01. Zer da Psikologia?

Nola da posible soinu jakin bat entzutearakoan sinestesikoek kolore bat ikustea? Zergatik nago arrazoirik gabe triste batzutan? Ba al daukate esanahirik nire ametsek? Benetan antzeman dezaket beste errealitate bat drogei ezker? Zergatik daukat horren anai edo arreba alperra? Posible al da hobeto lo egitea? Ulertuko al dut nire burua inoiz?

Psikologia giza jokabidea aztertu eta azaltzeaz arduratzen da. Horrelako hamaika galdera erantzuteko gai aukera izango dugu kurtsoan zehar.


  1. Psikologiaren definizioa
  2. Psikologiak zientzia bezala dituen bereiztasunak
  3. Psikologiaren esparruak
  4. Psikoloriaren ikertze-objektuak

Psikologiaren definizioa

Psikologia hitzak etimologia grekoa dauka. Bi hitzen batueraz sortu da. Alde batetik psyché edo arima. Bestetik logos, arrazoia edo ezagutza. Psikologia, beraz, arimaren ezagutzaren zientzia izango litzateke.

Hona hemen eskolan erabiliko dugun definizioa:

Jokabideak eta jokabideok baldintzatzen dituzten gogamen-prozesuak aztertzen dituen zientzia da psikologia.

Hala ere, William James-ek (1842–1910) erabil dezakegun definizio operatibo errazagoa utzi zigun:

Psikologia bizitza mentalaren zientzia da.

Lehengo definizioaren bukaeratik hasiko gara.

Psikologia zientzia da

Zientzia denez metodo zientifikoa jarraitu beharra dauka. Hona hemen metodo zientifikoaren xehetasun batzuk, psikologiara aplikatuta:

  1. Behaketan oinarritzen da. Zentzumenen bitartez dauka psikologiak azaldu nahi dituen fenomenoen berri. Beharrezkoa izan ezkero behatzeko tresnak eta metodoak ere erabiliko ditu, hala nola erresonantzia magnetikoa edo elektroenzefalograma.
  2. Indukzioz heltzen da ondorioetara. Hau da, kasu konkretu ezberdin asko aztertu ondoren orokortuz jokabidea gobernatzen duten erregulartasunak eta arauak aurkitzen ditu.
  3. Arauok hipotesiak dira, ustezko jokabidearen zergatiak. Ustezkoak direnez egiaztatu beharko ditugu.
  4. Hipotesiak esperimentuen bitartez egiaztatzen dira. Hipotesiak egoera jakin batean nola jokatuko dugun aurreikusten du. Egoera horiek laborategian prestatzen ditugu eta pertsona zein animaliekin praktikan jartzen dira saiakeretan.
  5. Zuzen bageunden gure hipotesia indartu dugu. Gauzak espero genuen moduan ez badira gertatzen esperimentua errepikatu edo hipotesia aldatu beharko dugu. Pausu hau behar bestetan errepikatuko dugu.
  6. Portaerari buruzko ziurtasun batzuk ditugunean eta fenomeno jakin batzuk azaldu eta aurreikusteko ahalmena lortzen dugunean teoria zientifiko bat proposatuko dugu.

Txapa guzti hau, zertarako? Ikus dezazun psikologoek jokabideari buruz egiten dituzten baieztapenak ez direla tabernan lagunartean egiten diren modukoak. Ziurtasun maila askoz handiagoa daukate, edo izan beharko lukete, behintzat.

Horrek, zure amak pertsonak nola tratatu behar dituzun esan dizunean inongo arrazoirik ez zuela esan nahi al du? Ez. Inondik inora. Zuzen egon daiteke. Eta gakoa hor dago, daiteke horrek dakarren ziurtasun ezan. Hala ere, egin iezaiozu kasu amari… gehienetan.

Psikologoek jokabidea aztertzerakoan lortzen duten ezagutza arrazoituta dago, diotenaren zergatiak ematen dituzte eta zergati hauek gertakarietan daukate oinarri, ez entzundako gauzetan edota siniskeretan.

Beraz psikologia diskurtso serioa da. Bere baieztapenak ikertu eta egiaztatu daitezke eta aurkikuntza berrietara moldatu eta eguneratu egiten da.

Gogamena

Gogoa edo gogamena gaztelerazko mente hitzaren baliokidea da. Gogamena gure garunaren funtzio bat da. Hau da, burmuinaren iharduerak gogamena sortzen du[1]. Burmuinik gabe ez dago gogamenik. Baina edozein burmuinek ez du gogamenik sortzen. Dakigunaren arabera, bestelako animaliek ez daukate gogamenik. Horrek ez du esan nahi inolako adimenik edo sentimendurik ez daukatenik.

