar eta barregarri agertzea?

—Ez da ez, inor harritzekoa —esan zuen.

—Beraz, zentzudunak gogoratu beharko du, bi erara eta bi zioagatik lausotu ohi direla begiak: argitik ilunbera eta ilunbetik argitara igarotzean. Behin pentsatuz gero arimari ere gauza bera gertatzen zaiola, norbait nahas—mahasean dagoela igarri eta ikuskarien muinari erreparatzen ez dakiela ikusiz gero, ez dio arinkeriaz barrerik egingo, eta bai pentsatuko bizitza argitsuago batetik etorririk, ohiturarik ezak itsututa ote dagoen, ala jakinezatik argi indartsuago batera etorrita gehiegizko argiak itsuturik dagoenentz. Halatan, lehenari zorioneko iritziko, eta bigarrenari errukia izango diogu, eta bigarren honetaz barre egin nahiko balu, argitasunetik etorritakoaz baino irrigaitzagoa litzateke bere barre—algara.

—Diozuna oso da zentzunekoa —esan zuen.

4

—Beharrezkoa da, beraz —esan nuen— aurrekoa egia izatekotan, guk honela iriztea: heziera ez da batzuek erakutsi nahi duten bezalakoa. Dioten legez, nik uste, jakituria ematen diote jakituririk ez duen arimari, begi itsuan ikusmena ipintzen duten bezala.

—Halaxe da, haiek dioten legez —esan zuen.

—Oraingo gorabehera honek erakusten digu —esan nuen— nork bere ariman duen ahalmenak, ikasteko ahalbideak, alegia, jalo diren gauzakietatik alde egin behar duela, arima oso—osorik delarik, begia ilunbetik argitara gorputz osoarekin batera itzuli den moduan, harik eta izatea, bai eta izatearen alderdirik distiratsuena ere, ongia kasurako, atzemateko gai izatera ailegatu arte, begia ilunbetik argitara bihurtzeko, ezta?

—Bai hala da.

—Hortaz —esan nuen— heziera honelakoa da: adimena aldatu eta zuzentzeko biderik errazena eta eraginkorrena bilatzeko trebezia, ez, bada, ikusmena ezartzeko, baizik eta ikusmenaz hornituta izanik, behar den lekurantz biratu eta begiratzeko.

—Hala dirudi —esan zuen.

—Eta gainerako ahalmenak, arimarenak, baliteke gorputzezkoen tankerakoak izatea, zeren hasieran egon ez arren, ariketaz eta ohituraz geroago sortuak izan baitaitezke; ezagumenari dagokionak, aldiz, jainkozkoago dirudi bere indarra egundo galtzen ez duelako, on eta mesedegarri edo txar eta kaltegarri suertatuz, nola eramaten den. Ez al zara ohartu bihozgabeko eta burutsuek zein zorrotz jokatzen duten, eta zein argi burutzen duten egin nahi dutena, ez baitute ikusmen ahulik, azken batean gaiztakerien eskupean dagoelarik, zenbat eta burutsuago orduan eta handiagoak izango dira arimak egingo dituen bihurrikeriak.

—Ohartu ez naiz, ba —esan zuen.

—Bada —esan nuen— sabelkoikeria eta abarreko gurariak, berunezko bolak bezala arimaren begirada beherantz bihurturik dutenak txikitatik kimatu edo ebaki izan balira, halako atseginetatik arima askatuta, egiarantz begira egon balitz, gizonemakumeen beraien arimak argiago ikusiko luke, oraingo honetan ikusten duena begiratu beharrean.

—Zentzunezkoa da —esan zuen.

—Eta zer? —esan nuen— esandakoaren arabera, ez al da zentzunezkoa pentsatzea heziera gabeak, egiatik aldenduak, ez direla inoiz egokiak izango hiria gobernatzeko, ez eta azkenera arte ikasten dihardutenak ere? Batzuek, bakarrean edo taldean, beren jokabidea hara bideratzeko, bizitzan jakineko helbururik ez dutelako, eta bestetsuek zorionekoen irletan daudelakoan, ez baitute horretan (politikan) jardungo.

—Egia da —esan zuen.

