Agustin (7/7): Platonen filosofiaren eragina Agustinengan

Platon izan zen Plotino pentsalari neoplatonikoaren bitartez Agustinengan eraginik handiena izan zuen filosofoa. Agustinek platonismoa kristautasunari taxuera filosofikoa emateko erabili zuen, baina horrek aldaketa batzuk beharrezkoak egin zituen filosofia hartan.

Ontologia. Agustin Platonen bi munduen existentzia onartu zuen oso egokia baita Jainkoaren traszendentziaz aritzeko. Baina Formen mundua ez da Jainkoarekin bateragarria, biak bait dira absolutuak. Hortaz Plotinoren irtenbidea hartu zuen. Hau da, Formak Jainkoaren ideia bihurtu zituen. Mundu ikusgarriari dagokionez Agustinek ezin zion Platonen ikuskerari eutsi, Kristautasunak Jainkoak mundua ex nihilo sortu zuela baitzion. Filosofo grekoak, aldiz, formagabeko materia edo chora betierekoa da, formak bezala.

Dualismo antropologikoa. Antropologiari dagokionez pitagorikoen eta Platonen eragina begibistakoa da Agustinengan. Gizakiok bi printzipioz osatuta gaude: arima, materiagabea eta hilezkorra; eta gorpua, materiala eta hilkorra. Ontologiarekin gertatzen den moduan, Jainkoak Kreazioa egin izana ezinezko bihurtzen du arimaren betierekotasuna. Arima, hortaz, Jainkoak sortua izan da, beste gauza guztiak bezala. Bide batez arimaren transmigrazioa eta* anamnesia* ere alde batera utzi behar ditu Agustinek. Eta horrekin aldaketak etorriko zaizkio ezagutzaren teoriari ere.

Ezagutzaren teoria. Agustinek Platon jarraitzen du zentzumenen ezagutza mezprexatzerakoan eta errealitatearen eredu eta funts diren ideien kontenplazioan jartzen du ezagutza maila gorena. Hala ere argitzapena gehituko dio Agustin maila goren horretako ezagutzari, Jainkoak ematen baitigu Egiaren erizpideak.

Hortaz, Agustin kristautasuna arrazoibide filosofikoaz azaldu nahi zuela Aristotelesen pentsakera errealista eta biologikoa baztertu zuen eta erlijioarekin zerikusi argiagoa zuen platonismoari heldu zion. Bi munduen existentzia, arimaren hilezkortasuna, arimaren araztea, betiko bizitza eta abarretako kontzeptuak Akinoko Tomas heldu harteko Erdi Aroko filosofia guztian eragina izango zuen.