Zeintzu dira (giza-)gogamenaren ezaugarriak edo funzioak? Kanten (1724–1804) arabera ondorengo hiru hauek dira:

  1. Kognizioa. Gure ezagutzeko gaitasunari dagokio. Sentzazioa, pertzepzioa, pentsamendua, memoria, lengoaia eta sinisteak hartzen ditu barne.
  2. Emozioa. Ez gara arrazionalki pentsatzeko eta jokatzeko makina perfektuak: gure gogamena modu ezberdinean jokatuko du triste, alai, haserre, jeloskor, etab. gaudenean.
  3. Motibazioa. Gauzak ez ditugu egitearren egiten. Jabetu hala ez bultzatu egiten gaituen zerbait egon ohi da. Hori da motibazioa. Egarria, bekaizkeria, diru-nahia, edo bestearen atentzioa lortzea motibazio adibideak izan daitezke.

Baldintzapena

Gizakion jokabidea baldintzatuta egoteak berarengan eragin haundia daukaten faktoreak dihardutela esan nahi du. Gizakiok askatasunez jokatzen dugu, baina ez erabateko askatasunez.

Adibidez. Hegorik ez izateak erabat galerazten du ni hegan egiteak. Beraz, hegan egiteko ezintasuna daukat. Baina bi hankei ezker ibiltzeko gaitasuna daukat. Ibiltzeko gaitasun hori baldintzatuta dago. Hau da, ezin dut edozein modutan erabili, modu jakin batzuetan baizik. Ezin ditut 20m-tako pausuak eman, edo 200 km/h-ko abiadan lasterka egin. Nire ibiltzeko baldintzak direla eta 0–6 km/h-ko abiaduran ibiltzeko gaitasuna ematen didate. Horri esker paseoak egin ditzaket, baina.

Beraz, baldintzapenek mugak eta aukerak ematen dizkigute.

Gure jokabidea ez da hutsean gertatzen: gure garunaren taxuera, gure hezkuntza, eskarmentua, emozioak etabarrekoak baldintzatu egiten dute berau. Eta hainbat gauza sentitzeko eta bizitzeko aukera ere ematen dizkigute.

Erabateko askatasunaren kontrako kontzeptua determinazioa da. Egiten dugun guztia makina bat edo automata bat izango bagina bezala egingo bagenu determinatuta gaudela esango genuke. Jokabide horren adibidea freskagarriak saltzen dituen makinetan topa dezakegu. Makinan diru-kopuru egokia sartu ezkero lata bat eta kanbioa emango digu. Diru-kopurua egokia ez bada, ez du ezer egingo. Izorratuta ez badago, noski. Gizakiok ez dugu beti egoera berdintsuen (dirua sartu, gure adibidean) aurrean modu berdinean jokatzen.

Horregatik guztiagatik esango dugu ez gaudela determinatuta eta ez garela eraba bat askeak, baldintzatuta gaude.

Jokabidea

Gure jokabidea inguruarekin ditugun hartu-emanen edo interakzioen multzoa dira. Ingurunean gertatukakoen aurrean erantzunak ditugu eta barne-egoeraren araberako ekimenak ere baditugu.

Etengabean ari gara gauzak egiten: hitz egiten, ibiltzen, amesten, disfrutatzen, pairatzen…

Ez da posible beste batek zer pentsatzen ari den jakitea, baina posible da zer egiten ari den ikustea. Iharduera hori behatzea da psikologia (zientifikoa). Ondoren jokabide hauen zergatia ematen saiatuko da. Patologiaren bat egon ezkero, hori zuzentzen ere saiatuko da.

Psikologiak zientzia bezala dituen bereiztasunak

Natur zientziek objektu astronomikoak (astronomia); izaki bizidunak (biologia); espazioa, denbora, materia eta energia (fisika); Lurraren osaketa eta dinamika (geologia); eta materiaren osaketa, estruktura eta propietateetaz arduratzen dira (kimika). Zientzia hauen objektuek bizigabeak dira, fisika, astronomia eta geologiaren kasuak. Edo kontzientziarik gabeko bizidunak, biologiak ikertzen duen bezala. Biologiak hasitako bide berri honetan aurrera eginda, psikologiak kontzientziadun gizakion jokabidea aztertzen du, gure dimentsio indibidual zein kolektiboa kontutan hartuta. Eta aurreko zientzien ekarpenak kontutan hartu behar ditu.

Psikologia zientzia kognitiboa, biologikoa eta fisikoa da, baina gizarte zientzia ere bada.

