Pertsonalitatea (3): Nortasun-ezaugarrien teoriak



Sigmund Freud-ek sortutako nortasunaren teoria psikodinamikoa inkontzientean zetzan eta horregatik berau demostratzea oso zaila da. Ondorioz psikologoek inkontzientean oinarritzen ez diren nortasunaren teoriak garatu dituzte pertsonen jokabidea azaltzeko. Izan ere guztiok daukagu nolabaiteko jokabide eredu bat: egoera desberdinen aurrean antzeko moduan jokatzen dugu. Zenbat eta gehiago zure laguna ezagutu gero eta errezago aurreikusiko dituzu bere erreakzioak eta portaera, eta espero duzunetik kanpoko jokabideak arraroak egingo zaizkizu. Bizitzan zehar gure nortasunak aldaketak izan baditzake ere oinarrizko ezaugarri batzuen inguruan gertatzen dira aldaketok.

Ondoren teoria hauetariko batzuk aztertuko ditugu.

Norbait deskribatzeko eskatzen badigute ikusten dugunaren araberako pertsona horren nortasun-ezaugarri indibidualen zerrenda bat egingo dugu.

Zeintzuk dira, baina, pertsona horren jokabidea azaltzeko ezaugarri esanguratsu edo garrantzitsuenak? Galdera horri erantzuna emateko sortu ziren nortasun-ezaugarrien teoriak. Nortasun-ezaugarriak pertsonalitatea azaltzeko beharezkoak diren oinarrizko ezaugarriak identifikatzen dituzten pertsonalitatearen ereduak dira. Ezaugarriak, bestalde, denbora eta egoera ezberdinetan zehar mantentzen diren jokabideak dira.

Kontua ez da pertsona batzuk ezaugarri jakin bat edukitzea edo ez izatea, pertsona guztiok ezaugarri jakin batzuk bait ditugu, baina gradu ezberdinetan. Maila hau, gainera, neurtu daiteke. Beraz ez dugu esango Mikel lagunkoia dela eta Ane ez dela lagunkoia, biak gradu ezberdinean lagunkoiak dierala baizik.

Hau guztia horrela izanik ere ez da lan erreza nortasun oso bat ezaugarrien bidez deskribatzea pertsonak nortasun-ezaugarri multzoz osaturiko pertsonalitatea baitugu, ez ezaugarri bakar baten ingurukoa. Psikologoak modu ezberdinetan antolatu eta ulertu dituzte nortasuna osotuko luketen ezaugarri hauek.

Gordon Allport-en nortasun-ezaugarrien teoria: oinarrizko ezaugarriak identifikatzen

Gordon Allport-ek (1897–1967) 4.500 hitz aurkitu zituen ingelesez pertsonalitatea deskribatzeko. Baina zeintzuk dira horien artean oinarrizkoenak? Bere ustez hiru ezaugarri kategoria daude:

  • Ezaugarri kardinalak. Ezaugarri kardinalak ezaugarri bakarrak dira, pertsona baten ihardueraren parterik nagusiena zuzendu, bideratu eta bultzatzen duena. Erabat altruista den emakume batek bere energia iharduera humanitarioetara zuzenduko du, adibidez. Botere-gosea duen gizon bat kontrola izatearen behar sakona izan dezake.
  • Ezaugarri zentralak. Jendearen gehiengoak, ordea, ez du ezaugarri kardinal bakarra garatzen, ezaugarri zentral bezala ezagututako ezaugarri multzoa, baizik. Pertsonalitatearen ezaugarri nagusiak dira, hala nola zintzotasuna, eta nortasunaren gunea osatzen dute. Bakoitzak bost eta hamar ezaugarri zentral bitartean ditugu.
  • Bigarren mailako ezaugarriak. Egoera jakin batzuetan baino ez dute jokabidean eraginik. Adibidez arte modernoa gustokoa izatea edo okelik jan nahi eza.

Raymond Cattell: faktore-analisiaren erabilera nortasuna aztertzeko

Raymond Cattell (1905–1998) psikologo britainiarrak [^2] faktore-analisia izeneko baliabide matematiko bat erabili zuen nortasuna ikertzeko. Faktore-analisia edo analisi faktoriala aldai askoren arteko harremanak aurkitzeko erabiltzen den metodo estatistikoa da, ereduak eta patroi orokorrak emango dituena. Pertsona multzo baten nortasunaren aspektu ezberdinen neurketa aztertu egiten da eta funtzio estatistikoen bidez datu horiek beraien arteko harremanik daukaten ikertzen da.