—Hortaz, gure zeregina da —esan nuen— hiri sortzaileona alegia, onentsuenak ikasketa hauetara bultzatzea, lehen esan baitugu bikaina dela, eta ongia ikus dezaten eta aipatutako igoera hura egin; behin igota, ikusmenaz gozatuz, bere eskuetan jartzen dena ez zaie onartuko.

—Eta zer ote da?

—Han goian geratu —esan nuen— eta berriro behera atxilotuengana joan nahi ez izatea, ez eta beraien lankide eta ohorekide izateko nahia ere ez zaie eskura jarriko, ohoreak gutxi zein asko balio izanik ere.

—Orduan, bada —esan zuen— kalte egingo al diegu, eta bizitza txarragoa emango, hobeto bizitzeko aukera izanik?

5

—Adiskide maitea, berriro ahaztu duzu —esan nuen— legeari ez zaiola interesatzen egundoko zoriontasunaz gozatzen duen gizatalderik egotea; osterantzean, hiri osoan zoriona zabaltzen ahaleginduko da, eta konbentzituta edo behartuta hirikideen artean bizikidetasuna ere sartzen, bakoitzak taldearen mesedetan eman ditzakeen laguntzak emanaraziz. Legeak berak tankerako gizon—emakumeak hezitzen ditu, ez baina, norberak nahi duen eran jarduteko, baizik eta estatuaren batasuna lortzeko asmotan.

—Bai hala da —esan zuen— ahaztuta nuen.

—Kontu egizu —esan nuen— gure artean dauden filosofoei ez diegula kalterik egingo, ordea, hitz zentzuzkoak erabiliz behartuko ditugu besteen ardura eta zaintza har dezaten. Beste hirietan dauden beren gisako hirikideak hiriko zereginetan parte hartu ez izana ulertzeko da, nor bere kasa hezitzen baita, eta bere heziera inori zor ez dionak ez du ezer ordaindu beharrik. Horrez gainera, adieraziko diegu guk sortu ditugula, beren onerako eta gainerako hirikideen onerako, erlauntzetan bezala, buruzagiak eta erregeak izan daitezen, beste hirietakoak baino hobeki heziak, filosofía eta politika batera jar dezaten. Izan ere, banan—banan zuen kideen bizilekura jaitsi eta ilunetan ikusten ohitu behar duzue. Behin ohituz gero, barrukoek baino mila aldiz hobeto ikusi eta ezagutuko duzue irudi bakoitza zer den, zuzena, ongia eta ederra egiatan ezagutu baitituzue. Hau honela, gure hiria egunaren argitan biziko da, eta ez ametsetan, gaur egun gehienak bizi diren moduan, huskeriak direla eta ez direla, edota agintea lortzearren on handia bailitzan, borrokan elkarrekin ari dira eta. Ene ustetan, egia, aldiz, honakoa da: agintari izango direnak agintea eskuratzeko grinean ez dauden hirietan bizierarik onena izango dute, beste inon baino istilu gutxiagorekin, eta bestelako agintariak dituen hirian bestela gertatuko da.

—Ezin uka, esan zuen.

—Uste al duzu hau entzunik, ikasleek ez dutela gure esana beteko eta txandaka dagokien auzolanari uko egingo diotela, ideia hutsen alorrean elkarrekin bizitzearren denborarik gehiena?

—Ezinezkoa da —esan zuen— gizon—emakume zuzenak izanik, gauza zuzenak aginduko dizkiegu eta. Hala ere, haietariko bakoitzak ezin ukatutzat hartuko du gobernua, hirietan han—hemenka agintea izan ohi dutenek ez bezala.

—Bai ba —esan nuen—. Agintea izango duteneei gobernariarena baino bizimodu hoberik eskaintzeko parada baduzu, baliteke zuk ongi gobernaturiko hiria izatea, benetako aberatsek gobernatutako hiri bakarra izango baita, ez urretan aberatsa, zoriontsu izateko oparo aberastu behar denaz baizik: bizikera on eta zentzunekoa. Politikan jardungo duten ondasunzaleak etekinak harrapatuko dituztelako ustetan politika zereginetara badatoz, ez da ezer onik. Agintea borrokatoki bihurtzen denean, borrokaldiak beraiek eta beraien hiria hondatuko ditu.