Zientzia kognitibo bezala ezagutza nola gureganatzen dugun, nola gure gogoan irudikatzen dugun, nola transformatzen dugun eta munduan funtzionatzeko nola erabiltzen dugunaz arduratzen da. Horretarako sentsazio, pertzepzio, memoria, pentsamenduak eta lengoaia aztertu behar ditu.

Harriek ez bezala kontzientzia dugunez eta hitz egiteko gaitasuna dugunez gizakiok aztertzea askoz ere zailagoa da. Izan ere gezurrak esan ditzakegu eta ikerlaria engainatzen saia gaitezke, libreki edo behartuta sentitzen garelako. Egia esaten badugu ere gerta daiteke gu egitzat daukaguna oker egotea ere, beraz egia ez den informazioa eman dezakegu nahi gabe eta kontrakoa egiten ari garela konbentzituta. Harri batek ezin digu gezurrik esan. Baina ezin gaitu maitemindu ere egin! Beraz zailagoa da gizakiak ikertzea, baina askoz ere interesgarriagoa. Ez al zaude ados?

Zientzia biologikoa behar du izan. Izan ere iharduera kognitibo guzti hori nerbio sisteman, inmunitate-sisteman eta sistema endokrinoan dauka jatorria. Eta nerbio sistema gure gorputz fisikoaren parte bat baino ez da. Beraz, pentsamenduak bere arauak eta legeak baditu ere biologiaren legeen barruan behar dute egon adierazpen kognitibo guztiak. Animaliekin eta bestelako izaki bizidun guztiekin gauza asko daukagu amankomunean. Kontzientzia ezik beste guztia, esango nuke nik. Beraz sortu, hasi, ugaldu eta hil egiten gara. Goseak eta egarriak jotzen gaituzte. Pasioak eta desioak ditugu, arriskutik aldendu egiten gara eta (k)umeak babesten ditugu. Beste edozein animalia bezala.

Elektrizitatea eta kimika. Organismo biologikoak garen ezkeroztik fisika eta kimikaren legeetara lotuta gaude. Garuna, pankreasa edo listuak betetzen dituzten funtzioak erreakzio elektriko eta kimikoak baino ez dira. Neuronek, garunaren osagarririk garrantzitsuenak, hain zuzen, bere baitan elektrizitatea eramaten dute eta beste neuronekin sinapsietan zehar osagarri kimikoak isurtzeari ezker komunikatzen dira.

Gure gogoa neuroenen ihardueraren ondorioa baino ez bada, erraz ondorioztatuko dugu erreakzio elektro-kimikoen ondorioa baino ez garela. Edo ba al da beste zer edozer? Ba al daukagu gorputzari lotuta ez dagoen gogo, izpiritu edo arimarik? Sentitzen dugun guztia kimikara murriztu daiteke? Ez al dugu aukeratzeko askatasunik? Benetan erabat determinatuta gaudela usteko bagenu erreduzkzioniztak ginateke, gure izatearen parte bat baino ez genukelako kontutan hartuko, eta ez osotasuna. Zientzak dakiena jakinda oraindik badago tarte horren gizatiarrak diren amets, emozio eta proiektuentzat.

Gizakia, izaki gizartekoia. Azkenik, nahikoa konplexutasun ez bagenuen, gizakioz ez gara hutsean, isolatuta bizi, beste gizakiekin batera, baizik, etengabeko interakzioan. Eta hau ez da aukera kontua. Izan ere, ez al dugu besteon laguntzarik behar jaiotzen garen unean bertan, eta hortik aurrera?

Gizartetik kanpo bizirauteko aukerak oso murritzak dira. Ibiltzetik pentsatzera beste gizakien laguntzari esker ikasten dugu. Horregatik psikologia gure izate fisiko, biologiko eta konzienteaz gain gure izakera gizartekoia kontutan hartu behar du. Honek beste “arazo” pila berria dakar. Ez al zen nahikoa konplexua gizaki bakar baten portaera ulertzea, bere aspektu fisiko, biologiko eta kognitiboak kontutan hartuta? Orain besteekin ditugun interakzioak kontutan hartu behar ditugu.

Alde batetik interakzio hauek portaeraren parte direlako. Besteekin hitz egiten dugu, beraien miresmena edo laguntza gureganatzen saiatzen gara, etab. Bestalde besteen jokabideak gurean sekulako eragina duelako. Ez al da garrantzitsua non eta noiz jaio garen, akaso? Aukera eta bizimodu berbera al dauka aberatsen seme den gizonezko zuri batek edo oso familia txiro baten jaio den emakume beltz batek? Beraien jokabideen aldeak ere azaldu beharko ditugu.