Honako datuak batzen dira analisirako:

  • Bizitzaren datuak. Indibiduoaren eguneroko bizitzaren datuak batzen dira, mundu errealeko jokabideak neurtzeko asmoarekin. Honen adibide izan daitezke: zenbat auto-istripu izan dituen, zenbat parranda egin dituen azkeneko hilabetean, eskolako batazbesteko emaitza, gaixotzeko maiztasuna, dibortzio kopurua, etab.
  • Datu experimentalak. Laborategian modu objetiboan behatu eta neurtu daitekeen jokabideak esperimentu estandarizatuen bitartez abiarazten dira.
  • Galdetegien datuak. Norbanakoaren jokabidearen eta sentimenduen hausnarketaren ondorio diren erantzunak batzen dira. Cattell horrelako galdetegiek behaketa zuzenaren bitartez atzeman ezin zitezkeen barne-egoeraren xehetasuna detektatu daitekeenaz jabetu zen.

Erantzun hauek lortutakoan konbinatu egiten dira eta pertsona baten ezaugarriak zeintzuk diren aztertzen dira: ezaugarri horien eredu edo oinarrizko patroiak faktoreak dira. Izan ere ezaugarri jakin batzuk beste batzuei lotuta agertu ohi dira. Hortik ateratzen dira faktoreak. Demagun ehun pertsonei egiten diegula galdeketa, eta horien artean eskuzabaltasuna eta lotsa elkarrekin askotan agertzen direlaz jabetzen garela. Horra hor faktoreak aurkitzeko modua.

Hainbat ikerketa eta analisi egin ondoren Cattell-ek nortasuna osatzen duten hamasei oinarrizko faktore pare daudela ondorioztatu zuen. Bikote hauek muturreko ezaugarriak dira, eta beraien artean hamar puntutako eskala dago. Pare bakoitzari dagokionez populazioaren batazbestekoa 4,5 eta 6,5 bitartekoa da. Hona hemen hamasei faktore-pare horien zerrenda:

  1. Isilkorra — maitekorra.
  2. Konkretua — abstraktua.
  3. Erreaktiboa — emozionalki egonkorra.
  4. Xaloa — dominantea.
  5. Serioa — alaia.
  6. Praktikoa — arau-jarraitzailea.
  7. Lotsatia — oso irekia.
  8. Utilitarioa — sentsiblea.
  9. Fidakorra — ernea.
  10. Zentzuduna — abstraktua.
  11. Zuzena — pribatua.
  12. Segurua — antsietate handikoa.
  13. Segurua — kezkatia.
  14. Talderako joera — bere buruarengan konfidantza duena.
  15. Ordena falta jasaten du — perfekzionista.
  16. Lasaia — urduria.

Hans Eysenck: pertsonalitatearen hiru dimentsioak

Hans Eysenck-ek (Berlin, 1916-London, 1997) ere faktore-analisia erabili izan zuen ezaugarri-ereduak aurkitzeko, baina Cattell-en ez zen beste ondorio bat atera zuen. Hysenck-en araberanortasuna hiru dimentsio nagusiren arabera deskribatu daiteke. Hiru faktore hauetariko bakoitzak bost ezaugarri ditu.

Kanporakoitasuna

Dimentsio bipolar honek orokorrean jokabidearen abiarazlea den ugalketarekin eta soziabilitate mailarekin dauka zerikusia. Eysenck-en esanetan dimentsio honen atzean kortexa aktibatzen duen sistema bat dago: zenbat eta kortex aktiboagoa izan, gero eta harreman sozial gutxiagoren beharra. Eskalaren muturrik altuenean kanporakoitasuna dago, eta baxuenean introbertsioa edo barnerakoitasuna.

Kanporakoitasunaren bost ezaugarriak honako hauek dira:

  1. Soziablea (sociable).
  2. Alaitasuna (lively).
  3. Gogotsua (active).
  4. Tinkoa (assertive).
  5. Emozio-bilatzailea (sensation-seeking).

Neurotizismoa

Dimentsio hau egonkortasun psikologikoarekin dago lotua, eta ez da bipolarra mutur batean dagoen ezaugarria baino ez delako patologiakoa. Emozioaren dimentsioa da hau. Dimentsio honen oinarri biologikoak nerbio-sistema autonomoan leudeke.

  1. Arduratsua (anxious).
  2. Deprimitua (depressed).
  3. Erruzko sentimeduduna (guilt feelings).
  4. Autoestimu eskaxekoa (low self-steem).
  5. Urduria (tense).