—Bai horixe —esan zuen.

—Benetako filosofoaz aparte, ezagutzen al duzu zeregin politikoa gutxiesten duen beste inor?

—Ez, ala Zeus! —esan zuen.

—Ez da komeni gobernu lanetara zuzentzea agintea gutiziatuz, bestela, aginte egarri direnak elkarren aurka borrokatuko dira.

—Zelan ez?

—Nortzuk behartuko dituzu hiriaren zaintza bere gain hartzera, Estatuaren aginteraz ikasienak izateaz gainera, beste ohore batzuk merezi eta politikoarena baino bizimodu bobea daramatenak izan ezik?

—Beste inor ere ez —esan zuen.

13

—Uste dudanez —esan nuen— aipatutako jakintza hauek guztiak ikasiaz, denen artean dauden barneko lotura orokorrak aztertzeko asmoa baldin badugu, bilatzen dugun xedeari lotuta guztiz onuratsua litzateke, bestela hutsala.

—Zure iritzikoa nauzu —esan zuen— hala ere, bai luze eta neketsua eskatzen duzun lana. Sokrates.

—Ez al dakizu hauek guzti hauek egiatan ikasi beharreko doinuaren preludioa besterik ez direla? Jakintza hauetako adituak honezkero ez dira dialektikoak.

—Ez, ala Zeusl —esan zuen— topo egin ditudan gutxi batzuk izan ezik.

—Orduan, bada —esan nuen— jakingarri bakoitzaren zentzuaz galderarik zein erantzunik emateko gauza ez dena, zure iritziz, jakin beharrekoaz ezer jakingo al du?

—Ez dut uste —esan zuen.

—Horregatik, Glaukon —esan nuen— ez al da berau dialektikak gauzatzen duen doinua? Honako jakintza hau, beren—beregi adimenezkoa den arren, begiekin aldera dezakegu, arestian esan bezala, lehenik eta behin animaliak atzematen ditu, eta poliki—poliki izarrak, azkenik eguzkia atzeman arte. Hori horrela, zentzumenak batere erabili gabe, arrazoimenaz baliaturik gauzen bere baitangoa azaltzeko, ongia bere horretan zer den argitu arte, ekinaren ekinez horretaratzen denean, ulermenezko alorraren azkenera heldu da.

—Bai horixe —esan zuen.

—Eta zer? Honako bidaia hau ez al da dialektika deritzozuna?

—Baiki.

—Kateetatik askaturik —esan nuen— itzaletatik itxurazko irudietara eta sutera bihurtzea, baita haitzulotik eguzkiak argitutako lekura bihurtzea ere, adierazi ditugun ikasketen eraginpean daude. Hara ailegatzean, bere begiak ahulak direnez gero, hasieran ezin die animaliei, ez landareei, ez eguzkiari begiratu, hori dela eta, uraren azalean islatutako irudiak eta itzalak atzeman behar ditu lehenik; irudiok benetako objektuenak dira, haitzuloan ziren itxurazko irudiak ez

—Nire aldetik —esan zuen— ados nago. Hala eta guztiz ere, onartzea uko egitea bezain nekosoa izango zait. Honakook hurrengoetan ere sarri hizpide izango ditugunez gero, orain esan bezalakoa dela demagun, eta, preludioa aztertu dugun eran doinua ikertzeari ekingo diogu. Esaiguzu, bada, dialektikaren mamia zein den, zenbat mota bereizten den, bai eta zeintzuk urrapide ere dituen. Behin bide hauetatik bertaratuz gero, gure bidaia bukatutzat eman eta azkenik atseden hartu ahal izango dugula dirudi.

—Nolanahi ere, ez zara niri jarraitzeko gauza izango, Glaukon maltea —esan nuen— nire aldetik on beharrez jokatzen dudan arren. Hala, ez itxurazkoa, egiazko ongia baizik, bere horretan somatu egingo zenuke, nik atzematen dudan ikuspegitik begiraturikoa behinik behin. Honelakoa edo bestelako ongia izango den ezbaian sartzea ez du merezi; haatik onartzekoa da ongia izan badela eta ezagutu beharrekoa, ezta?

