All tagged Nietzsche

Nietzscheren aburuz erlijioa beldurretik sortzen da, gizakiak bizitzan dituen larrimin- eta ezintasun-sentimenduetatik. Erlijioak ez du inoiz egia esan eta naturaz gaindiko izaki transzendenteak aldarrikatzean –Jainkoa, haraindikoa…– metafisikak egiten duen hutsegite berbera egiten du. Ondorioz, Nietzschek tradizio judu-kristauaren aurka jotzen du, budismoaren aurka, eta, oro har, erlijio-arau ororen aurka. Mendebaldearen historian kristautasunak antzinatasun klasikoaren balio dionisiakoak baztertzen ditu mundu ideal baten asmakizunaren bidez eta mundu erreal bakarra arbuiatzen du. Hilezkortasuna onartuz gero bizialdi hau igarobide iragankor bihurtzen da. Nietzscherentzat kristautasuna platonismo herrikoia da, filosofia eta moral arrunta, ahul eta esklaboentzat. Bestetik erlijioak balio dekadenteak soilik proposatzen ditu, artaldearen balioak, esklaboenak: umiltasuna, mendekotasuna, obedientzia, sakrifizioa…, den-denak bizi-irriken aurkakoak. Besteak beste bekatuaren, erruaren, damuaren eta penitentziaren kontzeptuekin egiten ditu erlijioak bizitzaren aurako eraso larrienak.