Psikotizismoa

Errealitateren itxuraldatze mailarekin dauka harremana dimentsio oldarkor (dimensión impulsiva) honek. Bere oinarri biologikoa serotoninaren metabolismoan (omen) datza. Izan ere psikotizismoaren dimentsioa beste biak baino askoz ere beranduago agertu ziren Eysenck-en teorian eta kritika ugari jaso ditu aurrekoak bezain erabilgarriak eta zehatzak ez direlako pertsonen jokabidea aurreikusterakoan. Eysenck joera psikotikoak detektatzeko sortu zuen dimentsio hau, baina egia esan eskala honetan altu puntuatzen dutenek psikotikoak baino psikopatak direla.

Hona hemen psikotikoaren ezaugarriak:

  1. Agresiboa (agressive).
  2. Hotza (cold).
  3. Egozentrikoa (egocentric).
  4. Inpertsonala (impersonal).
  5. Oldartsua (impulsive).

Hiru dimentsio eta hamabost ezaugarri hauei ezker Eysenck-ek modu zehatz batean aurreikus zezakeen pertsona baten jokabidea. Edo.

Bost faktoreko nortasun-eredua

Aurreko kasuan bezalaxe bost faktoreak nortasuna deskribatzeko dimentsio zabalak dira. Faktore bakoitzari lotuta elkarren artean korrelazionatuta dauden ezaugarriak daude. Aurrekoak bezala eredu empirikoa da, datuetan eta behaketan oinarritutakoa. Baina ez ditu ikertzaile bakarrak proposatu, hainbat urteren bueltan ikerlari oso ezberdinek egindako lanean oinarritzen den nolabaiteko adostasunaren ondorio dira. Horretarako faktore-analisia erabili izan dute.

Hona hemen bost faktoreak:

1. Esperientziarekiko irekitasuna

Faktore honi dagokionez alde batean asmatzaileak eta jakin-mina duten pertsonak ditugu, eta bestean erregularrak eta zuhurrak direnak. Artea, emozioak, abentura, ezohiko ideiak, kuriositatea eta esperientzia-aniztasunarenganako estimua neurtzen du esperientziarekiko irekitasunak. Orokorrean kuriositate intelektuala, sormena eta gauza berriekiko zaletasuna adierazten du.

Esperientziarekiko irekitasuna duten pertsonek kuriositate intelektuala, jakin-mina eta edertasunarekiko sentiberatasun handia dute eta artea balioesten dute. Itxiagoak diren personekin alderatuta sortzaileagoak dira eta beraien sentimenduetaz kontzienteago. Gertagarriagoa da sineste ez-konbentzioanalak defendatzea. Holako irekiera kognitiboa daukaten pertsonek erreztasunez pentsatzen dute sinbolo abstraktuen bidez.

Irekieran puntuazio baxuak dituzten pertsonak, aldiz, interes konbentzionalagoak eta tradizionalagoak dituzte. Konplexua, anbiguoa eta zorrotza baino nahiago dute sinplea, zuzena eta nabaria dena. Posible da artea eta zientzia interesgabetzat edo susmagarritzat eduki dezatela. Pertsona itxiak etxekotasuna maite dute berritasunaren gainetik: kontserbadoreak dira eta aldaketen aurkakoak.

Ondoren esperientziarekiko irekitasuna duten pertsonek eman ohi duten galdetegi-erantzun adibideak:

  • Hiztegi aberatsa daukat.
  • Irudimen bizia daukat.
  • Ideia zoragarriak ditut.
  • Gauzak azkar ulertzen ditut.
  • Hitz zailak erabiltzen ditut.
  • Gauzak pentsatzeari denbora ematen diot.
  • Ideiaz beterik nago.

Eta itxiak diren pertsonak, aldiz, horrelakoak esaten dituzte:

  • Ez nago abstrakzioetan interesatua.
  • Ez daukat irudimen handirik.
  • Ideia abstraktuak ulertzeko zailtasunak ditut.

2. Arreta handitasuna

Faktore honi dagokionez alde batean efizienteak eta antolatuak diren pertsonak daude, eta bestean lasaiak eta arduragabeak direnak. Norberaren disziplinarako joera daukate arreta handitasunekoak eta beraietaz espero dena baino gehiago egite joera. Erdiezpenak bilatzen dituzte eta artez jokatzen dute. Gauzak planeatu egiten dituzte, berez edo espontaneoki egin beharrean. Txukunak eta fidagarriak dira.