—Nola ez?

—Prestakizun gisa landutako ikasketetan trebe denak dialektikaren bidez soilik soma dezake ongia, eta beste bide batetik ezin.

—Eta hori onartzea ere merezi du —esan zuen.

—Hona hemen inork ukatuko ez duena: dialektika bide bakarra da ízate bakoitzaren zerizana sistematikoki barrundatzeko. Beste ezagutza gehienak, aldiz, gizakien iritzi eta gogoen gainean sortuak dira, sorketaz eta ekoizpenaz aritzen dira, edo gauza materialak zaintzeaz arduratzen dira. Gainerakoak, hala nola geometria eta jarraikoak, izatearen alderdiren bat antzematen duten horiek, hitzartuta ezin antzematurik, izatearekin amets egiten dute, bitarteko hipotesiak oso—osorik alde batera uzten ez dituzten arte. Batetik ezagutzaren abiapuntua zalantzagarria denean, eta bestetik bai ondorioa bai bitartekoa ezezagunak direnean, halako argudiaketak nolatan deituko ditugu zientzia?

—Inola ere ez —esan zuen.

14

–Hipotesiak bertan behera utzita, dialektika jatorrizko iturburura abiatzen da sendo, eta arimaren begia basatzatik poliki—poliki azaleratu eta igoerazi egingo du gorantz, arestian aipatutako ikasketak bitarteko dituelarik. Ohituraz aipatu ikasketei ezagutza izena jarri diegun arren, beste izen bat beharko lukete izan, ustea baino argiagoa, eta ezagutza baino ilunagoa denari ezartzeko modukoa. Aurreko batean, pentsamendua edo arrazoizko ezagutza izena erabili izan dugu. Hala eta guztiz ere, izena dela kausa ez genuke eztabaidarik sortu beharko, gurea bezalako aparteko ikergaia aurrean dugularik.

—Ez horretan —esan zuen.

—Nahikoa da —esan zuen— aurrean bezalaxe, lehen atalari ezaguntza (zientzia) izena jarriko diogu; bigarrenari pentsamendua; hirugarrenari susmoa eta irudimena laugarrenari. Azken bi atalek ustea delakoa osotzen dute, eta lehenengo biek adimena. Ustea sorketari lotzen zaio, eta adimena zerizanari.

—Hau honela, zerizana sorketarekin elkartzen da adimena ustearekin elkartzen den eran. Bai ustearen atala, bai adimenarena bitan banatzeko arrazoia, nahiz eta honetako analogia asmatu izana alde batera utziko ditugu, Glaukon, orain arte baino luzeago ezbaian gal ez gaitezen.

—Nire aldetik —esan zuen— ulertzen ditudan neurrian behinik behin, honako kontuekin ere ados nago zurekin.

—Gauza bakoitzaren izateaz ohartzen denari dialektiko deitzen al diozu? Bere baitarako edo beste inori izatea adierazteko ezindurik dagoenak ez du ezagutzarik lortu.

—Bai ba —erantzun zuen.

—Ongiarekin gauza bera gertatzen da. Arrazoimenaz baliaturik ongia zer den zehaztu eta bereizteko gauza ez denaz, eta kritika guztien gainetik igaro, eta eragozpenak argudio sendo batez zanpatuz, borrokaldian bezala ausardi handiz aurrera egiteko gauza ere ez denaz, ez al duzu esaten ez ongia bere senean, ez inongo gauza onik ezagutzen ez duenik? Ongiaren irudiren bat atzematen badu, ustearen bidetik lortuko du, eta ez ezagutzarenetik. Horrez gainera, bizitza honetan zehar igarotzean, amets besterik ez du egiten, harik eta Hadesera jaitsita lozorrotik esnatu arte.

—Bai, ala Zeus!, ozenki esango ditut gauza horiek guztiak.

—Bada, orain hitzez hezten dituzun ikasleen ardura egiatan bazenu, ez zenieke hiriaren agintea emango, ez eta kexka handiko kontuetan eskuramenik ere, zentzunekoak ez balira.