Azken finean gizakiok bakarka edo taldean daukagun jokabidea hiru mailatan aztertu beharko dugu:

  1. Psikologikoa,
  2. gizartezkoa eta kulturala, eta
  3. bio-fisiologikoa.

Psikologiaren esparruak

Orain arte gogamen heldu eta normalaz jardun gara. Baina psikologia haratago joan beharra dauka eredu hori ez baita bakarra, inondik inora. Horregatik beste esparru hauek kontutan hartu behar ditu:

  1. Psikologia ebolutiboa. Gogamen prozesuak bizitzaren ziklo ezberdinetan aldatzen doaz. Ez dute berdin hautematen, pentsatzen edo sentitzen umeek, nerabeek, helduek edo agureek. Etapa bakoitzak bere zirkunstantzia propioak ditu eta baldintza horiek gorputzaren garapenarekin lotuta psikologia mota ezberdinak dakartza.
  2. Psikologia konparatiboa. Gizakion portaera aztertzen dugunean gizakiok zer eta nola egiten dugun azter dezakegu. Horren portaera konplexu eta anitza izanda asko dago aztertzeko. Baina ikerlariak ere gizakiak direnez ikertutako objektuarengandik (hau da, beste gizakiengandik) oso hurbil daude. Lagungarria izango litzateke bestelako jokabide mota bat aztertzea gurearekin erkatzeko. Horregatik psikologiak giza-jokabidea aztertzen duen moduan etologiak animalien portaera aztertzen du. Animalien portaera aztertzerakoan animaliei buruzko ezagutza gehitzen dugu, baina baita gizakioi buruzkoa, egiten ez ditugun gauzak ikusten ditugulako animaliengan. Beste modu batean egiten dituztenak, gutxienez.
  3. Psikopatologia edo nahaste psikologikoa. Azkenik normaltzat daukagun prikologia eredugarri horretatik kanpo dauden gaixotasun mentalak ere badaude. Jaiotzetikako arazoak edo arazo genetikoak, istripuz, gaixotasunez edo zahartzeagatik gure pentzatzeko eta jokatzeko moduak erabat alda daitezke. Gogoaren funtzio bakoitza modu gutxitu edota aldrebesean martxa daiteke. Eritasun horiek ikertu beharra dago. Uletzeko eta posible den neurrian konpontzeko, hain zuzuen.

Izan ere esparru hauetan guztietan, gainera, ikerketa zein interbentzio terapeutikoa praktikatu beharra dago.

Psikologiaren ikertze-objektuak

Zeintzu gai ikertzen ditu psikologiak? Hona hemen gai horien zerrenda eta gai bakoitzaren definizio erabilgarri bat.

Ezagutza eta kognizioaren alorra

  1. Pertzeptzioa: Pertzepzioa zentzumenek jasotako informazioaz jabetzen gareneko eta ulertzeko prozesua da.
  2. Kognizioa: Kognizioa pentsatzearen, eskarmentuaren eta zentzumenen bitartez ezagutza eta ulermena lortzean datzan prozesua da.
  3. Emozioa: Emozioak buruaren egoerak dira inguruneko baldintzetara erantzuteko balio digutenak. Horretarako gure gorputzak eta gogamena aldatu egiten dira (fisiologikoki eta endokrinoki).
  4. Izaera: Izaera pertsona batek dituen ezaugarri multzo estrukturadun eta dinamikoa da, beronen kognizioan, motibazioan eta portaeran eragina duena hainbat egoeratan.
  5. Oroimena: Memoria organismo batek informazioa gorde, atxiki eta behar denean atzera berreskuratzeko duen gaitasuna da.

Portaeraren alorra

  1. Portaera: Portaera objektu edota organismo baten ekintza edo erreakzioei buruz mintzo da, normalean ingurunearekiko harremanean. Konzientea edo inkontzientea izan daiteke; irekia edo ezkutua; gogozkoa edo nahigabekoa.
  2. Motibazioa: Motibazioa jokabide edo portaera jakin bat hasi, zuzendu eta mantentzeko ditugun kausak dira. Zer nolako intentsitatearekin ematen den ere kontutan hartzen du.
  3. Pertsonen harteko harremanak: Harreman interpertsonalk bi pertsona edo gehiagoren arteko epe-luzeko asoziazioa da. Asoziazio hori gustatzea edo maitatzea bezalako emozioetan oinarritu daiteke, baina baita negozioen interakzioetan edo beste konpromezu sozialen batean.

  1. Hau askoz ere auzi konplexuagoa da eta honen inguruan eztabaida asko dago eta adostasun gutxi. Berriro ere ulermena adierzteko balio digu eta horregatik erabili dut.  ↩