Arreta handitasuna gure bulkadak nola kontrolatu, erregulatu eta zuzentzen ditugunarekin dauka zerikusia. Antza denez heldu gazteak arreta handitasunaren areagotzea jasaten dute, eta heldu zaharrak, ostera, murrizketa.

Arreta handitasunean puntuazio altua dutenek holakoekin identifikatzen dira:

  • Beti nago prest.
  • Detailetan beti fijatzen naiz.
  • Zereginak zuzenean egiten ditut.
  • Ordena dut gustoko.
  • Ordutegi bat jarraitzen dut.
  • Lanarekin zorrotza naiz.

Puntuazio baxua dutenek, ostera, holakoekin identifikatzen dira:

  • Nire gauzak nonahi uzten ditut.
  • Gauzak nasten ditut.
  • Askotan gauzak bere lekuan uztea ahazten dut.
  • Nire eginbeharrak sahiesten ditut.

3. Kanporakoitasuna

Faktore honi dagokionez alde batean jendekin eta aktiboak (energetic) daude eta bestean bakartiak barnerakoiak daude. Kanporakoiak honako ezaugarriak izan ohi dituzte: energia, emozio positiboak, asertibotasuna, soziabilitatea, hiztuna izatea eta besteekin batera estimuluak bilatzea.

Kanporakoiek kanpoko munduarekin erlazionatzea eta bertan aritzea gustoko dute. Jendeartean egoteaz gozatzen dute eta askotan energiaz beteta daudela esaten da beraietaz. Gogotsuak eta akziorako joeraduna izan ohi dira. Zirarragarriak diren egoeren aurrean “bai!” edo “egin dezagun!” esateko joera dute. Taldeetan hitz egiten dute, beraien buruak errespetarazten dituzte eta atentizioa ematen.

Barnerakoiak gizarte-ekimen eta iharduera maila txikiagoa daukate. Ixila direla, radarraren azpitik hegan egiten dutela, pentsakorrak eta munduarekin ez horren konprometituak ematen dute. Implikazio sozial eskasak edukitzeak ez da lotsaren edo depresioaren adierazgarri. Barnerakoiak kanporakoiak baino denbora gehiago behar dute bakarka egoteko eta estimulazio gutxiago behar dute. Iharduera maila nabarmena izan dezakete, baina ez horrenbeste sozialki, bakarkako ihardueretan baino.

Kanporakoitasunean puntuazio altua dutenek holakoekin identifikatzen dira:

  • Parrandaren arima naiz.
  • Ez zait batera axola arreta-gunea izeatea.
  • Jendez inguratuta eroso nago.
  • Elkarrizketak hasten ditut.
  • Festatan jende ezberdin askorekin hitz egiten dut.

Puntuazio baxua dutenek, ostera, holakoekin identifikatzen dira:

  • Ez dut asko hitz egiten.
  • Bigarren plano batean mantentzen naiz.
  • Ezer gutxi daukat esateko.
  • Ez zait gustatzen atentzioa ematea.
  • Ezezagunen aurrean ixila naiz.

4. Atsegingarritasuna

Faktore honi dagokionez alde batean lagunkoiak eta errukiorrak daude. Bestean hotzak eta ezatseginak. Atsegingarrien joera errukiorra eta kooperatiboa izatearena da. Kontrakoen nortasunean susmagarritasuna eta besteekiko kontrakotasuna dira nagusi.

Atseginak gizarte-harmoniaz arduratzen dira: besteekin ondo eramatea baloratzen dute. Orokorrean adeitsuak, lagunkoiak eta eskuzabalak dira; laguntzeko prest daude eta bere interesak besteen interesekin adostu ditzakete. Atseginak giza-izakeraren ikuspegi optimista izan ohi dute.

Atsegina izatea talde lanerako gaitasunekin positibo korrelatzen bada ere, negatiboki korrelatzen da lidergoarekin. Izan ere taldeetan beraien aburua ozen adierazten dutenek gora egiten dute hierarkian. Bestalde, hitzegiten ez dutenek beraien horretan diraute, jarraitzailetzat hartuak, gainera. Atsegingarritasun-puntuazio altuko pertsonak normalean epelak, lagunkoiak eta sotilak izaten dira.