—Ezin uka —esan zuen.

—Izan ere, galderak eta erantzunak ematen irakasten duenarekin buru—belarri jarduteko aginduko al zenieke?

—Bai horixe —esan zuen.

—Ez al duzu uste —esan nuen— dialektika gainontzeko ikasketen erpinean dugula, eta bera baino gorago jartzeko gisan ez dagoela ezer, ikasketen inguruko koska bukatutzat dugularik?

—Bai hala uste dut nik ere bai—esan zuen.

Aristoteles

1. Hilemorfismoa: Platonen ideien teoriaren kritika

Platonen formen teoriaren kritika aristoteliarra

Formen izate subsistentearen arazoa. Aristoteles Platonekin ados dago honako honetan: klase berbereko objektuek Unibertsala izeneko zerbait dute amankomunean. Izan ere hitz berbera erabiltzen dugu bi gizabanakori buruz hitzegiteko. Unibertsala erreala da, beraz, baina ez dauka gauzakien existentziatik aparteko izatea. Aristotelesen hitzetan, ez da subsistentea.[ Añadir aquí la explicación sobr la sustancia.] Formen teoria errealitate subsistentea ematen dio Unibertsalari edo Formari. Horrela mundua bikoiztu egiten du: mundu adigarria sortzen du. Arazoa hasi baino ez da egin. Orain bi mundu azaldu behar ditu Platonek.

Mugimendua eta aldaketa azaltzeko ezintasuna. Platonen formen teoriak ez du mugimendua eta aldaketa azaltzen. Ideak igiezinak eta aldaezinak badira eta gauzakiak ideien imitazioak badira, gauzakiak ere aldaezinak eta mugiezinak izan beharko lirateke. Baina mundu ikusgarriko gauzakiak aldatu, sortu eta desagertu egiten dira. Nondik dator aldaketa hori?

Munduen arteko bereizketa. Aristotelesek ezinezkotzat ematen du Formen teoria. Izan ere teoria honek sekulako bereizketa ezartzen du mundu ikusgarri eta mundu adigarriaren artean. Aristotelesen metafisikaren arabera substantzia eta bere forma/esentziaren artean. Formak gauzakien izatearen zergatia dira. Nola da posible gauzaki baten izatearen kausa gauzaki horren baitan ez egotea? Are gehiago, no la izan daiteke gizabanako bat gizabanako bihurtzen duen hori gizabanako horretatik existentzia independientea izatea? Imitazioa eta partizipazioa izan ziren Platonen arazo honi emandako erantzunak. Aristotelesen ustetan ez dira azalpenak, metaforak baizik.

Hirugarren gizonaren argumentua. Gizakiaren eta gizakiaren formaren arteko harremana azaltzeko bestelako zerbait behar dugu. Bi gizakiren arteko antza azaltzeko Formara jotzen dugun moduan, gizakiaren eta Gizakiaren Formaren arteko harremana azaltzeko beharrezkoa izango litzateke hirugarren zerbait bat. Gauzak horrela infiniturarte jo beharko genuke ereduen bila, eta hau zentzugabekoa da.

Formak ez dira gauzen kausa eraginkorrak. Platonek Formak gauzakien kausak direla dio. Baina Platonek berakTimeon bertan esaten du Formak Demiurgoa inspiratzeko balio dutela materiari forma ematerakoan. Beraz Formak gauzen eredu dira, baina ez kausa eraginkor.

Aristotelesen metafisikaren oinarriak.

Platonen teoriak dituen arazoak konpontzearren Aristotelesek bere teoria propioa azaltzen du.

Lau kausak. Errealitatearen kausa azaltzeko izatearen lau kausak ezarriko ditu. Aldaketa kontutan hartu gabe, hau da, errealitatea modu estatikoan kontutan hartzen badugu, bi kausa baino ez daude: materiala eta formala. Horrela gizon baten kausa materiala hezurrak eta haragia dira, eta kausa formala arima. Baina bilakaera kontutan hartu ezkero gure buruari galdetu beharko diogu nola jaio den, nork sortu duen edo zergatik hasten den. Hori azaltzeko kausa eraginkorra eta kausa finala ditugu. Gizaki baten kausa eraginkorra aita izango da. Xedezko kausa, berriz, gizaki horren bilakaeraren helburua edo zertarako egin den.

Substantzia eta hilemorfismoa. Formarik ez dagoenez, Formen teoriaren ordez sustantziaren teoria proposatzen du. Substantzia subjektu jakina da, materiaz eta formaz osatua.

Egintza eta potentzia. Aldaketaren azalpenaren ezintasunaren aurrean aktoa eta potentziaren doktrina botatzen du. Kategoria guztietan ematen dira. Izatearen jatorrizko esanahiak dira, bereaien arteko harremanean baino ezin dira esan, eta ez beste gauza batekiko. Itsu baten eta begiak itxita dituen bi pertsonen artean sekulako ezberdintasuna dago. Lehengoa ez da ikuslea. Bigarrena bai, potentzian. Ikuslea egintzan izango da begiak zabaltzen dituenean. Gari landatuberria garia potentzian baino ez da. Hasten denean egintzan ere izango da gari. Eta egintza eta potentzia kategoria guztietan gertatzen da: substantzian, kualitatean, etab. izan daiteke zerbait egintzan edo potentzian.

2. Teoria politikoa: gizatartasuna eta errejimen politikoak

Animalia politikoa. Gizakia animalia politikoa da bere-berez: elkar-bizitza ezinbesteko zaion izaki mota, funtsean. Beraz, ahalik eta bizitzarik onena erdietsiko badu, behar-beharrezko zaio politika gizakiari; eta, jakina, gizakien arteko bizikidetza hori sortu bazen, haren bakardadeari konponbidea emateko izan zen: haren ahulezia eta babeik eza konpontzeko, hain zuzen. Estatu modernoarekin alderatzen hastia, bestalde, egia da Greziako polisa txikia zela oso; baina, egia da, halaber, bien ala bien oinarrizko egiturei dagokienez, antzeko ezaugarriak ere badituztela. K.a. 400. urte inguruan, 300.000 biztanle zituen Atenasek, eta haietatik 100.000 esklaboak ziren. Haurrak eta emakumeak kanpoan utzita, beraz, herritar aske eta atenastarrak 40.000 biztanle baino ez ziren orduko hartan[5].

Horrenbestez, hiria –polisa– toki ezin egokiagoa da, hantxe egiten baitu gogoeta gizakiak, eta hantxe, orobat, hautatzen. Izan ere, horixe baino ez du esan nahi gizakien muduan egoteak: zirikatzen gaituzten bulkadak “libreak” izatea, alegia. Ongia hautatzera eta haren aurrean makurtzera bultzatzen gaituen aukera horren ondorioz, pentsa liteke, agian, ez ote duen nork bere alde egiten. Izan ere, itxurazko ondasunek zehazten dute hanimena; beraz, haiei buruzko teoriak ere agerian uzten du gizabanakoearen ikuskerek nabarmen eragiten dietela haren gogoetei eta erabakiei. Hargatik, hain zuzen, itxura huts hori gaindituko badugu, ezinbesteko zaigu hainbat bertute eta bikaintasun lantzea, haietxek lotzen baikaituzte, estu-estu, gizarteari.

Dagoeneko oso ezagun bihurtu den gizakiari buruzko definizioa eman zigun Aristotelesek Politika lanean; haren esanetan, gizakia “logosa duen animalia” da: “hitz egiten duen animalia” bat, alegia. Gizakiaren berezko gizartekoitasuna azaltzen den liburu horretako orrietan dago definizio ezagun hori. Beraz, gizakia ezinbestean eta ezin bestela bizi da hirian, han mintzatzen baita; gizakiaren esentzia hirian datza, hortaz konunikazio-gune horretan. Izan ere, gizakien arteko bizikidetza ez da gertatzen lurralde fisiko soil batean, lurralde ideal batean baizik.