Ezatzeginak diren persontak beraien interesak besteekin harreman onak izatearen gainetik jartzen dute. Normalean ez dute besteen ongizatearenganako inolako interesik eta ez dira besteak laguntzeko prest egoten. Batzutan besteekiko daukaten susmoak eta eszeptizismoa beraiek mesfidatiak, zakarrak eta ez-kooperatiboak izatea dakarkie. Atsegingarritasunean puntuazio baxua ateratzen dutenek hotzak, zakarrak eta ez-kooperatiboak izaten dira.

Atsegingarritasunean puntuazio altua dutenek holakoekin identifikatzen dira:

  • Jendean interesatuta nago.
  • Besteen sentimenduekin ulerkorra naiz.
  • Bihotz biguinekoa naiz.
  • Besteentzako denbora daukat.
  • Besteen emozioak sentitzen ditut.
  • Jendea ondo eta lasai sentitzea egiten dut.

Puntuazio baxua dutenek, ostera, holakoekin identifikatzen dira:

  • Ez nago benetan besteengan interesatua.
  • Jendea iraintzen dut.
  • Ez zaizkit besteen arazoak axola.
  • Kezka gutxi daukat besteenganako.

5. Neurotizismoa edo ezegonkortasun emozionala

Freudek deskribatutako neurosiarekin ez nahazteko batzutan “ezegonkortasun emozional” hitza erabiltzen da neurotizismoaren ordez. Faktore honi dagokionez alde batean sentsibleak eta urduriak daudenak daude. Bestean, zihurrak. Neurotizismoak haserrea, antsietatea, depresioa edo sentiberatasuna bezalako emozio negatiboak sarri bizitzeko joera dakar eta emozioen egonkortasunaren eta bulkaden kontrol mailen adierazle da. Eysenck-en nortasunaren teoriaren arabera neurotizismoa estresaren edo bestelako estimulu ezkorren aurrean tolerantzia gutxi izatearekin elkarlotuta dago.

Ezegonkortasun emozional handikoek, edo eskalan altu puntuatzen dutenek, behintzat, egoera normale aurrean mehatsuak ikusteko joera daukate, eta frustrazio txikien aurrean itxaropenik gabeko zailtasunak ikusten dituzte. Beraien erreakzio emozionalak luzeegi irautzen dute eta horren ondorioz askotan daude haserre. Horregatik argi pentsatzeko, erabakiak hartzeko eta estresa zuzen kudeatzeko zailtasunak izan ditzakete. Neurotizismo altuak norberak bizitzan lortutakoarekin pozik ez egotea ekar dezake, eta horren ondorioz, depresio klinikoan erortzearen arriskua handia daukate.

Neurotizismo gutxidunek zailago haserretuko dira eta ez dira horren emozionalki erreaktiboak. Lasaiak, emozionalki egonkorrak eta sentimendu negatiborik gabekoak izateko joera daukate. Ikerketek kanporakoitasuna eta eta neurotizismoa negatiboki korrelatzen direla iradokitzen dute.

Neurotizismoan puntuazio altuak dituztenak honakoekin identifikatu ohi dira:

  • Erraz molestatzen naute.
  • Sarri aldatzen dut umorea.
  • Erraz estresatzen edo urduritzen naiz.
  • Erraz haserretzen naiz.
  • Sarritan triste sentitzen naiz.
  • Gauzetaz arduratu egiten naiz.

Puntuazio baxuak lortzen dituztenak, aldiz, beste hauekin identifikatzen dira:

  • Lasai nago denborarik gehienean.
  • Gutxitan nabil goibel.

Nortasun-ezaugarrien teorien ebaluazioa

Nortasun-ezaugarrien teoriak pertsonen jokabidearen azalpen zuzena ematen dute, inkontzientean oinarritutako teoria psikoanalitikoak ez bezala, eta neurri batean pertsonen jokabidearen aurreikuspen aukera bat ere ematen dute. Gainera posible egiten dute pertsona baten nortasuna beste baten nortasunarekin alderatzea. Horregatik pertsonalitatearen neurtze-prozedura askoren abiapuntu izan dira.

Bestalde, teoria ezberdinak ezaugarri sorta ezberdinak proposatzen dituzte eta ez datoz bat ezaugarririk nagusienak eta bereizgarrienak zeintzuk diren esaterakoan. Nortasuna deskribatzen dute, hau da, etiketa jartzen diogu nortasunari, baina ez dute pertsonalitatea azaltzen. Txiroei dirua ematen dien pertsona eskuzabala dela diogu, eta aurreikusi dezakegu egoera ezberdin jakin batzuetan nola jokatuko duen, baina ez zergatik den eskuzabala eta nola eta zergatik sortu zen bereizkotasun hori.