Platonek bezala, Aristotelesek ere hainbat erregimen politiko aztertu zituen. Aristokrazia, oligarkia, demokrazia eta tirania, besteak beste.
Izan litezkeen erregimen politiko guztietan onena haietako bakoitzetik bikainena nahasten asmatzen duena izango da. Demokraziak askatasuna du onena; oligarkiak, berriz, aberastasuna sotzeko gaitasuna; eta aristokraziak, azkenik, adimenaren bikaintasun, gaitasun eta nolakotasunak –horixe baino ez baitu esan nahi ariztokrazia hitzak: “onenen boterea eta indarra”–.

Hiru ideia nagusi daude estatuaren antolamendu aristotelikoan:

  1. Herritarren arteko harmonia, haren bidez baino ez baitateke lor denei komeni zaiena; estatuan, beraz, egoismoak ez dauka ezeren iturburu izaterik.
  2. Autarkia. Termino aristoteliko hori polisaren independentziari nahiz buruaskitasunari dagokie. Hiriak eta herritarrek aske bizi eta pentsatzeko abagunea ematen dien independentzia hori galduko balute, hondamendia litzateke haientzat, ziur. “Hausnarketetan parte hartzeko aukera duenari esaten diogu herritar: nork bere iritzia emateko gaitasuna duenari, alegia; hortaz autarkiaz bizitzeko gauza diren herritarren batasunari deritzogu hiri”.
  3. Heziketaren xede nagusia ahalik eta herritar onenak sortzea da, eta estatuari dagokio zeregin hori. Kultura moralak izan behar du gizarte ororen funtsa, eta ideia horrek gailen izan behar du heziketan. Heziketa horrek, gainera, nork bere izaera (physis) gara dezan erraztu eta gazteen egitura morala nahiz egiazko balioak zaindu behar ditu –elkartasuna, eskuzabaltasuna, sormena–, haien adimena eta pentsamena sustatzearekin bat. Horregatik dio Aristotelesek estaturi berari dagokiola heziketaren antolakuntza.

Hiriak helburu bakarru duenez, argi dago heziketak ere bat eta berdina izan behar duela herritar guztientzat, eta haren gaineko ardura komunitate osoari dagoliola, eta ez, aitzitik, herritar bakoitzari, baur egun horrela izan arren; gure garaiotan, izan ere, nok bere apetako heziketa ematen die seme-alabei. (Politika, III, 1278b 6–10).

Gobernu formak. Sei gobernu forma ezberdin daude zenbat gobernari daukaten eta hauek politika zuzena edo okerra egiten dutenaren arabera. Hona hemen gobernu forma guztien taula:

Aristotelesen arabera gobernu forma zuzenak, okertuak eta okertuen zergatia adierazten duen taula.
Gobernari kopurua Gobernu forma zuzena Gobernu forma okertua Zer egiten dute txarto gobernariek? Zergatik egiten dute txarto, baina?
Pertsona bakarra Monarkia. Hau da gobernu forma gorena erregeak politiko ideala antzeratzen badu Tirania Gobernariak lur eta etxaldeez jabetzen dira Ohore eta handinahia izaten dira gaiztotzearen bultzagarriak
Pertsona anitz Aristokrazia. Etim. hoberenen boterea Oligarkia. Gutxi batzuen boterea Agintea ondasunen jabetzan dauka oinarria, agintariak aberatsak direlarik Diruzaleak, aginteaz baliatzen dira
Herritar guztiak Demokrazia Demagogia. Hau da forma okertuen artean hoberena, askatasuna bermatua geratzen delako Ez daude gobernu lanetarako prest Ezjakinak lirateke

  1. Cicuta edo Conium maculatum.  ↩

  2. Epigrafe honetan aurkituko duzun informazioa Ideien teoriaren birformulaketa baino ez da. Hemen agertzen dena dagoeneko badakizu. Zergatik existitzen da, orduan?  ↩

  3. Itzulpena nirea da. Itzulpen profesional bat aurkitu bezain laster hau aldatuko dut.  ↩

  4. Zubia-Santillanaren liburutik, 2009. 51–53. orrialdeak.  ↩

  5. Epigrafe hau honako testua jarraitzen du, bukaerako eskemak salbu, eta moldaketa txiki batzuk ezik: Ledó, E. et al. 2009. Filosofiaren Historia 2 batxilergoa. Zubia Santillana.  ↩